Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa

Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa –

Historiaren patu beltzak galtzaileen aldean jarri gaitu euskaldunok, arrotzek gure herria konkistatu, bereganatu eta zatitu egin baitute. Honela iritsi gara gaurko egoera negargarrira. Gure historia, gure erresistentzia, gure sufrimendua… isilduak eta ukatuak izan dira mende luzez; haatik, pittaka-pittaka ari gara gertaerak iluntasunetik argira berreskuratzen, eta gure Herriaren alde borrokatu ziren gizon-emakumeen izenak ezagutzen. Horietako bat dugu, zalantzarik gabe, Joanikot Arberoa kapitaina. Agur eta ohore gure heroiei, eta libertatea gure Herriari!

Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa
Joanikot Arberoa bere izeneko pastoralean.

1.- Joanikot Arberoaren nondik-norakoak

Joanikot (Johan ere deitua), sortzez baxenafarra zen, Arberoa eskualdekoa, eta bere sortze data ezezaguna bazaigu ere, jakin badakigu Maia Hoztakoarekin ezkondu zela eta Zangozako merindadeko Tebas herrian bizi izan zirela. Hoztarrak leinuz beaumondarrak eta Olkotzeko dorrearen jabeak ziren.

1512an, espainiarrak (garai hartak gaztelarrak eta aragoitarrak deituak. 1516an hasi ziren Espainia eta espainol hitzak erabiltzen)  Nafarroako erresuman bortxaz sartu zirenean, Joanikot Arberoa beaumondarrekin batera borrokatu zen nafar errege-erreginen aurka. Garai hartan beaumondarrek uste zuten arrotz tropak beren laguntzarako etorriak zirela, baina urteak igaro ahala, horietako ainitz konturatu ziren konkistatzaile gisa etorriak zirela, eta orduan, 1521eko maiatzaren 19an, Asparrots jeneralaren agindupeko armadak erresumatik espainiarrak igorri zituelarik, beaumondar ainitzek, Joanikot Arberoak horien artean, Nafarroako Henrike II.ari leialtasuna zin egin zioten Iruñean.  Ekainaren 30ean, Joanikot Noainen borrokatu zen espainiarren aurka, eta porrotaren ondoren Iruñean babestu behar izan zuen, gainerakoen antzera.

Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa
Noaingo borrokaldia. 1521ko ekainaren 30a.

 2.- Donibane Garaziko borrokaldia

Iruñetik Donibane Garaziko gaztelura bidali zuten gotorlekuaren defentsaz ardura zedin. Gotorleku hau herriaren gainean dagoen muinoaren tontorrean zegoen kokatuta, gaur ziutadela den tokian. Gaztelu hau zaharra zen, Erdi Aro osoan ospetsua izan zena, eta erdi-erdian dorre luze bat zuen, lau dorre ttikiagoz inguratua zena. Tamalez, Joanikot Arberoaren garaian, zaharkituta zegoen, eta ez zegoen artilleriaz egindako erasoaldi trinko bati aitzin egiteko moduan. Bere agindupean 300 eta 400 arteko soldadu zituen. Harekin zen Jaso kapitaina, Donamartiriko Jauna zena.

Iruñeak amore eman behar izan zuen espainiar agintariek egin mehatxuen beldur, hiri buruzagia errenditzen ez bazen populazio guztia labainaz pasatu behar zutela agindu baitzuten, Iruñea hartu ondoren, espainiar inbasoreak iparraldeko ibarretara hurbildu ziren. 1521eko uztailaren lehen egunetan Donibane Garazira iritsi ziren.

Barruan ziren nafar leialek errenditzeari uko egin ondoren, hogei egun inguru iraun zuen artilleriazko bonbardaketari ekin zioten. Nafarrek ere zenbait kanoiz erantzuten zieten. Azkenean, 1521eko uztailaren 20ean, espainiarrek harresietan zulo handi bat ireki zuten eta, zalditeriaz egindako oldarraldi baten laguntzaz,  zulotik sartu ziren.

