Koldo Zuazua: “`Maixabel’ filmak bizikidetzarekiko eta elkarrizketarekiko konpromisoa erakusten du”

Koldo Zuazua: “`Maixabel’ filmak bizikidetzarekiko eta elkarrizketarekiko konpromisoa erakusten du” –

‘Maixabel’, zalantzarik gabe, Estatuko zinemagintzako film garrantzitsuenetako bat izan zen 2021ean. Horren erakusgarri dira aurtengo Goya Sarietan jaso dituen 14 izendapenak. Koldo Zuazua ekoizle eta filmaren sustatzaile nagusietarikoarekin hitz egin dugu filmaren oihartzunari buruz: “`Maixabel´ filma haratago doa: bizikidetzarekiko eta elkarrizketarekiko konpromisoa erakusten du”.

Koldo Zuazua: "`Maixabel’ filmak bizikidetzarekiko eta elkarrizketarekiko konpromisoa erakusten du”Zein balantze egiten duzue lortutako 14 izendapenetatik?

Izendapen batzuk jasotzea espero genuen, kritika eta ikusle gehien jaso dituen filmetako bat izan delako eta Donostia Zinemaldiko sail ofizialean parte hartzea oso positiboa delako. Izan ere, azken urteotan, Donostian egon diren filmek gero Goya sarietarako izendapenak izan dituzte, eta horrek zerrendetan egon gintezkeela pentsarazten zigun. Gainera, promozio lan oso ona egin dugu, eta horrek ere eragina izan du emaitzan, baina egia den ez genuen hainbeste izendapen jasotzea espero.

Zer espero duzue galari begira?

Esperientziagatik, nahiago dugu ilusio handirik ez egin. Hobe da ezer ez dugula irabaziko pentsatzea, gero desengainurik ez izateko. Nire ustez, Blanca Portillok, Urko Olazabalek eta Alberto Iglesiasek aukera asko dituzte Aktore Protagonista Onenaren, Bigarren Mailako Aktore Onenaren eta Jatorrizko Musika Onenaren sariak eskuratzeko, hurrenez hurren. Gainerakoak iragartzea oso zaila da.

Zer balantze egiten duzue pelikularen arrakastaz?

Oso pozik gaude. Gai hau lantzea erabaki genuenetik dena sinestezina izan da; benetako pertsonaiengana hurbiltzeko modua, haien esperientziak ezagutzea, kontatu diguten guztia eta aurrez aurre ezagutu ahal izatea izugarria izan da. Filmaren exekuzioa ere halakoxea izan da, filmaketa emozio ugariz beteta egon zen, eta pelikulako eszena batzuk zuzenean bizitzea oso hunkigarria izan zen. Egia esan, haratago doan lana da; bizikidetzarekiko eta elkarrizketarekiko konpromisoa erakusten du, eta jendeak hori aintzat hartu du.

Jende askok uste du gai hau fikziozko lan baten bidez jorratzeko beharra zegoela…

Baliteke. Gai hau lantzeko ideia inolako asmorik gabe sortu zen, ez politikorik ez mediatikorik. Lehen pertsonan kaltea egin dutenen eta jasan dutenen ikuspegitik erakutsi nahi genituen gauzak. Asko kostatu zitzaigun aurrera ateratzea, baina azkenean lortu dugu eta hor geratuko da jendeak hausnartzeko aukera izan dezan.

Nola erabaki zenuten lan hau gauzatzea?

Topaketa hauen berri izan nuenean gai interesgarria izan zitekeela pentsatzen hasi nintzen. Hasieran, dokumental-formatuko proiektu bat egitea pentsatu genuen, baina, ondoren, fikziozko lan bat egin genezakeela ikusi genuen. Isa Campok eta Iciar Bollainek aparteko gidoia idatzi dute protagonista guztiekin hitz egin ondoren.

Presioak edo zailtasun handiak izan dituzue?

Horrelako gaietan askotan zaila izaten da kateen babesa aurkitzea, eta pribatuek normalean ez dute lan horien alde egiten. Kate publikoen kasuan, hasieran ezezkoren bat jaso genuen, baina gero, ez dakit zergatik, agian gidoia hobetzen joan ginelako  edo Gobernu aldaketagatik, azkenean gure alde egitea erabaki zuten. Harritu gaituena da filmak ez duela eztabaida sortu.

Bere garaian ‘La pelota vasca’ filmak eztabaida handia sortu zuen, eta honekin berdina gerta zitekeela uste genuen. Horregatik, filma estreinatu aurretik ideologia desberdineko hainbat pertsonari erakutsi genien, eta berehala ikusi genuen nahiko giro adeitsua sortzen zuela. Niretzat gauzarik harrigarriena da ideologikoki, sozialki eta geografikoki oso desberdinak diren sektoreetan iritzi onak sortu dituela. Ezker abertzaleak zein Espainiako eskuin kontserbadoreak ondo hartu duela uste dut.

Zaila izan zen aktoreen zerrenda ixtea?

Castinga Mireia Juárezek eraman zuen, eta bi protagonistak nahiko argi zeuden hasieratik. Gero, bigarren mailakoak Euskal Herrian egindako casting baten bidez erabaki ziren, eta asmoa aktore berriak bilatzen saiatzea zen. Ibonen ama aurkitzea ere nahiko zaila izan zen, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Uste dut Urko Olazabal eta Maria Cerezuela aurkikuntza handiak direla, bikain egiten dutela eta etorkizun ikaragarria izango dutela.

Zein da filmaren nazioarteko ibilbidea?

Hainbat jaialdi garrantzitsuetara eraman dugu, eta salmenta tradizionala ere egiten ari gara leku ezberdinetako banatzaileekin. Dozena bat herrialde baino gehiagotan saldu dugu dagoeneko. Oso pozik gaude harrerarekin.

Zer beste proiektu dituzue gaur egun?

2021 amaieran aurten estreinatuko dugun pelikula bat filmatu genuen, ‘La vida padre’ izenekoa. Euskal gastronomian girotutako tragikomedia da eta Karra Elejalderekin grabatu genuen Bilbon. Gainera, otsailaren amaieran ‘La consagración de la primavera’ filmatzen hasiko gara, Fernando Francoren hurrengo proiektua. Berarekin, dagoeneko, ‘La herida’ eta ‘Morir’ lanak egin ditugu. Serie baten superprodukzioa ere lantzen ari gara.

Koldo Zuazua: “`Maixabel’ filmak bizikidetzarekiko eta elkarrizketarekiko konpromisoa erakusten du”

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.