Kamusarri, Ziburuko olerkari ahantzia

Kamusarri, Ziburuko olerkari ahantzia –

Jan Battitt Kamusarri Murgi 1815eko otsailaren 17an sortu zen Ziburuko Pokalet karrikako etxe batean. Aita itsasgizona zuen eta Jan Battitt jaio zen urte berean hil zen arrantza istripu batez. Jan Battitt Kamusarrik bi hilabete zituen orduan. Ziburuko eskolan ikasi zuela pentsatzen badugu ere, ez dugu inolako daturik hau zehazteko. Jakin badakigu, Baionako Lacroix apezpikuak Kamusarri gaztea apeztu zuela 1838an.

Kamusarri, Ziburuko olerkari ahantzia

1838-1839 ikastaldian, Larresoroko seminario ttipian aritu zen irakasle. 1840. urtean, Donibane Garaziko bikario izendatu zuten. Tamalez, osasun arazo larriak zituenez, berehala itzularazi zuten Ziburura, bere amaren etxera eta bertan bizi izan zen zen 1842ko agorrilaren 21a arte, hau da, tuberkulosiak eraman zuen arte. Hil zelarik, hogeita zazpi urte zituen.

Apezaz gain, olerkaria zen, erromantiko eta sentimendu handikoa. Ez du ematen gehiegi idatzi zuenik, osora hogeita bat olerki ezagutzen baitizkiogu. Larresoroko seminario ttipian irakasle izan zenean, arrasto nabarmena utzi zuen ikasle gazteen artean. Joan Batista Elizanburu, 1855, 1858, 1862 eta 1866ko Lore Jokoetan irabazle izan zena eta Grazian Adema “Zaldubi” 1873ko Lore Jokoetan irabazi zuena Kamusarriren ikasle izan ziren 1838-1839ko ikastaldian. Biak punta-puntako olerkari eta kantu-egileak izan ziren. Badirudi, bere ikasleetako batzuek Kamusarriren olerkiak kopiatu eta atxiki zituztela. Beraiek salbatu zituzten ahanzturatik.

Baionako Euskal Museoan badira horietako hiru eskuizkribu. Osora hemeretzi olerki. Horiei gehitu behar zaizkie Piarres Lafittek 1963. urtean Herria astekarian plazaratu zituen hiru olerki gehiago. Hogeita bat olerki horietako gehien-gehienak erlijiosoak badira ere, badira bestelako gaiak jorratzen dituztenak ere: Zumalakarregi, Harizpe jenerala, bertsolari txarrak, marinelen bizimodua… Hala eta guztiz ere, heriotza da gehien agertzen zaigun elementua, ziur aski zuen eritasunak eraginda. Fedea, euskaltasuna, ametsak, libertatea, adiskidetasuna, euskal historiatik hartutako aipamenak,…. dira Kamusarriren poetikan aurki ditzakegun beste osagaiak. Baliteke gehiago idatzi izana, baina zoritxarrez gaur ez dugu ezagutzen.

1986an Jean Haritxelarrek “Basa-koplariari” olerkiaz gogoeta sakona plazaratu zuen. 2006an Luis Haranburu-Altunaren zuzendaritzapeko Hiria argitaletxeak Kamusarriren olerki guztiak bildu eta “Poema minberak”  izeneko liburuan plazaratu zituen. Haranburu-Altuna berak sei orrialdeko kapitulua eskaini zion 2011n, argitaletxe beraren bitartez, plazaratu zuen “Atarikoak. Parnasoa” izeneko liburu ederrean. Aipaturiko testuan Kamusarriren erromantizismoa ederki aztertzeaz gain, erabiltzen zituen estilo eta irudi poetikoen berri ematen digu. Luis Haranburu-Altuna dugu, dudarik gabe, Kamusarriren obra hobekien aztertu duena.

Nik, nire aldetik, Kamusarriren olerkien hainbat aipamen labur egin nahiko nituzke.

Itsasgizonez honela dio Marinelaren kontrapasa olerkian: Marinela / zuk laket aize bizia! / Ez astio, / uhainen jantza-jauzia / bainan nunbait / lore bat, dena grazia / begi urdin, / sudur motx, ilhe hartzia / zure beha / badago urthe guzia… // Marinela, / lanjerra duzu ikasi: / Zonbait neska / hor gaindi ere ikusi, / bakar batzu / ez baizitzaizun itsusi; / Ba ahal zira / hetarik eman ihesi, / ez baitautzu / bihotza nehork ebatsi!

