Kantuetan Dantzan, ikuskizun berezi eta bakarra

Kantuetan Dantzan, ikuskizun berezi eta bakarra –

  • Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Oreka TX eta Korrontziren abesti ezagunen koreografiak sortu ditu Mungiako Amilotx Dantza Taldeak, baita Mikel Laboa eta Xabier Leterenak ere
  • Urriaren 6an oholtzaratuko dituzte Euskalduna Jauregian zuzeneko musikarekin eta hogeita bost dantzariren partehartzearekin
  • Sarrerak dagoeneko salgai jarri dira Euskalduna Jauregiko webgunean

Kantuetan Dantzan, ikuskizun berezi eta bakarraDana eman behar jako maite dan askatasunari” idatzi zuen Lauaxetak XX. mende hasieran, eta Mungiako Amilotx Dantza Taldeak herriko poetaren esaldia bere egin eta Kantuetan Dantzan ikuskizun berezi eta bakarra sortu du, urriaren 6an Euskalduna Jauregian oholtzaratuko duena “dantza eman behar jakolako maite dan askatasunari”.

Berezia, formatua ez delako ohikoa. Eta bakarra, beste inon ez delako errepikatuko. Horiek dira ikuskizunaren ezaugarri nagusiak. Kantuetan Dantzan-ek Euskal Herriko musika eszenan izen handia duten musikari eta taldeak elkartuko ditu Euskalduna Jauregiko oholtzan; zuzenean ariko dira Mungiako Amilotx Dantza Taldeko dantzariekin  batera. Emanaldiak bi orduko iraupena izango du; denbora tarte horretan abesti ezagunak entzuteko eta zitarako bereziki prestatu dituzten abesti horien koreografiak ikusteko aukera izango da.

Horrela eman dute aditzera gaur goizean Euskalduna Jauregian egindako prentsaurrekoan. Agerraldian Iñaki Goirizelaia, Amilotx Dantza Taldeko irakaslea eta ikuskizuneko koreografia gehienen egilea izan da; eta aldamenean, ekitaldia babestu duten instituzioetako ordezkariak: Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru diputatua eta Ager Izagirre, Mungiako Udaleko alkatea izan ditu.

“Kantuetan Dantzan-ekin batzen gaituen musika eta dantza oholtzan erakutsi nahi ditugu. 2005. urtean Lauaxetaren jaiotzaren 100. urteurrenerako ospakizunerako koreografia berriak sortu genituen; erronka handia izan zen guretzako, baina aldi berean, Euskal Dantzaren munduan ekarpen interesgarri bezain xumea egin genezakeela ohartu ginen. Horrela, kantu ezberdinak aukeratzen eta koreografiatzen hasi ginen. Ordutik hona ugari sortu ditugu, ezaugarri komun batekin: sustraiak eta gure ekarpenak uztartu ditugu. Tradizioa eta modernitatea nahastuz sorkuntzan urrats bat eman nahi izan dugu. Eta nork daki, Xabi Payak gure ikuskizun batean kantatu zuen bezala, gure gaurko dantza berriak etorkizuneko dantza tradizionalak izan daitezke”, horrela laburbildu du Iñaki Goirizelaiak Kantuetan Dantzan ikuskizunaren atzean dagoen lanketa.

Momentuz, “harrera bikaina” izan dutela nabarmendu du eta eskerrak eman dizkiete ekitaldia aurrera ateratzen lagundu dieten Bizkaiko Foru Aldundiari, Mungiako Udalari eta Euskalduna Jauregiari, eta nola ez, Kantuetan Dantzan ekitaldian parte hartzeko gonbita onartu duten musika taldeei.

Jarraian, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Diputatuak hartu du hitza. “Kantuetan Dantzan ikuskizuna geure lurraldeko nortasuna eta talentua agiri-agirian jartzen duen ekimena da. Funtsezkoa da Bizkaian eta Euskal Herrian daukagun talentua proiektatzea, ikusgai bihurtzea eta balioestea, eta pribilegio handia da Euskalduna Jauregia tradizioa eta abangoardia uztartzen dituen ezaugarri honetako ikuskizunaren eszenatoki izatea.”

Mungiako alkatea, bere aldetik, harro agertu da bere herrikideek izan duten iniziatibarekin. “Horrelako erronka bati aurre egiteko gaitasuna edukitzea aipagarria da, baina ez harritzekoa. Ezaguna zaigu daukaten maila. Baina haratago joanez, txalotzekoa da gure herriari egiten dioten ekarpena. Herri batek ez du irauten bere jatorria mantenduz egoera berrietara ez bada egokitzen. Are gehiago, gure moduko herri txiki bat. Eta hori da Amilotxek egiten duena: gure herriaren nortasuna hartu, mantendu, transmititu, egokitu eta adierazteko forma berriak sortu”, esan du Ager Izagirrek.

Musika talde erreferenteak

Kantuetan Dantzan ikuskizunean bost musika taldek partekatuko dute Euskaldunako oholtza. Euskal Herriko musika eszenan izen handia duten taldeak izango direla aurreratu du Goirizelaiak: Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Oreka TX eta Korrontzi. “Eta dagoeneko gurekin ez dauden, baina bere kantuekin hilezko bihurtu diren Mikel Laboa eta Xabier Lete”, zehaztu du. Musika taldeak hautatzeko irizpideez galdetuta, “musika estilo ezberdinak uztartzeko” saiakera egin dutela nabarmendu du, “Euskaldunara gerturatzea nahi dugun publikoa anitza izatea nahi dugulako”.

Kantu horien koreografia gehienak Amilotx Dantza Taldeak sortu ditu. “Euskal dantzetan oinarrituta gure estilo propioa sortu dugu, dantza klasikoa eta garaikidearen eraginarekin. Guztira hogeita bost dantzarik parte hartuko dute. Musika taldeak aukeratzeko irizpide bera jarraitu dugu, estilo ezberdinak nahastuz”.

Iñaki Goirizelaiak azaldu duenez, koreografiak sortzeko momentuan “gure barnean zerbait mugitzen duten estilo ezberdineko musikak eta taldeak aukeratu ditugu. Barruko har hori mugitzen denean, koreografiak sortzea posible da, nolabaiteko deiadar baten moduko sentsazioa da. Era berean, erritmoak eta letrak erakargarriak behar dute izan, eta askotan, bizitzan izandako esperientziekin lotura estua dute”.

Ekitaldia Xabier Payak gidatuko du, eta zenbait sorpresa izango direla iragarri dute aurkezpen prentsaurrekoan, baina “sorpresak urriaren 6an argituko dira”.

Sarrerak, salgai

Kantuetan Dantzan ikuskizunerako sarrerak dagoeneko salgai daude Euskalduna jauregiko webgunean (www.euskalduna.eus), 18 €ko prezioan. Prentsaurrekoa amaitu aurretik, urriaren 6ko zita urrun egon arren eguna agendan gordetzeko gonbidapena luzatu dute. “Lagunartean edota familia giroan ikustera etortzeko modukoa da. Sarrera erosten duten guztiak ez dira damutuko. Eta gainera, gero kontatu ahal izango du bertan egon zela, ikuskizuna ez baita errepikatuko”.

Kantuetan Dantzan, ikuskizun berezi eta bakarra

Kantuetan Dantzan, ikuskizun berezi eta bakarra