Sautrela 387. saioaren aurrerapena (Josu Martinez)

Josu MartinezZoritxarrez, gure historiaren zati handi samarra hartzen du kartzelak. Hainbat belaunalditako kideek ezagutu izan dute espetxearen heze-ilunak. Ondorioz, logikoa denez, literaturan ere presentzia izan du kartzelak hala gai moduan nola idazleak giltzapean idatzi zuelako.

Aste honetako saioaren ardatza, bada, kartzela izango da. Josu Martinez zinemagile eta idazle bilbotarra izango dugu gurekin argitaratu berri duen liburuari buruz mintzatzeko. Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak izena du eta hamar erreportajek osatzen dute, kartzeletatik egindako hamar ihesaldiri buruzkoak. Tene Mujika beka irabazi zuen liburua idazteko eta halaxe osatu ditu kronikook, batzuk aski ezagunak (Iñaki Pikabea eta Joseba Sarrionandiaren Martutenekoa, Segoviako ihesa) baina beste zenbait ziur aski herritaren gehiengoarentzat ezezagunak direnak. Denetarik aurkitzen da: kartzela kanpotik barrura sartu eta espetxeratuak ateratzen dituztenak, anaiarekin vis a vis batean trukatuz gauzatutakoa, espetxe barruan bertan ihes egindakoak… Istorio harrigarriak, nagusiki ihesaldietako partaideekin eginiko elkarrizketa bidez ezagutuko ditugunak.

Horrekin lotuta, gure iraganeko erreportajeetatik kartzelako literaturari buruzkoa berreskuratuko dugu. Kartzelan idatzi izan zuen Mikel Ibarguren preso ohi eta idazleak esanikoaz gain, Mikel Soto editorearen eta Jokin Urain idazle presoaren laguntzaile izan zen Jose Luis Otamendiren iritzia jakingo dugu. Nolakoak dira idazteko baldintzak kartzelan? Ze historia dute espetxeak eta presoek euskal literaturan? Zer ezaugarri ditu kartzelako literaturak?

Azkenik, saioaren bukaera aldera Beñat Sarasolak Arantxa Iturberen lehen liburua izango du hizpide: Ezer baino lehen. Aurretik hainbat sariketetan sariak lortu bazituen ere, huraxe izan zen Iturberen estreinako lana, ipuingile gisa ibilbide nabarmen bat irekiko zuena. Ipuinon ezaugarri nagusiak aletuko dizkigu Sarasolak.
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Zer duzu buruan “Sautrela 387. saioaren aurrerapena (Josu Martinez)”-ri buruz