Bertsolari txarrez honela erraiten digu. (Basa koplariari): Tripa arnoaren suaz / duenian berotua, / ergelkeria kantaz, hausten dautzute burua. // Zerratu behar badire / presondegian zoroak, / zerra beraz, zerra ere / basa koplari erhoak. // Ezin detzake arrima / lau bertsu txar elgarrekin, / ez baditu, o lastima! / lokarritzat lau hitz zikin.

Garai bateko bertsolari onez, berriz, honela dio: Non dira bada, orai, koplari euskaldunak, / herritarren loriak hunkitzen tuenak? / Zer ari dire bada! Non da heien karra? / Orai dute euskaldunek, bai, heien beharra.

Bere eritasunaz garrazki kontatzen digu. (Ene liraren ahuenak): Amaganik urrun dela, / gaitzak hartu du haurra. / Amaren zorte krudela! / Haurra doako hiltzera; / Bere haurra hil galduz geroz, / amak du hil beharko: / Ez bide da bizitzekotz, / haurra gabe biziko.

Jaungoiko ahaldunaz honako gogoeta egiten du. (Ene liraren ahuenak): Jauna, zuk ene bizia / hartu nahi baduzu, / zu zare ene nausia. / Zurea da, har zazu. / Gogotik dautzut emaiten, / Jauna, ene arima, / zure eskuetan dut uzten / hiltzerakoan, ama.

Euskal Herriaz honela erraiten digu. (Aments-herria): Aita, zer ari gare uraz hunaindian / bethi gogoa ilhun, bethi beldurrean? / Hobe ginuke, hobe, izarren bidean, / neure gau hauietako amentsen herrian!

Eta adiskidetasunaz honako hau. (Anaiak bezala): Bizitzen ahalko gare alegre eta sano / bethi anaiak bezala. / Gutartean arrotzik ez, junta gaiten elgarri, / joloskeriak utzirik. / Anaia lagun, anaiak gaztelua iduri: / Ez du nehoren beldurrik.

Euskaldunez. (Zumalakarregi): Euskaldunen arrazak irauten dueno, / euskaldunek euskaldun odola duteno, / nik sentitzen ditiat ene zainak sutan, / sukarra sartua duk, bai, ene fuñetan, / hartzen diat guduko euskaldun tronpeta, / goraki detzadantzat euskaldunak kanta.

Zumalakarregiren heriotzaz. (Zumalakarregi): Galdu duk euskalduna hire esperantza, / ikusak hedatua haren gorputz hotza! / Ah! Zure justizian, gure jendeari, / eman izan diozu kolpe handi hori!

Harizpe jeneralaz. (Harispe jeneralari): Eskualdunen loria, gure urgullua, / agur Murde Harispe, zaldun ospatua. / Zu kantatzeko, jauna, trunpeta dut hartu, / behatu batez, otoi anima nazazu. / Egotu naiz herabez, orai arteraino, / ez baitut aski dohain zure laudatzeko, / aspaldi izan banu behar zen antzea. / Eder izanen zautan zure  kantatzea. / Ordean gehiago ni ezin nagoke, / aski gai, aski antze, ez izanik ere, / nahi zaitut, Harispe, nolazpat laudatu, / eskualdun jenerala, eskuaraz kantatu.

Eta gertu ikusten zuen heriotzaz honela erraiten digu. (Menditik nola doa): Menditik noa doa / ura itxasorat, / hala ni banihoa / lasterka tonbarat; / Akabo da akabo / neretzat denbora, / banoa sekulako / hilen herritara. // Bildotsari otsoa / nola zaio lotzen, / arranoak urzoa / nola baitu hartzen, / hala nau herioak / kruelki sesitzen. / Oi! Ene heiagorak / ez du ez hunkitzen. // Aspaldian fuinetan / nakarken sartua, / hilherrirat naraman / min pozoindatua / dolorezko ohean / otai itzatua, / sentitzen dut zainetan / odola hoztua. // Zihoa nola baitu / su gorriak urtzen, / hal´ene bizia du / gaitzak iraungitzen; / Ez dut ez gehiago / sentitzen bizirik, / hil baino lehenago / hila naiz jadanik. // Trunko baten pareko / ohean etzana, / ene gorputza dago / gaitzak hurren jana; / Ezin ditazke higi / ene menbro hotzak; / mihia daukat lodi, / begiak zorrotzak.

Gaur, zoritxarrez, Kamusarri aski ahantzia dugu, eta zer erranik ez Ziburun, bere sorterrian, non abantzu nehork ez duen ezagutzen. Ongi merezi luke, ene ustez, tokitxo bat gure gogoan.

Kamusarri, Ziburuko olerkari ahantzia
Kamusarri, Ziburuko olerkari ahantzia
Kamusarri, Ziburuko olerkari ahantzia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia