Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak bizkaieraren garrantzia azpimarratuko du

Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak –

Txomin Agirreren “Kresala” obrarekin

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Jarraituaren hamaikagarren edizioak, bizkaieraren garrantzia azpimarratu, eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak ospatu nahi ditu, Txomin Agirreren Kresala obrarekin.

Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak bizkaieraren garrantzia azpimarratuko du Txomin Agirreren “Kresala" obrarekinEkimena Arriaga Antzokian izango da ekainaren 7an, osteguna, eta Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatzen da. Arriagako Plazan egingo den erromeria batekin burutuko da eguna, iluntze partean. Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten dute ekitaldia.

Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleok Klasikoen Irakurketa Jarraitua antolatu dute hamaikagarrenez, ikasturteari amaiera emateko. Hamabi ordu jarraian, 400 bat lagun txandatuko dira Txomin Agirreren obra irakurtzen. Ekitaldia Arriaga Antzokiaren kanpoaldeako pantaila batean eta eitb.eus webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean. Bere aldetik, Azkuna Zentroak Kulturen Atarian jarriko du pantaila bat eta zuzeneko konexoak egingo ditu tarteka.

Irakurketa goizeko 08:00etan hasiko da. Kirmen Uribek zabalduko du ekitaldia eta, ondoren, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu Kresalaren pasarteak jendaurrean. Hauexek izango dira partaideetako batzuk: Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Bilboko Udaleko ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako arduradunak, Andres Urrutia Euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak; Bilbo Zaharra Euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak, kultur eragileak, ostalariak, Gotzaingoaren ordezkariak eta ekonomista, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariak eta abar. Tarteka, munduan zeharreko Euskal Etxeetan grabatutako irakurketa-bideoak proiektatuko dira.

Klasikoen Irakurketari jai giroko bukaera eskaini nahian, musika eta dantza emanaldia izango da Arriaga Antzokiaren parean, Bilboko Gaztedi dantzari taldearen gidaritzapean. Jai honekin euskarazko ikasle guzti-guztiei omenalditxo bat egin nahi zaie baita klasikoak ezagutarazi ere. Horretarako, Bilbo Zaharra Euskaltegiak prestatu ditu Kresalaren inguruko unitate didaktiko batzuk, ikastetxe, ikastola, euskaltegi eta abarretan erabiltzeko eta lantzeko.

Bestalde, Alde Zaharreko eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizioei buruzko argazkiz eta kartelez osatutako erakusketa ikusgai dago egunotan.

.

Kresala

Domingo Txomin Agirre Badiola (Ondarroa, 1864- Zumaia, 1920) euskal idazle eta apaiza euskarazko lehen eleberrigilea izan zen, askoren ustez, eta Euskaltzaindiaren sorreran parte hartu zuen. Haren lan nagusiak Kresala (bizkaieraz) eta Garoa (gipuzkeraz) dira.

Kresala “Euskal-Erria” aldizkarian zatika argitaratu zen lehen aldiz 1901 eta 1904 urteen artean. Bizkaieraz idatzia dago eta itsasbazterreko herrien bizimodua eta herritarren pentsamendu eta ohiturak biltzen ditu, arrantzaleen bizimodua eredugarritzat aurkeztuz. Idealismoaz baliaturik eta maitasun istorio bat tartekaturik, Txomin Agirrek zehaztasun eta bizitasun handiz erakusten digu nola bizi ziren gure arrantzaleak XX. mendearen hasieran.

Eleberri hau aukeratzeko arrazoiak hurrengoak dira, antolatzaileen hitzetan: “Klasikoa delako, bizkaieraz dagoelako, eleberri kostunbristaren ezaugarriak dituelako, erlijiotasun transzendente bat garatzen duelako, naturaz gaindiko indarren apologia egiten duelako eta irakurtzeko irrika sortzen duelako”, besteak beste. Kresalak hizkuntza aberats eta adierazgarria erabiltzen du, elkarrizketa biziak ditu eta bertan pertsonaiak euskaldun on eta txarraren prototipoak aurkitzen ditugu. “Sentimenduetan sakontzen duen euskarazko lehen eleberria da, euskal fikziozko prosaren sortzailea. Itsasoaren usaina du, antzinako gizarte eta baloreak agertzen ditu eta kontserbadurismo atzerakoia ulertzen laguntzen digu”, gaineratu dute.

Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia eta iaz Itxaro Bordaren %100 Basque irakurri ziren Arriagan.

Urtero bezala, Bilbo Zaharra Forumek Arriagan irakurriko den eleberriaren inguruko hitzaldi-sorta batzuk antolatu ditu. Lehenengoa otsailean egin zen. Hurrengo egunetan, Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe arituko dira.

.

BILBO ZAHARRA FORUM  Euskaltzaindian (Plaza Barria), 19:00etan.

  • Ekainak 4, astelehena: Itxaro Borda,“Atzoko eta gaurko kresalak”
  • Ekainak 5, asteartea: Koldo Izagirre, “Arranondotik Trintxerpera Galizian barrena” eta Harkaitz Cano, “Kresalaren haritik, gaurkotasun apunteak”
  • Ekainak 6, asteazkena: Kirmen Uribe, “Haurtzarominak Agirreri”
Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak

Zer duzu buruan “Klasikoen XI. Irakurketa Jarraituak bizkaieraren garrantzia azpimarratuko du”-ri buruz