[Kafe Aleak] Egoitz Irizarrek BAP!!

[Kafe Aleak] Egoitz irizarrek BAP!! –

[Kafe Aleak] Egoitz irizarrek BAP!!

.

BAP!!

“Zuria beltzez” (Basati Diskak, 1992)

 

[Kafe Aleak] Egoitz irizarrek BAP!!Kafea eta galletakeko jendeak istorio honi buruz hitz egin zidanean, asko pentsatu gabe BAP!! taldearen Zuria beltzez diskoa aukeratu nuen, musikalki, asko markatu nauen diskoa izan delako, musikak pertsona bat gehien markatzen duen unean harrapatu ninduelako (15/20 urte), gertuko talde bat izan zelako eta hauek eta gauza gehiagorengatik, nire bizitzaren jatorrizko soinu bandan leku berezi bat duelako aukeratu nuen.

Gerora, pentsatzen jarrita, disko bat baino gehiago, niretzat musikalki garai bat markatu zuten diskoen artean dagoen bat dela konturatu naiz, 1990 eta 1994 urteen artean RRV-aren (Rock Radikal Vasco) amaiera izan zen niretzat; ordura arte BAP!! taldearen taulakideak izan zirenak (RIP, Cicatriz, Kortatu, Eskorbuto, Zarama eta abar) alde batera utzi, eta mugak urrutiratzen hasi nintzen garaia izan zen (Urban Dance Squad, Bad Brains, Fishbone, Fugazi…). Euskal Herrian ere, BAP!!-ekin batera hasi ziren erritmo berriak jorratzen zituzten taldeak aurrera ateratzen: Bizkar Hezurra, Orgasmic Toothpicks, Dut edota Negu Gorriak.

Zuria beltzez 1992. urtean argitaratu bazen ere, nik garai honi hasiera 1990. urtean eman nahi izan diot, ez nuelako pasatzen utzi nahi BAP!!-ek Mikel Laboaren omenez egindako Txerokee diskoan sartutako Gogo eta gorputzaren
zilbor hesteak abestia, nire ustez abesti horrekin batera koka daitekeelako BAP!!-en soinu berriaren hasiera, musikalki trantsizio bat izango balitz bezala. Mikel bateria-joleak (Eneko abeslariaren anaia), Txanpiren ordez sartu zenak, grabatu zuen lehen abestia izan zelako eta BAP!!-en amaierara arte egongo zen formazioaren lehen pausoak zirelako. Honekin batera, Jomesen gitarrak eta Drakeren baxuen soinua teknikoagoa egin zen, bateriaren erritmo aldaketak oso nabariak ziren eta Enekok askoz ere erregistro gehiago sartu zizkion bere kantatzeko erari.

Abestien hitzetan ere, …bidehuts eta etxehuts diskoan bezala, badaude denuntziarako parada ugari, baina bigarren disko honetan gai intimoagoak ere nahasten dituzte (sexu harremanak, Haur jolasak; drogak, Ni eta ni; edota gaixotasunak H.I.E.S.) orain arte jorratutako gaiekin batera (euskara/hizkuntza Celosamente gordea; edota desinformazioa Zuria beltzez). Hitzak, hala ere, orain arteko diskoen antzera, ez dira denak pertsona berberak eginak, Enekok, Drakek, Xabi Ansak edota Hernaniko Euskal Herrian Euskarazen testu bat egokitua.

Baina esan bezala, lehenengo diskoarekiko aldaketa handiena musikan datza, erritmo aldaketa ugari, gitarra garbiagoak, Drakek baxuan duen teknika, ahotsaren melodiak edota bateriaren geldiune horiek. Ordura arte Euskal Herriko musikan oso ohikoak ez ziren gauza asko zituen disko honek. Urteen poderioz Andoaingo gaztetxetik pasa ziren talde kanpotarrak ikusiz ikasitakoak dira BAP!!-eko taldekideak, eta ziurrenik hortxe gertatu zen punketik hardcorerainoko aldaketa hori.

BAP!! izan zen, euskaraz hardcorea egiten entzun genuen lehen taldea. Ameriketatik heldutako Bad Brains edota Minor Threat taldeen bideoetan ikusitako zuzeneko ikaragarri haien tamainako kontzertuak bizitzen erakutsi zigun taldea izan zela ere esan genezake. Asko zor diogu BAP!! taldeari eta Zuria beltzez diskoari, nire uste apalean.

.

Egoitz Irizar Caballero (Beasain, 1975)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek

Egoitz irizarrek BAP!! Egoitz irizarrek BAP!! Egoitz irizarrek BAP!! Egoitz irizarrek BAP!!