[Kafe Aleak] Myriam Garziak Txuma Murugarren

[Kafe Aleak] Myriam Garziak Txuma Murugarren –

[Kafe Aleak] Ibon Egañak Nick Cave & the Bad Seeds.

Txuma Murugarren

Nire anaiaren kotxeko argiak
(Gaztelupeko Hotsak, 2004
)

.

Irrati Gauak

[Kafe Aleak] Myriam Garziak Txuma MurugarrenNire oroimenaren ahots ezkutua Txuma Murugarrenena da. Sasoi Ilunak taldea desegin eta 2000tik aurrera, bakarkako ibilbideari ekin zionetik, “Nire Leihoak” (Oihuka, 2000) diskoarekin, beti interesatu zait Sopuertan bizi den oreretar honen ekarpen musikala. Poparen eremuan aritu izan da beti, baina musika estilo baten aukeraketa baino gehiago, honek balio izan dio barruak husteko, hain gustuko ditugun istorio bereziak kontatzeko. Kritikak aipatu du Txumaren trebetasuna kantuak egiteko orduan, baina kantugile petoa bada ere, istorioen kontalari bezala nabarmendu da -ez bakarrik musika arloan, hainbat komunikabidetan zutabegile aritzen da eta Bilbo Hiria Irratiko Musika-bla irratsaioa aurkezten du-. Neskak, maletak, abioiak, irratia, gaua, hotelak… bere abestietan errepikatzen diren elementuak dira, hari honi jarraiki ibiltzea gustuko baitu. “Nire anaiaren kotxeko argiak” (Gaztelupeko Hotsak, 2004), pop eremutik elektronikara egindako saltoa da, Templar and Birdyrekin batera ekoiztu baitzuen disko hau, Txumaren disko kutunetako bat. Berarekin batu gara disko honetaz hitz egiteko, eta bat-batean piztu zait nire oroimenaren argi gorria.

“Ez dut irratian nire abestirik entzun,
gosari legea egin eta larruazala
ez dut topatzen inon, hotel batean utzita seguru”

Horrela hasten da “Nire anaiaren kotxeko argiak” diskoa, “L’homme” sarreraren ostean, “Desintoxikazioa” abestia. “Abentura polita izan zen diskoa Templar eta Birdyrekin batera ekoiztea. Aspalditik nuen elektronikarekin zerbait egiteko gogoa, soinu enlatatuak eta soinu organikoak nahastuz. Oso lan ederra egin zuten. Gainera, soinuak espresuki disko honentzako dira sortuak, 0-tik sortuak dira”. Abentura hitza gustuko du Txuma Murugarrenek, disko baikoitza lerro desberdindu batez landu baitu, inoiz ez du errepikatu estiloa, eta proposatzen dizudan laugarren disko hau, ez zen gutxirako izan. Egun laguntzen duten musikariek lagunduta grabatu zuen diskoa. Hauexek dira: Natxo Beltran (bateria), Ekaitz Hernandez (baxua), Rafa Rueda (gitarra), Rafa Aceves (teklatuak) eta bera, Txuma (ahotsa eta ekoizpena). Disko hau, boskote honek grabaturiko bigarrena da, “Gauak, neskak eta maletak” (Gaztelupeko Hotsak, 2002), diskoaren ostean, eta esan dezakegu, zalantza izpirik gabe, taldearen sendotasunaren isla garbia dela, Txumak elektronika eremuan egiten duen abentura honetan lagun. “Grabazioa benetan izan zen berezia, baina lerro elektroniko honekin jarraitzerik ez dago, errepikakorra izan daitekeela iruditzen zait”.

“amaieran beti goizaldeko orduetan,
nekea benetan hasi baino ez den
egun berri honetan”

Baina ba al du Txumak anaiarik? Eta zer demontre gertatzen zaie bere kotxeko argiei?  “Bai, (kar, kar) badut anaia bat, eta bere kotxean gindoazela bururatu zitzaigun diskoaren izenburua. Kotxeko argiak argiztatzen duten eremuari begiratzen diogula, eta eremu honetatik kanpo gelditzen denari ez diogula arretarik jartzen komentatzen ibili ginen. Hau, beste eremu batzuetara aplika daiteke, telebistan agertzen dena existitzen dela, eta agertzen ez dena ez, irratian agertzen dena bada eta ez dena ez… eta honek elbarri edota gaixo egiten gaitu, eta hala ere, pentsatzen dugu aukeratzeko parada dugula. Gizakia gaixo dago… eta gau horretan izan nituen sentsazioak bildu nahi izan nituen izenburu horrekin”.