Biziki eraso oldarkor eta bortitza izan zen, eta gazteluaren defentsan ari ziren 300 bat soldadu nafar hil zituzten murrutik beheiti, krudelkeria handiz, jaurtiz. Lautik hiru erail zituztela dio orduko kronikak aztertu dituen Peio Monteano historialariak. Sarraski hau berehala zabaldu zen Europa osoan barna. Bizirik geratu zirenak Iruñera eraman zituzten gatibu, horien artean Joanikot Arberoa kapitaina, Donamartiriko Jaso Jauna, Amezkoako Jauna, Joan Bakedanokoa eta Joanes Jatsu Azpilikueta.

Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa
Donibane Garaziko ikuspegia Mendiguren gaztelua zegoen tokitik. Gotorlekua birrindua izan zen 1521ean, eta ondoren eraikitako zitadela kokatzen da egun bertan (argazkia: Allande Sokarros)

3.- Joanikot Arberoa erail zutenekoa

Iruñean egun gutti egon zen preso, uztailaren 26an espainiarrek erail baitzuten. Pregoilari batek heriotza zigorra eman behar ziotela zabaldu zuen eta ondoren, Joanikot burdinazko hesi baten gainean ezarri eta gisa horretan Iruñeko karriketatik barna arrastaka eraman zuten. Urkatu aitzinetik, bere azken hitzak erraiteko eskubidea aitortu zioten, eta Joanikot Arberoa kapitainak garbi utzi zuen bera ez zela traidorea, nafar leiala baizik.

Soka lepo inguruan paratu ondoren, zintzilik ukan zuten, mantso-mantso, poliki-poliki, krudelkeria handiz, azken hatsa eman zuen arte. Gero gorpua zatikatu eta Iruñeko harresietako ateetan ezarri zituzten, eta burua pikota baten puntan, nafar leialen bihotzak apaltzeko asmoz.

Donibane Garazin espainiarrek izan zuten garaipena alferrekoa izan zela erran behar dugu. Borrokaldi ugari izan ziren eta gaztelua nafar leial eta frantses aliatuen eskuetatik espainiarren eskuetara eta alderantziz pasatu zen zenbait aldiz. Azkenean, agorrilaren 14an, Donibane Garaziko gotorlekuan ziren espainiarrek gaztelua birrintzeko eta Iruñera alde egiteko agindua jaso zuten. Gaztelua guztiz birrindu ondoren, Bortuz bestaldera erretiratu ziren. Berehala Henrike II.aren armada lurraldeaz nagusitu zen eta orduz geroztik, Nafar Erresuma librearen esku egon zen, frantses iraultzaileek XVIII. mendean, inolako legitimitaterik gabe, bereganatu zuten arte.

Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa
Joanikot Arberoa urkamendian (Martin Altzuetaren marrazkia)

4.- Joanikot pastorala

2017ko uztailaren 30ean eta agorrilaren 6an, Altzai-Lakarri herriak Joanikot izeneko pastoral ederra jokatu zuen. Joana Etxart-ek idatzi zuen,  Jean-Pierra Rekalt izan zen errejenta eta Erik Altzazebe süjeta. Arrakasta itzela izan zuen eta osora, bi emanaldietan 6000 pertsona inguruk ikusi zuten. Osora 18 jelkaldiz eta hamar bat kantorez osatua zen.  Biziki ongi idurikatu zuten XVI. mendean gure lurretan, espainiar inbasioarekin, gertatu zena, eta Joanikot kapitainaren ibilerak gure historia nazionalerako berreskuratu eta aldarrikatu zituzten. Aipa ditzagun zenbait pasarte:

Bigarren jelkaldiaren bukaeran, 35. eta 36. kobletan, satanek honela erraiten zuten beraien arteko solasean: 35.- Ekia gorritzen hasi dük / Nabarrako zelüetan / kastillarrak jinez geroz / destorbü badük bazterretan. // 36.- Albretekoak ezkapirik / Biarnon dütük kikiltürik / Katalina orain bera dük / senarrak penak akabatürik.

Zazpigarren jelkaldiaren bukaeran, Joana Etxartek egin “Gure bakea” izeneko kantorean, ongi azaltzen zaigu zein-nolakoa zen espainiar inbasoreen jokaera maltzur eta bortitza gure lurraldeetan: Sosa, laidoak / bailakatü eta kixkiltü / meneko izan ditean, ohargabean / ümil, ttipi, ahül eta ahalke / etxeak errauts, beren lenguajea zokotürik / ümil, ttipi, ahül eta ahalke / Baskoa hala denean gü gira laket / ümil, ttipi, ahül eta ahalke / baskoa hala denean da gure bake.  Orduz geroztik, ez du ematen gauzak ainitz aldatu direnik.

  1. jelkadiaren ondorengo kantorean, Ihitz Iriart eta Aritz Ibañezek honela kontatzen digute nolakoa izan zen 1521eko maiatzaren 19 hura, nafar armadak Iruñea askatu zuenekoa. Espainiarrek ihes egin behar izan zuten eta iruindarrek, pozaren pozez, inbasoreen ikur eta entseinak arrastaka, lokatz artean, eraman zituzten hiriko karrikatik barna. Bazen zer ospatu egun hartan. Errepikan honela diote: Iruñar jente fierrak / altxa baskoa! Biba Nabarra libroa! / Iruñar jente fierrak / hel bedi ardua ! etsaia garaitürik / atzo Kastillakoer bezala / diezaiogün egin ardo honi gerla.
  1. jelkaldian, espainiarrek Donibane Garaziko gotorlekua hesitzen dutelarik, honela erraiten digute 161. eta 162. kobletan: 161.- Nabarra gaine hartarik / jin zaikü mezü andana / kastillarrak indarrean / horra direla berehala. // 162.- Bil gitean gaztelüan / etxek dezagün hau gogor / hatsa dügüno orano / ez beikirate gü lotsor. / Ezpatak bite mintza / zabal beze gure hitza! / Altxa baskoa! Biba Nabarra libroa!
  1. jelkaldian Joanikoten heriotza zigorraren berri ematen digute: 182.- Hargatik kondenatzen haüt / izanen hiz ürkatürik. / Damü hadi hire hütsaz, / ordüan hizate ehortzirik. // 186.- Ni Joanikot kapitaina / baratüko nük betiko / Nabarra libroaren alte / konbatitzen soldado. // 187.- Borreroak beza orai / lepoa sokaz ebaki / basko arnegaten ixtoria / heben akaba bedi. // 188.- Deagü ürkatü ondoan / korpitza puzkakatüren / eta haga horien püntan / ütziko haügü hirotzen.

 

Eta agur gisa, azken prediküaren aitzinetik, Eltzegor taldearen “Agurra” izeneko kantua abestu zuten, esperantzari leiho bat zabalduz:

Agur, agur, agur lagunak / entzun gure kantua / zuen uzta herritarrentzat baita, baita hazia. // Kanta, kanta, kanta gurekin/ abots sakon, ozenez / gure kanta entzuleentzat baita, baita otoitza.

Pastoral ederra, gure historiaren berri eman ziguna eta Joanikot kapitaina aberriaren aldareetan betiko ezarri zuena. Ordutik hona zenbat laino! —erran zuen Lauaxeta handiak Amaiur olerki ahaztezinean. Baina bada zirrikitu bat itxaropenerako, eta zirrikitu hortik barna, egun handia erdietsiko dugulakoan nago, guk ez badugu ikusten, gure seme-alabek ikus dezatela! Historiak eskainiko digu noizbait aspalditik zor digun aukera, eta zorte kolpe batez, libertatea atzemanen dugu.  Geroak ikusiko.

Xabier Morrasen margolana

 

Martin Altzuetaren marrazkia
Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa  Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa  Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa  Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa  Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa  Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa  Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa  Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Joanikot Arberoa eta Donibane Garaziren defentsa”-ri buruz