Kimuak programaren ardura hartu du Zineuskadik, Etxeparerekin batera

Zineuskadik, Etxepare Euskal Institutuarekin batera, Kimuak programaren ardura hartu du –

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskal film laburrak nazioartean sustatzeko eta banatzeko bultzatutako Kimuak programa Zineuskadik eta Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen dute azaroaren 2tik. 

Kimuak programaren ardura hartu du Zineuskadik, Etxeparerekin bateraKultura Sailaren erabaki honek ez du inolako aldaketarik eragingo Kimuaken; hau da, 1998an sortu zenetik egiten dituen sustapen- eta banaketa-lanak berdin mantenduko dira. Aurreikusita dago 2022an programa honek jarraitzen duen ereduari buruzko hausnarketa estrategiko bat egitea, orain arte egindako lana ebaluatzeko eta hobetzeko ildoak proposatzeko, bai eta film laburretan islatzen den euskal talentua sustatzeko estrategia integralago bat eratzen joateko ere.

Urtero, katalogo bat osatzen da Kimuak zigiluarekin. Euskadin egindako film laburren aukeraketa horretan kalitate irizpideak hartzen dira kontuan, baita lanek ahalik eta publiko zabalenera iristeko duten gaitasuna ere. Era berean, aintzat hartzen dira laburren orijinaltasuna eta ausardia, euskaraz filmatuta egotea eta EAEko teknikari zein aktoreen parte-hartzea izatea. Katalogoa zinema-jaialdi nagusietara eta ikus-entzunezko ekitaldietara bidaltzen da, film laburren sorta berria nazioarteko publikoaren eskura egon dadin. Euskal Filmoteka zen, orain arte, Kimuak kudeatzeaz arduratzen zen erakundea, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Joan den asteartetik aurrera, aldiz, Zineuskadi da programaren arduraduna, eta Etxepareren laguntza izaten jarraituko du.

23 urteko ibilbidean zehar, Kimuak katalogoek zinegile askoren lanak jaso dituzte: besteak beste, Pablo Malo, Nacho Vigalondo, Borja Cobeaga, Luiso Berdejo, Asier Altuna, Lur Olaizola, David Pérez Sañudo, Laida Lertxundi, Telmo Esnal, Koldo Almandoz, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Bego Vicario, Jon Garaño, Aitor Arregi, Joxemari Goenaga, Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi zuzendarienak.

.

Esther Cabero, Zineuskadiko kide berria

Zineuskadik lan horiek bere gain hartu ahal izateko, Esther Cabero sartu da elkartean, 2011ko uztailetik Kimuak-eko lantaldeko kide izan dena, hain zuzen ere. Caberok Donostia Zinemaldian hasi zuen bere ibilbide profesionala, industriako arduradunaren laguntzaile gisa. 2009an, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako Kultura Sailean sartu zen, eta zinemako programazioan eta erakusketen diseinuan parte hartu zuen. Era berean, nazioarteko hainbat proiektu-batzordetan parte hartu du eta zenbait zinemalditako epaimahaikide izan da.

Bestalde, Txema Muñozek programazio-lanak egiten jarraituko du Euskadiko Filmotekan. Muñozek lotura profesionala du ikus-entzunezkoen munduarekin 80ko hamarkadaren amaieratik, eta Donostia Kulturako Zinema Unitatea eta Euskadiko Filmoteka bezalako entitateentzat lan egin du. Azken hogei urteotan, Kimuak programa zuzendu du, hainbat jaialditako epaimahaia izan da, bai eta proiektuak baloratzeko hainbat batzordetako kide ere.

Kimuak programaren ardura hartu du Zineuskadik, Etxeparerekin batera

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude