Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Kulunka Teatro New Yorkeko euskal leihoan

Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Kulunka Teatro New Yorkeko euskal leihoan –

Broadway-ko The Theatre at Saint Clement’s antzokiak euskal sorkuntzari ateak zabalduko dizkio apirilaren 29tik maiatzaren 8ra.

Kulunka Teatroren ‘Andre & Dorine’ ikuskizuna, Mikel Urdangarinen kontzertua eta Kirmen Uriberen azken eleberriaren aurkezpena egingo dira.

New York-eko bihotzean, Broadway-ko The Theatre at Saint Clement´s antzokiak ateak zabalduko dizkio euskal sorkuntzari apirilaren 29tik maiatzaren 8ra. Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiren Estatu Batuetako ordezkaritzak antolatutako NYC Basque Window zikloak antzerkia, musika eta literatura eramango ditu Atlantikoaren beste aldera, New Yorkeko ikuslegoari euskal sorkuntzara hurbiltzeko aukera eskainiz.

Kulunka Teatro antzerki konpainiaren sarituaren ‘Andre & Dorine’ obrak emango dio hasiera programazioari. 2010ean estreinatu zen lan hau, konpainiaren lehenbiziko ekoizpena,  New Yorkera iritsiko da azken hamarkadan zehar mundu osoko 30etik gora herrialdetatik pasa eta gero.

Kirmen Uribe eta Kulunka Teatro New Yorkeko euskal leihoan‘André & Dorine’-ek gaixotasunak astintzen duen adineko bikote baten maitasun istorio hunkigarria kontatzen du. Testurik gabeko antzerki-lan honek maskararen hizkuntza erabiltzen du, bi protagonisten bizitza eta elkar aurkitzea kontatzeko. André eta Dorine beren maitasuna berrasmatzera behartuta egongo dira, oroitzapenak irensten dituen alzheimerra istorioaren antagonista bihurtzen den heinean.

Funtzioak arratsaldero izango dira, astelehen eta asteartetan izan ezik. Asteazken eta ostegunetan 19:00etan, ostiral eta larunbatetan 20:00etan eta igandetan 15:00etan. Emanaldiak apirilaren 29ra arte luzatuko dira eta birak Los Angelesen jarraituko du ekainaren 8tik 19ra.

Euskal literatura Kirmen Uriberen eskutik iritsiko da NYC Basque Window-era. Gaur egun Manhattanen bizi den idazle ondarrutarrak ‘Izurdeen aurreko bizitza’ bere azken eleberria aurkeztuko du maiatzaren 3an, 19:00etan. New Yorkeko Liburutegi Publikoaren Cullman bekak hara aldatu eta Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen inguruko liburua idazteko aukera eskaini zion. Haren biografia amaitu gabea liburutegi horretako 176 kutxatan sartuta zegoen.

‘Izurdeen aurreko bizitza’, pasa den Durangoko Azokan plazaratu zuen Uribek Susa argitaletxearen eskutik, eta haren gaztelaniazko bertsioa da, ‘La vida anterior de los delfines’ (Seix Barral) da Theatre at Saint Clement’s-en aurkeztuko duena. Ekitaldian Idra Novey idazle, poeta eta itzultzailearekin hitz egingo du eleberriari buruz.

Mikel Urdangarinek emango dio amaiera zikloari maiatzaren 8an. Mende laurdena bete da musikagintzan hasi zenetik eta 25 Tour biraren baitan emango du kontzertua Theatre at Saint Clement’s-en, 20:00etan. Rafa Rueda (gitarra elektrikoa) eta Ander Hurtado de Saratxo (perkusioa) izango ditu lagun emanaldian. Elkarrekin, Mikel Urdangarinen (ahotsa eta gitarra akustikoa) ibilbidea errepasatuko eta abesti aipagarrienak joko dituzte.

25 Tour birak Bartzelona, Madril, Logroño, Salamanca eta Londres bezalako hirietara eramango du Urdangarin. New Yorken ere beste kontzertu bat emango du, egun batzuk lehenago, maiatzaren 5ean, Brooklyn-eko Jalopy Theatre and School aretoan.

NYC Basque Window zikloarekin Etxepare Euskal Institutuak une honetan euskal sorkuntzak AEBn dituen presentziak elkartu ditu programazio bateratu batean euskal kulturaren lagin erakargarri bat eskaintzeko asmoz eta New Yorkeko publikoari euskal sorkuntzara gerturatzeko sarbide bat eskaintzeko.

Etxepare Euskal Institutuak, bere helburuen artean du euskal sorkuntza garaikidearen irudi dinamiko eta erakargarria proiektatzen laguntzen duten artista, egile eta sorkuntza-lanen nazioarteko presentzia bultzatzea ikus-entzunezkoak, musika, arte eszenikoak, literatura eta ikusizko arteen alorrean. Horretarako kalitatezko jarduera artistikoak antolatzen ditu eta, nazioarteko eragileekin lankidetzan aritzen da nazioarteko programazio entzutetsuetan (jaialdiak, erakundeak, arte zentroak, bienalak, etab.) euskal sortzaileen parte hartzea bermatzeko.

Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Kulunka Teatro New Yorkeko euskal leihoan