[Kafe Aleak] Kristina Zoritak Leonard Cohen

[Kafe Aleak] Kristina Zoritak Leonard Cohen –

[Kafe Aleak] Ibon Egañak Nick Cave & the Bad Seeds.

Leonard Cohen

“The Essential Leonard Cohen”
(Sony, 2002
)

.

So Long Leonard

Kafea eta Galletakoek kolaborazioa eskatu zidatenean harritu eta beldurtu nintzen. Harritu urteetan nire hautaketa musikala arrunta, arruntegia izan baita. Ni Benito Lertxundi eta 40 Principales-ekin koskortu nintzen. Ez nuen izan Lluis Llach edota Tom Waits entzun arazten zidaten anai-arreba zaharrik. Ezta Londresetik diskak ekartzen zizkidan lagunik. Eta lanean hasi nintzenean, ekin nion Radio 3 entzuteari.

[Kafe Aleak] Kristina Zoritak Leonard CohenHezkuntza musikal eskas honek beldurtu ninduen. Ezin diska zehatz bat hautatu. Nik diska baino gehiago kantariak maite ditut. Eta horien artean, bat nator Jabier Muguruzarekin: handiena Leonard Cohen da. Kanadiarra proposatu nuenean, “hartuta dago” esan zidaten. Ez nintzen kokildu. “Besteak zein diska aukeratu du?”, galdetu nuen. “1974an kaleratutako The Best bilduma” erantzuna. Eureka. “Nik The Essential hartuko, 2002an argitaratutakoa”. Bost hamarkadako karrera laburbiltzen duen diska. Besteak karreraren hasierakoak aztertuko zituelakoan, nik berriagoez idatziko nuela aginduz, nire nahia bete nuen.

.

Poesia xuxurlatzen duen ahots limurtzailea

“If it be your will that I speak no more … I will no speak more” (If It Be Your Will) 1984ean estrainekoz grabatutako abesti eder honetan Leonardek gehiago hitzegingo ez duela dio bere amodioak horrela nahi badu. Nik ez nioke inoiz hori eskatuko. Hain zuzen, Cohenetik gehien gustatzen zaidana ahots limurtzaile, sakon hori baita. Kritikoen arabera, tenorretik baritonora aldatutako ahotsa, urteen eta tabakoaren poderioz.

Ahots sakonek konkistatzen naute. Ondorioz, ez nioke LC-i isiltzeko eskatuko. Ahots hori ez galtzearren, ezta horren bitartez xuxurlatzen dituen hitz, poesiaz beteriko esaldiak ez galtzearren. Cohenek idazteko dohaia du. Kantez gain, saritutako hainbat poesia liburu eta eleberri publikatu baititu. Eta diska honetan, beste poeta bati egindako omenaldia jasotzen da: 1988an Federico Garcia Lorca-ren “Pequeño Vals Vienés” itzuli eta musikatu zuen “Take This Waltz” sortuz. Granadako poetaren omenez ere, alaba Lorca bataiatu zuen.

.

Amodioaz, heriotzaz eta beste gaitzez

Poesiaz tratatu ditu sexua, maitasuna, gerra eta erlijoa. Abesti berrienetan poesiaz inguratu, politika eta justizia soziala. “Everybody knows” (1988) abestian Sida/Ihesari, erlazioei eta arazo sozialei erreferentziak daude. “Democracy”n (1992) berriz Ameriketako Estatu Batuetan demokraziarik ez dagoela ondorioztatzen du.

Urteetan amodio kanta ederrenetzat jo izan dut “Dance me to the end of love” (1993) . Izugarri maite nuen. Are maitagarriago egin zait jakin ondoren zerk inspiratu duen. Holokaustoan, hainbat exterminazio eremutan, judutarrak gas ganbereetara sartzen zituzten, hiltzera, soka laukote batek jotzen zuen bitartean – “Dance me to your beauty with a burning violin”. LC-en esanetan, bizitzaren bukaerak, ederra, apasionagarria den zeozer dauka. Eta pasio berberetsuarekin errenditzen gara maiteñoari. Heriotza eta maitasuna plano berean.

Abizenak argi uzten du: Cohen judutar da. Urte batzuk, moje budista egin zuen, baina judutar jarraitzen du izaten. Eta luze eta zabal erabili izan ditu erreferentzia biblikoak. Aingeruak eta infernua agertzen dira esaterako “Ain´t No Cure For Love” (1988) kantan; “Hallelujah”n berriz , Sanson, Dalilah eta David aipatzen ditu. Horretan ez nator bat Cohen jaunarekin . Ez naiz erlijosoa. Baina 1984an publikatutako kanta-hereserki honek zirrara sortzen dit entzuten dudan bakoitzean. Kantari askori gauza bera gertatu ote? 200 bat bertsio baitaude. Eta bakanen bat, igual orijinala baino hobea. Jeff Buckley edota KD Lang-ena aipatu didate bakan batzuek. Zuek aukeratu.

Ironikoki nere faboritoenen artean “The Partisan” (1969) dago. Eta ironikoki diot, jatorriz ez baita Cohenena. Asko bertsioneatu duten kantariak berak bertsio bat egiten. Frantziako Erresistentziaren aldeko abestia, errusiar errefuxiatu batek Londresen egina. Frantsesez jatorrian, agian horregatik edo, hainbat pasarte frantsesez ematen ditu Leonardek. Urte askotan iruditu zait bere hiriari, Montreal hiriari omenaldia. Erdi frantsesez, erdi ingelesez bizi den hiriari omenaldia. Multikulturalismoari omenaldia, izatez gerra kanta dena.

Guzti honegatik, ez dut dudarik. Eskaintza onartu diot. Gure, nire gustuko maitale izateko prest dagoen gizonari baietz esan diot, bere diska jarri dudan orotan: “If you want a lover, I’ll do anything you ask me to do. And if you want another kind of love, I’ll wear a mask for you” (I’m your man)( 1988). Inongo maskararik gabe, Leonard Cohen, nire, gure gizona dan.

.

.

Kristina Zorita Arratibel (Donostia, 1968)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek

[Kafe Aleak] Kristina Zoritak Leonard Cohen [Kafe Aleak] Kristina Zoritak Leonard Cohen