“izebaren bainugelan topatu ditut pastillak,
nerbioak baretzeko paranoide batek eginak,
ez dut aspaldian lagunekin hitz egin
desintoxikatzen ari naiz”

Artea eta sorkuntza erabat desmitifikatuta dauzka Txumak. Izan ere, disko bakoitza hasi eta bukatzen den arte lana dela uste du abeslariak. “Disko bat aurrerapausoa izan daiteke baina hau denborari dagokio, arte edota sorkuntzari dagokionez, aurrekoa gainditu duzula suposatzen du, eta ez dut uste horrela denik, normalean. Disko berri bat, edertasunaren bila egiten duzun saiakera berri bat da. Erabateko edertasun baten bila, eta ez dago erabateko edertasunik. Ala agian, badago baina beti besteengan, zugan ez. Nire kantu batek ez luke sekula lortuko, nirea baita akastuna, hain da nirea ez dela inoiz izango erabateko edertasun horren isla. Nire disko guztiak ikusten ditut berdintsu, denboraren pasatzean. Egia da, “Nire anaiaren kotxeko argiak” disko berezia dela, oso ausart jokatu genuelako, eta emaitza gustuko izan nuelako, eta horregatik nire diskoetatik kutunetako bat da”.

“eta orain bizitza nire oinen azpian
ziztuka, kilikarik ere ez dit egiten urdanga zikinak,
maiz oroitzen naiz kontzientziaren marra ikusezina
zeharkatu gabe nengoela artean, bizitzak
orduan bazuen mamia, ez zen azal hutsa”

Bi motatako abestiak biltzen dira disko honetan Txumaren aburuz, batzuk pop-rock estilokoak, betidanik gustuko izan dituenak, “baina badira beste batzuk esperimentalagoak. “L’homme” eta “Desintoxikazioa” abestiak oso esperimentalak dira, aldiz, “Atzerriko neska” edo “Laurogeiko hamarkada” kantuek pop-rockaren ildoari jarraitzen diote. Bestetik, “La maladie” Rafa Aceveesek egindako piano pieza zoragarria da, txikia baina txikitasun horretan handia. “L’etre” behin eta berriz errepikatzen den abestia, gure akatsak errepikatzen diren moduan, obsesio baten antzera, gero eta nabarmenago, kendu ezinik. “Lantu luzea” arraroena da, sartu edota ez sartu ibili ginen, ez baitago ezer organikoa, dena da makinak tratatua baina diskotik kanpo ikusten nuen, nahiz eta diskoaren filosofiarekin bat etorri. Tekno eremuko klasikoagoa ikusten dut, aldiz gainerako abestiak ikuspuntu moderno batetik  eginak izan dira. “Desintoxikazioa” abestia oraindik erabiltzen dugu zuzenekoetan sarrera gisa, oso identifikatzen naiz abesti horrekin, melodia gabekoa dela iruditzen zait, grisa eta iluna, bluesaren parekoa, hala ere, kantua oso sakona da. “Atzerriko neska” ere oso gustuko dut, nire obsesioetako bat baita, atzerritik etortzen denaren atzean zer dagoen, nondik datorren, zergatik dagoen hemen… Pena da zeren eta disko honetako abesti asko, diskoan geratu baitira, batzuetan zuzenekoetan jotzen ditugu baina…”.

“gela handiegi batean, orain bezala, gela handiegi batean,
eta oraindik gogoan dut gela horretan zinela zu,
gogoan zaitut…”

.

.

Myriam Garzia (Elgoibar, 1968)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek

[Kafe Aleak] Myriam Garziak Txuma Murugarren 

[Kafe Aleak] Myriam Garziak Txuma Murugarren

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude