Kontaketa erotikoen II. lehiaketa: 8 finalistak

Kontaketa erotikoen II. lehiaketa: 8 finalistak –

"kontaketa erotikoen II. leihaketa"Iritsi da 2021ko abenduan abiarazi genuen Kontaketa Erotikoen Leihaketaren II. edizioaren 8 finalistak ezagutarazteko unea. Epaimahaiak 21 testu irakurri ditu eta jarraian dituzuenak dira aukeratutako 8 lanak, izenburuaren arabera alfabetikoki ordenatuak eta oraingoz, modu anonimoan publikatuko ditugunak; izan ere, 8 finalista hauen lanak baloratzeko aukera emango baitizugu zuri, kaixomaitia.eus eko erablitzaile horri, azpiko bannerra sakatuta ikusiko duzun formularioaren bidez. Epaimahaiak azken erabaki bat hartuko du otsaila amaierarako eta zuen balorazioak ere aintzat hartuko ditugu erabaki horretan. Azken erabaki hori martxoan ospatuko dugun sari banaketan jakingo zaie, zuzenean, 8 finalistei. Mila esker zuen ekarpenarengatik eta zorte on partehartzaile guztiei!

BOZKATU!

1. Azalera

Kosta egin zaizu lo hartzea eta jaiki ere urduri jaiki zara. Egia aitortzera, hitzordua finkatu zenutenetik zaude artega. Emozio eta kezka poxi hori diafragman. Hiru aldiz aldatu duzu kamiseta; bizarra egin duzu; eta ilea orrazteko bigarren saiakeran ari zara: jakina da, batek gehien behar duen egunean jiratzen dela kizkurra ez dagokion aldera. Arrebaren eskuko ispilua konketan bermatuta moldatu behar izan duzu, dagoeneko ispilu orokorrak ez baitizu balio. Emaitzarekin gustura ez eta hirugarrenez hasteko burugaina bustitzear zinela entzun da txirrina.

Irakurri osoa hemen >>

2. Bihotza lapurtu zidan Panpayruna

Zast! Basatiek baino gehiago, ulitxek bukatu behar zuten nire espediziorekin, Jainko ezkristau baten madarikazioa bailitzan. Zast! Mundu zibilizatutik itsaso askotara eta edozein hiritik ehunka kilometrora nengoen, beraz, alferrik zen damutzea. Alferrik urrikitzea. Zast! Bero sargoriak bidea oztopatzen zidan; ulitxek, sugeek, eskorpioiek eta jaguarrek bezain beste. Arropak itotzen ninduen.

Irakurri osoa hemen >>

3. Esnatu

“Aktore izatearekin amets egitea zirraragarriagoa da aktore izatea baino”

Marilyn Monroe

Bigarren garagardoa eskatu dute. Lehenengoak ez dio urduritasuna apaldu Leireri, eta trago luze bat eman dio bigarrena zerbitzatu bezain laster.

—Garagardo zalea haiz beraz? —esan dio Ibaik miresmen keinu batekin. Buruarekin baiezkoa egin eta gaia aldatu du Leirek.

Irakurri osoa hemen >>

4. Gorria

Lurruna hasi da bere lana egiten, giroa hezetu da eta arropa eranzten dut astiro. Gorputza puztuta bezala igartzen dut, bernak batez ere eta zilborra bere lekutik atera nahian dagoela dirudi. Mugikorrean Maioren musika jarri eta kantuan hasi naiz, “Devengo y devendré sin moldes de cristal, como ese brote verde que ha nacido en el umbral. Nos he visto crecer al margen del arcén, la mala hierba es fuerte y también sabe florecer….” Momentu oso berezia da, inork epaitzen ez nauelako. Estribilloa bakarrik dakit, lagun batek bidali zidan aurreko astean linka eta abesti bat baino askoz gehiago izan zen niretzat.

Irakurri osoa hemen >>

5. Inspirazio Basa

Depilatzeko aiztoa hartuta ari da Libe zirti eta zirti. Asteak zeramatzan hankak depilatu gabe. Lau edo bost; agian zortzi. Bi hilabete ia. Total negua, eta total sendagilearenera bisitarik ez, eta abenturarik ez, aurreikus zitekeen ezer ez, ezustekorik ere ez; eta gainera, zer uste du ba sistema zaharkitu honek eta feministok zutik eta nire gorputza da. Eta pasa dira ia bi hilabete eta luzatu zaizkio ileak beltz eta luze, pixka bat zabal ere bai, eta narras kaotiko baso. Barre egin du Libek. Ez baita orain artean konturatu. Zitekeenik ere. Halakorik. Eta beste bi hilabetean utziz gero?

Irakurri osoa hemen >>

6. Itzulera

Kaixo laztana, aspaldiko. Noiz izan zen elkarren parean, elkarri begira-begira egon ginen azken aldia? Faltan botatzen zintudan. Askotan sumatzen dut zure begirada nire gainean, baina azal-azaleko begirada bat izan ohi da. Minutu bakarreko begirada gehienez ere, eta eskuak, zure eskuak, horiek sumatu ere ez ditut egiten.

Irakurri osoa hemen >>

7. Ostera

Gelara sartu zara eta haragiak hartu zaitu. Egunsentia lotsaz sartzen da gortina atzetik, euren azalaren orografia argi-itzalekin nabarmentzeko aski. Bi jabe dituen larruazal bakar bat; bi azal, larru. Gosez bilatzen dute elkar izaren artean, ez dira ohartu ere egin eguna argitzear dela; ez du axola. Ez dute argirik behar elkar ikusteko, braile hizkuntza darie larruan.

Irakurri osoa hemen >>

8. Vänköping-eko sauna

Tximeletak sabelean, suge batek estutuko bailizun barrena, elurretan zehar abiatu zara auzoko saunarantz.

“Zirrara hori mundiala duk!” esan dizu Beñatek arratsaldeko zita aipatu diozunean.

“Sexuaren aurreko urduria, azal berriaren iragartzea, misterioaren aitzineko ezinegona mundialak dituk eta inbidia ematen didak” errepikatu dizu Beñatek, eta zuk agian ez dela ondo aterako, ez dakizula neskak benetan zer nahiko duen, hanka sartzeko beldur zarela.

Irakurri osoa hemen >>

Kontaketa erotikoen II. lehiaketa: 8 finalistak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude