Jolas egiteko tartea

HitzpasaKostaldean bizi direnak, hondartzara joateko egun paregabea dute gaur: Igandea + aparteko eguraldia. Barnealdean bizi direnak ere ez dute plan txarra: Igandea + mendia. Dena dela, badago hirugarren talde bat: eguzki izpietatik ihesi, ekaineko egun sargori hau lehenbailehen amaitzea nahi dutenak. Igandea etxean fresko-fresko eta lasai eman nahi edo behar duzuenontzat, jolas entretenigarri bat proposatzen dizuet: Hitzpasa, zuen hiztegia probatzeko eta aberasteko jolasa.

Hitzpasa Maite Goñi irakasleeta blogariak garatutako jolasa da. Pasapalabra telebistako lehiaketa ezagunean oinarrituta dago, baina euskaraz. Helburua emandako hiztegiko definizioen esanahia aurkitzea da; horretarako, hitzaren lehen hizkia bakarrik izango duzu pista bakartzat. 26 definizioren esanahia aurkitu beharko duzu 240 segundotan, bat alfabetoko hitz bakoitzeko. Hiru zailtasun maila daude. Horrez gain, hitzpasa tematikoak ere daude aukeran, gai jakin bati buruzko ezagutzak probatu nahi badituzu: pintura, hedabideak, teknologia berriak…

Ausartzen al zara?