Koldo Izagirre eta andrazko bat

Koldo Izagirre idazleak Lorea Gernika aurkeztu du jendaurrean, andrazko bat.

Donostiako Liburutegi Nagusian egindako agerraldian, Gorka Arresek egin dio sarrera Izagirreri. Susako editorearen hitzetan, “Lorea Gernika, andrazko bat” da, “amama ere bai. Hiru aldiz ezkondu zen, beste horrenbeste aldiz banatu edo alargundu eta, orain, bere kasa bizi da, nahiko diru badu eroso bizitzeko”.

Koldo Izagirre eta andrazko batBizikletan joaten da hondartzara, filosofia ikastaroan dabil, galleta oso gozoak egiten ditu, kotxea bigarren lerroan utzi izan du eta udaltzainek eraman, lagunekin elkartzen da karta jokoan eta pizza jatera  gonbidatzen du iloba. Lorea Gernika “zuotako edonor izan zitekeen”.

“Detaile ugariz josita dator nobelako kapitulu  bakoitza; hain zuzen horregatik dira laburrak, pieza bakoitza perla bat bezalakoa delako –editorearen aburuz-. Astiro irakurtzea gomendatzen dizuet, ez irentsi, astiro irakurri eta luzatu dastatzen”.

“Gaur egun hain boladan diren telesailetan bezala kapitulu bakoitzak izaera propioa dauka”, jarraitzen du Arresek. “Estiloz eta moldez ezberdinak dira. Ematen du trama ordenatu bat ere ez duela baina kontuz, hasiera eta amaieraren artean bilakaerak gauza oso sutilak dakartza, izan ere idazleak tramaren aurretik jarri ditu estiloa eta pertsonaia. Batzuetan, estiloak eraikitzen du pertsonaia, beste batzuetan pertsonaiak eraikitzen du estiloa”.

Bukatzeko, “umore handiko nobela bat da, eta aldi berean nobela malenkoniatsua”, diote Susatik. “Bi hitz horiekin deskribatuko nuke nik liburua, umorea eta malenkonia”.

 

«Lorea Gernikak zentzumenen bitartez ulertzen du mundua, hunkibera dela erran gabe doa beraz (…) Horrela sailkatzen zuten XIX-XX. mendean gizonezkoek emakumeen literatura, zentzumenen literatura, histeriazko literatura, garuna gizonezkoen jabego pribatua zelako».

 

«Hizkuntza generoen arteko gatazkaren borrokalekua da gaur; literaturaren objektu izatetik subjektu izatera heldu zaigu andrazkoa eta gure hizkera zaharkitu honek ez dio balio (…) Gizonezkoon segurtasuna kolokan ipini duten idazle gazteen lanek hizkera unibertsalera urreratzen dute gure hizkuntza».

 

Prentsarako pentsatua

“Lorea Gernika, andrazko bat”, abiapuntuan prentsarako pentsatutako egitasmo batetik sortua da, idazleak berak aitortu zuenez. “Abandonatu behar izan nuena. Idazten jarri eta luzera gabe pertsonaia nagusitu zitzaion anekdotari, gero eta garapen handiagoa eskatu zidan andrazko honek eta ezinezkoa izan zitzaidan prentsak derrigor behar duen karaktere kopuru zehatz eta  murritzera mugatzea. Hala ere, trinko idazten dudala esango didate”.

Sarrera hau irekitzen duen bideoan, Izagirre berak aurkeztu digu “mundua zentzumenen bitartez ulertzen duen Lorea Gernika”. Hemen duzuen bigarren honetan, nobelan lekuek duten garrantziaz mintzo da idazlea, eta, besteak beste, egungo andrazko idazleek sortu duten literatura berriaz.

Aurkeztu berri duen nobelaren aurretik, “Parisen bizi naiz” poesia liburua argitaratu zuen Izagirrek Susan bertan, duela bi urte inguru. Eta kultur ohiturei buruzko elkarrizketa egin zion ZUZEU-k.

ZUZEUko erredakzio kide