Karrika Korrika lehiaketa estreinatuko du gaur gauean ETB1ek

Gaur gauean estreinatuko da telebistan Eriz Zapirainek zuzendu eta Eñaut Gantxegik aurkeztutako Karrika Korrika lehiaketa (ETB1, 22:00). Lehenengo atal honetan Zumaia eta Abadiñoko laukote bana arituko da lehian, Pasai Donibanen. Talde bakoitzak hamar proba gainditu beharko ditu saria irabazteko.

Lehiaketa ginkana moduan antolatua dago. Lehiakideek hainbat pista jarraitu beharko dituzte herriarekin zer ikusia duten galderei erantzun zuzena emateko. Erantzuna asmatu ostean, trebezia, abiadura, indarra eta jakituria oinarri duten probak gainditu beharko dituzte.

Ekoizleen arabera, saioak bi taldeen arteko lehia sanoa sustatuko du. Saio fresko, dinamiko eta entretenigarria egin izana espero dute arduradunek.

Sarandu etxeak ekoitzi du Karrika Korrika, eta zenbait alderditan Transistoria ekoiztetxearen laguntza jaso du. Haritz Rodriguezek hartu du bere gain saioaren zuzendaritza artistikoa, esate baterako.

Eriz Zapirainek hainbat lan zuzendu du lehenago, nola telebistan ala zineman. Bere lan nabarmenenak film dokumentalak dira, hala nola, “Salda Badago” eta “Zai, zoi, bele”.  Azken honekin telebista alorreko Argia Saria jaso zuen. Gainera, zuzendariaren alboko lanak egin ditu “Gazta zati bat” filmean.

Eñaut Gantxegi aktore eta aurkezleak “GoenkaleMugaldekoak” saioetan egin du lan, besteak beste. Haritz Rodriguez kazetaria, bestalde, interneteko bideogintzan aritu da nagusiki azken urteotan.

Kazetaria

Zer duzu buruan “Karrika Korrika lehiaketa estreinatuko du gaur gauean ETB1ek”-ri buruz