Jon Ander Urresti aktorearen “Eucalyptus” proiektuak irabazi du Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka

Jon Ander Urresti Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka –

Jon Ander Urresti aktorearen "Eucalyptus" proiektuak irabazi du Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka

Sortzaile bermeotarrak antzelana sortuko du “eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartzeko”. Beka 15.000 eurokoa da eta 2023. urteko Azokan aurkeztu beharko du.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, “egileak eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu gogoeta berean gure jendarteak kolpatzen dituen kezka sozialak eta erronkak”.

Jon Ander Urresti Durangoko Azokako bosgarren Sormen BekaJon Ander Urresti aktore bermeotarrak irabazi du Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka, “Eucalyptus” izeneko proiektuarekin. Urrestik azaldu duenez, antzezlan berri honen helburua eukaliptoaren errelatoa kontatzea izango da “Zerbaitek esaten dit baduela zer esan gutaz. Azken finean gure paisaiaren parte da. Eta hau bilatzeko bide eta forma eszenikoa erabiliko da, antzerkitik eta dantzatik gertu kokatu nahi dudan poetika batean”. Aktoreak Durangoko Udalak babestutako 15.000 euroko diru-laguntza jaso du, eta urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko, hau da, hurrengo urteko Azokararte. Antzezlan berri hoen protagonista, beraz, eukaliptoak izango dira: “Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako”. Bermeotarrak azaldu duenez, “periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin”.

Epaimahaiaren hitzetan, “proiektuak lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun. Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak. Hain zuzen ere, planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude. Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak”.

Epaihamaia honako kideek osatu dute: Oier Guillan aktorea, Leire Vargas idazlea, Jon Maya dantzaria, Arantza Arrazola Durangoko San Agustin Kulturguneko zuzendaria, Aurelie Pousset Hendaiako kultur programatzailea eta Gerediaga elkarteko kide Asun Elorriaga idazkari lanetan. Nabarmendu dutenez, proiektu honek “Jon Ander Urrestik sortzaile gisa izan dezakeen bilakaeran pausu bat gehiago izan daitekeela iruditu zaigu, ahots eszeniko propio baten bila”.

Jon Ander Urresti (1992, Bermeo) Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan graduatua da eta hainbat antzerki-taldetan ibili da aktore lanetan. “Tribiz, baserri galdue” gradu amaierako lana antzezlan bihurtu zuen, eta bertan bere familiaren baserri eroriaren inguruko kontakizunak bildu zituen. “Horman Poster” kolektiboko kide da eta “Antigone edo ezetzaren beharra” antzezlanarekin 2022ko Donostia Saria irabazi zuten. Gaur egun, Artedrama eta Axutek ekoiztutako “Hondamendia” antzezlanean buru-belarri dabil, Zaldibarko luizia kontatzen duen antzezlanean. Azken hilabeteetan, bere baserriko korta sormen eszenikoak egiteko espazio bihurtu du.

Bihar, abenduak 9, kulturaren plazaren hirugarren egunera helduko gara. Egun berezia izango da, lehenengo aldiz Azokak gazteentzako egitarau berezia antolatu duelako, “Gazte EztanDA!” lelopean. Eguerdian gazte-bazkaria antolatuko da; hitzordua Landako plazan izango da (euria egitekotan aterpedun leku batean egingo da). 17:00etan euskal kulturarekin lotutako jinkana antolatu du EuskarAbentura ekimenak (saria Ez Kexaren eskutik jasoko du), eta 19:00etan elektrotxarangen txanda izango da. Elektropottotte eta OstiKda taldeek Durangoko kaleak girotuko dituzte.

Iazko sormen bekaren irabazleak egindako lana ezagutzeko ordua helduko da: Ibai Aizpuruak “Barrak” sakelako telefonoentzako bideojokoa aurkeztuko du, 10:30ean Kabi@n. Goiz osoan zehar, gune horretan gamer gela izango dugu Game Erauntsia taldekoen eskutik, eta arratsaldean Rolariak taldekoak izango ditugu.

Irudienean oso egun anitza izango da biharkoa, askotariko ikus-entzunezkoak izango ditugulako: podkast bat, film laburrak, websailak, umeentzako zinema, dokumentala… Eguna “Mari, ixilik nahi gaituztenean” film emanaldiarekin amaituko da, 18:30ean. Egunero bezala, Saguganbaran liburu-aurkezpen ugari izango ditugu, eta 13:00etan “Paperezkoak, altxor bat hilero” egitasmoa aurkeztuko da.

Ahotsenea sosaldietan, Mikel Alvarez, Leire Milikua, Nerea Ibarzabal eta Andoni Urzelai izango ditugu, besteak beste. Plateruenako oholtzan, Kokein bezalako ibilbide luzeko taldeak banda hasiberriekin tartekatuko dira, Mirua, Lumi edo Ilargi kasu.

Szenatokiko antzerki-arinen maratoian hiru talde arituko dira: “Amaya” (Amaia Lizarralde eta Olatz Lizarralde), “Nire zigilua” (Alain Lersundi) eta “Kilimaterioa” (Kaitin Allende, Oihane Perea, Iratxe Ibarra eta Irati Anda).

Bestalde, 18:00etan “Itzulpena elkartasuna da” hitzaldia antolatuko da Durangoko Museoan, Durangoko Azokan lehen aldiz parte hartzen duen Pol-len edicions argitaletxearen eskutik. Bertan Euskal Herriko literatura, poesia, komikia eta saiakera katalanez aztertuko da.

Biharko Durangoko Azokako egitarau gaurkotua eta sortzaileen sinaduren ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke.

Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratu du Ikasle Goizaren eztandarekin

930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiago

Durangoko Azokako spot-a eta playlistak

Jon Ander Urresti aktorearen “Eucalyptus” proiektuak irabazi du Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka