Jokalekurik ez Paradixu Zinemarentzat

Zarauzko Paradixu Zinema zineforum taldeak atzo bere facebook orrian plazaratu zuen komunikatua dakargu ZUZEUra, Udalak egindako eskaeren aurrean Frontoi Txikian egitekoak ziren proiekzioak bertan behera uztea deliberatu dute-eta.

Jokalekurik ez Paradixu ZinemarentzatDagoeneko bi urte igaro dira Paradixu Zinema martxan jarri genuenetik. Zinemaz gozatzeaz gain, filmak jendartea eraldatzeko tresna ere badirela sinisten dugun talde txiki bat gara. Hilean bitan elkartzen gara Putzuzulo Gaztetxean eta herritar ororentzat emanaldiak antolatzen ditugu, filmak ikusi, merienda goxoak prestatu eta solasaldi interesgarri bezain aberasgarriak izanez. Herriko beste talde batzuekin elkarlanean ere egin izan ditugu zineforumak, hala nola, Zarauzko mugimendu feministarekin. Nabarmentzeko modukoa iruditzen zaigu gure ekimenetara adin eta jatorri anitzeko jendea gerturatzea lortu dugula.

Udako gau-giroa aprobetxatuz eta beste urte batzuetan ere egin izan den moduan, Paradixu Zinema kalera ateratzea pentsatu genuen iaz, gure lana gaztetxetik kanpo ere ezagutarazi eta herritar gehiagorengana hurbiltzeko. Horrela, bi film ikusi genituen Frontoi Txikian.

Pasa den udan egJokalekurik ez Paradixu Zinemarentzatin bezala, aurten ere Frontoi Txikian hiru film jartzeko asmoa genuen. Elektrizitate eta argiztapen egokirako udalari eskaera egin eta baimena genuelakoan (beraiek hala esan baitziguten) lehen filma ipini genuen uztailaren 16an. Aipatzekoa da hurbildu ginen gazteez gain haur eta helduak ere gerturatu zirela.

Bigarren filmerako data heltzear dela, udalari eskatutako baimenaren erantzun ofiziala heldu zaigu. Bertan, orain arte eskatu gabeko baldintzak ezarri dizkigute, tartean 150.000 euro arteko asegurua eta 300 euroko fidantza bat.

Paradixu Zinemak ez du inongo etekin ekonomikorik ateratzen egindako proiekzioetatik. Guk borondate truk funtzionatzen dugu. Informazio kartelak, film osteko mokaduak eta gaztetxera ekarri izan ditugun zuzendari edota film-egileen gastuak, emanaldietan jendeari eskatutako borondateari esker ordaindu ditugu. Ezin diogu udalak eskatzen digun gastuari aurre egin. Ez gaude ados gu bezalako talde bati horrelako baldintzak eskatzearekin. Gainera, ez dugu uste film-emanaldi ia arriskurik duenik. Horregatik eurekin biltzea erabaki genuen gure iritzia helarazi eta akordio batera iristeko asmotan. Udalaren erantzuna berdina izan da berriro ere, baldintzak horiexek direla. Ulertzen dugu kalean ekimenak egiteko baldintzak ipini behar izatea batzuetan, baina gure film emanaldietarako neurrigabekoak irizten diegu baldintza horiei.

Guk kultura kalean ere egin daitekeela sinesten dugu, eta halaxe frogatu izan dugu, herritik herriarentzat eta denon eskura jarriaz. Udalak, horrelako ekimenen aurrean zerbait egitekotan, lagundu eta erraztu egin beharko lituzkeela iruditzen zaigu. Baimena lortzeko ezarri dizkigun baldintzekin argi dago oztopatu besterik ez duela egiten gure ekimena.

Aipatu bezala, baldintza hauei aurre egin ezinda eta balizko isunei aurre egiteko gogorik ez dugunez, Paradixu Zinemako kideok bertan behera utzi ditugu Frontoi Txikian ikusi behar genituen bi filmak. Edozeinentzat irekia dagoen Putzuzulo Amets Fabrikan izango dira ikusgai udarako azken bi emanaldiak.

Eskerrik asko orain arte gurekin momentu, iritzi, sentipen, istorio, borroka, bizipen eta filmak elkartrukatu dituzuen guztioi. Paradixu Zineman ikusiko gara!

Paradixu Zinema zineforum taldea

Jokalekurik ez Paradixu Zinemarentzat

artikulu interesgarriak ...