Jon Arriagak “Johnny Cash At San Quentin” (Kafe Aleak)

Jon Arriagak “Johnny Cash At San Quentin” (Kafe Aleak)

7884581148e30ccb73a24dfa45b62e09_XL.

Johnny Cash

“Johnny Cash At San Quentin” (Columbia, 1969)

.

Bidelagun leiala

Norbanakook pentsamendu sinplistarako joera daukagu eta, mentalitate kutre horri esker, pentsatzea ekiditen dugu. Gai edo gertaeren jatorri eta zergatietan sakondu ordez, aurreusteez baliatzen gara. Aro digitalean iritziek ez dute balio, pentsatzetik posizionatzera pasatu gara. Egoera berri horren adibidea da yankiek ezarri, eta gurean ere oso modan dagoen leloa: “gurekin zaude edo gure aurka”.

Jon Arriagak "Johnny Cash At San Quentin" (Kafe Aleak)Dibertsitateak dualismoari eman dio bide. Bia bilakatu da munduko errege berria. Jada ez daude mila aukera; errealitatea ikusi eta ulertzeko ditugun betaurrekoek bi aukera eskaintzen dizkigute soilik kasu bakoitzean. Batzuk onak diren bitartean, besteak txarrak dira. Batzuk ezkerretik doazen bitartean, besteak eskuinetik doaz. Irabazleak eta galtzaileak daude. Zuri-beltzezko munduan bizi gara, etadiotenez, ez dugu inoiz lortuko ostadarra harrapatzea. Dena da zuria ala beltza.

Bada, nik aukeran beltza nahiago dut. Ze arraio, maite dut beltza! Konnotazio desatseginez josita dagoen kolorea da, baina hala ere, atsegin dut. Kolore beltzak esanahi ederrak dakarzkit burura; kolore beltzak oroitzapen goxoak dakarzkit burura. Beltza da gaua. Eta ze arraio, maite dut beltza! Beltza da Johnny Cash.

Eta ze arraio, maite dut beltza!

Egia esan behar badut, ez dakit noiz entzun nuen lehen aldiz musikari estatubatuarraren izena; bere abestiren bat lehen aldiz noiz entzun nuen ere ez. Agian, bizitzan zehar ibiltzen ditugun lerroetako batean oinez nindoala izango zen. Edo akaso, Folsomeko espetxearen ondotik igarotzen zen trenean bidaiatzean izango zen. Edo izan liteke, Renoko kaleren batean, pistola batek tiro egitean entzun izana. Edo besterik gabe, kalean nire ondotik pasatutako Susana izeneko mutil batek abestu izana.

Ez dakit noiz ezagutu nuen, baina badakit inoiz ez dudala ahaztuko. Eta beste askok ere ez, izan ere, bere musikak ez ezik, bere izaerak egin du Johnny Cash ahaztezin. Janzkera garrantzitsu bilakatu den garai honetan, jarrerak ahantzi ditugu. Eta Johnny Cash zerbait baldin bazen, jarrera zen. Abesti umoretsu eta serioak, baina beti kritikaz eta ironiaz beterik. Garratza eta goxoa aldi berean. Mezuak eta musuak. Barru-barrutik abesten zuen, eta dena ateratzen zitzaion esfortzu handirik egin gabe. Kakalarri handia duzunean gertatzen den bezala. Plausta!

Mundua zuri-beltzezkoa da, espetxeak ordea, beltzak dira. Ilunak. Hotzak. Galtzailez betetako ghettoak dira. Ondo zekien hori Cashek, bera ere, preso egondakoa baitzen. Hala ere, ez zen inoiz ahaztu ahaztuekin eta espetxe bat baino gehiagotara eraman zuen bere musika. Ilun zeuden tokiak argitzeko asmoz. Toki hotzak epeltzeko asmoz. Jendaurrean biluzik, gitarra eskuan eta sentimenduak ahoan zituelarik.

1964ko otsailaren 24an, Kaliforniako San Quentin espetxera hurbildu ziren Johnny Cash eta enparauak. Kontzertu hori Granada TVkoek emititu zuten, baina lehenbizi, abesti zehatz batzuk ez jotzeko eskatu zioten Cashi telebistakoek. Musikariak ez zien jaramonik egin, eta kontzertua hasi eta berehala, ondorengoa esan zien presoei: “Telebistakoek esan didate zein abesti jo behar dudan eta zein ez, baina hemen guk nahi duguna egingo dugu, eta zuek nahi dituzuen eta nik nahi ditudan abestiak joko ditut”.

Konplizitate ikaragarria sortu zen hasieratik Beltzezko gizonaren eta presoen artean. Eta konplizitate hori klimaxera iritsi zen Johnny Cashek egun horretarako espresuki konposatutako San Quentin abestia jotzean. Presoek hala eskatuta, abestia bukatu eta segituan berriz jo zuen abesti bera. Ia berrogeita hamar urte pasa dira egun hartatik, baina diskoa entzuten dudan bakoitzean, ileak tente jartzen zaizkit. Beraz, imajinatu ere ezin dut egin bertan egon zirenek momentuan bizi eta sentitu zutena zer izan zen. Johnny Cashek berak aitortu zuen urte batzuk geroago egun horretakoa ikaragarria izan zela, espetxea puskatu etadenek bertatik ihes egiteko besteko indarra eta giroa sortzeko modukoa.

Munduan dagoen dualismo bera egongo da espetxeetan ere, beraz, egunaren eta unearen arabera, presoak preso sentituko dira edo aske. Ziur nago, kontzertu horrek iraun zuen bitartean San Quentinen zeuden gutxi sentituko zirela preso. Musikaren magia. Magia Beltza. Eta ba al dakizue zein zen Johnny Cashek espetxeetan kontzertuak ematearen arrazoia? Espetxeetan sufritu eta torturatu egiten dela. Horrelakoa zen The Man in Black, irabazletzat kontsideratzen zuten arima galdu bat.

Nik ere sarri pentsatu izan dut, eta geroz eta argiago daukat, guk uste baino jende zintzoagoa dagoela espetxeratuta. Eta guk uste baino jende gaiztoagoa dagoela barroteetatik at. Eta Johnny Cash entzuten jarraitzen dut nondik gatozen, nor garen eta nora goazen ez ahazteko. Eta mundu dual honetan aske sentitzeko.

Jon Arriaga Olabarria (Markina-Xemein, 1986) musikazalea

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Jon Arriagak / Jon Arriagak / Jon Arriagak
diskoak, johnny-cash, Jon Arriaga, Kafe Aleak, musika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude