Jorge Gimenez: Digitalizazioa eta Internet, jakintza eta komunikazioaren aliatu dira

Hogei bat argitaletxek osatzen duzue Euskal Editoreen Elkartea. Zerk bultzatu zintuzten elkartzera?

1984an sortu zen editoren elkartea, eta garai hauetan, euskal edizioa jaioberria zen, nolabait esateko. Baziren enpresa batzuk gaur egun ere badirautenak editoreen elkartean, baina ez zegoen hain garbi zein toki izango zuen Editoreen Elkarteak etorkizunean. Gauza bat da liburuak argitaratzea, eta beste bat, kultur proiektu baten arabera argitaratzea. Asmoa ez zen elkarte defentsibo bat sortzea, euskararen defentsa lana egiteko; asmoa euskal liburugintza bera munduratzeko, modernizatzeko, eta erronka berriei aurrera egiten laguntzeko aukerak sortzea zen. Bai zabalkundean, eta baita lehiaren munduan ere.

Zer bilakaera izan du azken urteetan Editoreen Elkarteak?

Euskal liburugintzarako ezinbesteko da instituzioekiko elkar lankidetza bat bermatzea. Ibilbide honetan euskal kulturaren industriak aurrera egiteko denon beharra dauka eta uste dut, ardatz honetan, benetako aurrerapausuak eman direla. Beti izan dugu amets, argitaletxe eta instituzioen arteko harremana eskabide hutsetik, lankidetzara pasatzea. 25 urteren ostean hori lortu dela esatera ausartuko nintzateke, eta modu iraunkorrean mantentzen den ildoa da. Bestalde, euskal industriaren gizarteratzean ere dihardu elkarteak, eta horri dagokionean, balore batzuen zabalkundean lan egin dugu urteotan, idazleen eskubideen aldarrikapenean, liburugintzaren sustapenean… eta emaitza horiek askotan zaila da ikustea, ez da horren argi jakiten gizartean zenbateraino eragiten duzun. Momentu honetan, liburugintzaren sektorean mugitzen den jendeak, esango nuke, baduela iritzi bat, eta bagaituela erreferentzietako bat ere. Baloreen defentsan batik bat.

Eta gaur egun, zein norabidetan lan egiten du?

Instituzioekin harremana mantendu eta Editoreen Elkarte gisa erreferntzia bat izateaz gain, hirugarren faktore bati heldu nahi diogu bereziki: nazioarteratzea, hain zuzen. Urtean hainbat azokatan parte hartzen dugu, Frankfurt eta Mexikoko Guadalajaran, besteak beste. Madrileko Azokan ere txoko bat eginez gure produkzioa munduratzen saiatzen gara.

Zer esango zenuke eskaintzen diola euskal liburugintzak jendarteari?

Komunikazioa eta jakintzaren trafikorako euskarri batzuk eskaintzen dizkio: dijitala, paperezkoa, eta etorriko direnak. Horrekin batera, euskal liburugintzak estilo bat ere eskaintzen dio jendarteari. Eta kultur industria baten presentzia bera, alegia, komunikazio eta jakituriaren edukiak era profesional batean zaindu eta transmititzeaz arduratzen gara.

Jendarteak euskal liburugintzari beste horrenbeste eman dio…Noski, ezinbesteko soportea da jendartea. Harentzako argitaratzen dugu.

Hain sonatua den krisiak eraginik izan al du zuenean?

Bai, halabeharrez. Neurri diferenteetan eta ez argitaletxe guztiok berdin, baina eragin du, bai, zalantzarik gabe. Kontsumoa jaitsi den heinean, sektore honetan ere nabaritu da beherakada. Liburu dendetako itzulketak, hile amaieretako zenbakiak…

Horri jarraituz, dijitalizazioak eta internetak bere alde on eta ez hain onak izango ditu…

Bai. Baina azpimarratu nahiko nuke soporte berriak ez direla etorri soporte zaharren kontra. Bizikidetzan izango dira paperezko euskarriak eta dijitalak luzaroan. Alde on bat azpimarratuko nuke: dijitalizazioa bera komunikazioa eta jakintzarekin eskutik helduta doa, liburugintza bezala. Dijitalizazioa eta internet, jakintza eta komunikazioaren aliatu dira, eta hala ulertu behar ditugu. Ez etsai gisa. Gauzak behar bezala egiten asmatu behar dugu, eta hori da gure erronka.

Euskal Editoreen Elkartearentzat zer da Euskal Liburu eta Disko Azoka?

Urteko unerik garrantzitsuena, dudarik gabe. Test handi bat, gure lanen oihartzunak oso era zehatzean neurtzeko aukera ematen diguna. Komertzialki ere une erabakiorra askotan, eta aukera paregabe bat gure lana gizarteratzeko. Jendearengana heltzeko gune eta une aproposa.

Digital hitza ez dator

Irudia | Digital hitza ez dator “hatz”etik | Wikimedia | Creative Commons By SA

Jorge Gimenez: Digitalizazioa eta Internet, jakintza eta komunikazioaren aliatu dira