Jon Benitoren galderak

pic by WordRidden
pic by WordRidden

Distantziak egun ezerezean geratu direla dio batek baino gehiagok. Nik, ordea, asteazkenean jaso nuen igandeko Berria, eta gaur irakurri dut Jon Benitok Amy Hempel idazleaz idatzi artikulua.

Oso interesgarria osoro, lehen zatiak eman dit atentzioa: liburuen gustagarritasunaren inguruko galdera sortak. Bere baimenik gabe (barkatuko ahal dit) itaunak hona ekarri nahi izan ditut, inork erantzunik balu:

“Zergatik gustatzen zaizkit liburu batzuk? Eta zergatik ez zaizkit beste batzuk gustatzen?

Zein irizpidek arautzen ditu gustuak? Nik hautatzen ditut? Eta ez banaiz ni, nork? Modak, unibertsitateak, kanonak, aldizkari espezializatuek, antologiek, sariek moldatzen al dute nire gustua? Eragiten dute batere literatur kritikarien azalpenek?

Zenbateraino baldintzatzen du liburua irakurri dudaneko une historikoak eta modak? Gustatu edo disgustatzeko arrazoinamenduek bere horretan iraungo dute bihar eta etzi eta hamar urtez? Aldagarriak dira gustuaren irizpideak (denboran eta geografian, adibidez)?

Irakurri nueneko lekuak badu zer ikusirik? Oparitu zidan pertsonak edo erosi nuen dendak? Egoera animikoak, ekonomiaren ahulak, enpatiarako ahalmenak? Iritzi politiko eta sozialek, kezka afektiboek, arazoak hitzez azaltzeko ezintasunak?

Gustatzen zaizkidan liburuak al dira onak? Zer da liburu on bat eta zer txar bat? Zeren arabera esaten dut ona dela? Zein dira liburu on baten ezaugarriak? Ez aspertzea? Teknikan birtuosoa izatea? Orain arte inork egin ez duen zerbait ekartzea? Besteen ezberdina izatea?

Zer eskatzen zaio liburu bati gustagarria izateko?”

SIN DUDARIK GABE

Zer duzu buruan “Jon Benitoren galderak”-ri buruz

  • Ufa… nondik hasi? Tira, egingo dut zer edo zer esateko saiakera, ezinezko galderak beti baitira tentagarriak.

    Hasteko, “zergatik” hitzarekin hasten diren galderak ez ditut erantzungo. Ematen du kausa-efektu logika bati erantzuten diotela, eta hori ez dut oso argi ikusten.

    Galdera interesgarria iruditzen zait “Zein irizpidek arautzen ditu nire gustuak?”, oso lotuta ikusten baitut nortasunaren eraikuntzarekin (eta pertzepzioarekin). Ez dut uste irakurleak, oro har, irizpide konkretu batzuk jarraitzen dituenik bere gustua osatzeko. Batzuk agian iraunkorragoak dira, beste batzuk unean-unekoak, baina esango nuke gustu-kontuak beti daudela lotuta norbere burua ikusteko moduarekin, eta nola ez, norberak gizartean azaltzeko duen moduarekin.

    Argi dago gustuan eragiten duten irizpideak aldakorrak direla, eta faktore ugari daudela jokoan (esate baterako, galderetan aipatzen diren “animo egoera”, “enpatiarako ahalmena”, “geografia”, eta abar).

    Liburu on eta txarren arteko bereizketa, ordea, nahiko nahasgarria iruditzen zait. Platerekin konparatzen badugu, agian, argiago ikusiko dugu. Arraultza frijitu parea, adibidez, plater ona al da? Unearen eta lekuaren arabera, noski. Vichyssoise bat, arraultza frijituak baino plater hobea al da? Adibide horretan ere, berdin.

    Baina busti nadin pixka bat, eta esan dezadan niretzat liburu onak (plater onak bezala) derrigorrez izan behar duela eraginkorra. Zerbait eragin behar duela, alegia, eta zerbait horrek probetxuzkoa izan behar duela irakurle zein jalearentzat. Horrek ez du esan nahi derrigorrez atsegina izan behar duenik.

    Era berean, aurreiritziak ere oso garrantzitsuak dira. Zer espero dugun, eta zer jasotzen dugun. Esperotakoa ez da inoiz betetzen, baina nik uste “ona” dela esateko, esperotakoa bete baino gehiago, aurreiritziak gainditu egin behar dituela.

    Tira, eman ditugu hainbat jira eta buelta, azkenean betikoa esateko: dena dela denaren araberakoa. Baina bitartean, sikiera eman ditugu buelta batzuk…