Joana Ines Gurutzekoaren euskaltasuna

Joana Ines Gurutzekoaren euskaltasuna –

Joana Ines Asbaje Mexikoko San Miguel de Nepantha herrian sortu zen 1651ko azaroaren 12an. Aita Pedro Manuek Asbaje Matxuka bergararra zuen eta ama Isabel Ramirez kriolloa. Idazle oparoa eta moja izan zen. Haren izen erlijiosoa Sor Joana Ines Gurutzekoa da, eta izen horrekin egin zen ezaguna.

Joana Ines Gurutzekoaren euskaltasuna

1.- Joana Ines Gurutzekoaren bizitza eta lanak

Hiru urterekin eta ezkutuan irakurtzen ikasi zuen eta orduz geroztik, bizitza osoan,  jakin-grina handia erakutsi zuen. Garaiko eskolak eta unibertsitateak bakar-bakarrik mutilentzat ziren, hori dela eta, mutilez jantzita joan nahi izan zuen unibertsitatera. Horrela eskatu zion aunitzetan bere amari, baina ezinezkoa zelakoan, azkenean unibertsitatera joateko zuen nahikaria baztertu behar izan zuen. Amaren aldeko osaba batek latina, erretorika eta filosofia erakutsi zizkion. Mexikoko erregeordearen gortean sartu eta haren emaztearen dama izan zen. Laster ospe handia bereganatu zuen bere jakin-nahi eta literatura zaletasun handiagatik. Orduan hasi zen amodiozko olerkiak idazten. Horretaz gain, pasio handiaz defendatu zituen esklabo beltzak eta indioak. Nahuatl mintzaira ere ederki ikasi zuen.

Bere bihotzak aukeratutako mutila ezkontza gauzatu aurretik hiltzean, komentu batera sartzeko deliberoa hartu zuen. Horrela, 1667ko agorrilaren 14an, karmeldarren San Jose komentuan  sartu zen, baina hiru hilen buruan, gaixorik zegoela eta, atera behar izan zuen. Bi urte berantago, hau da, 1669an, San Jeronimoren komentuan sartu zen. Komentuko bake giroan, olerkiak eta hitz lauzko idazlanak idazteari ekin zion. Oraingo gaiak erlijiosoak, mistikarekin lotuak, baina baita bestelakoak ere, izango dira. Dena den, bere idazlanetan ezagupen logikoa bilatzen zuen beti, asmakeriak eta mistizismo merkeak alboratuz. Bere liburutegi pribatuan 4000 liburu inguru omen zituen eta baita musikarekin eta zientziekin loturiko hainbat tresna ere.

1690ean, eztabaida bat izan zuen Jesusen Lagundiko Aita Antonio Vieira prediku eta otoitz-egile famatuarekin. Gutun bat egin zuen aipatutakoaren sermoi bat kritikatuz eta Pueblako apezpikuari, modu pribatuan,  igorri zion. Gotzainari gutuna gustatu eta  Carta Athenagorica izenaz plazaratu zuen. Honek sekulako kalapita sortu zuen garaiko mundu erlijioso estu hartan. Joan Ines Gurutzekoari jesuiten aurka egitea leporatu zioten eta hainbat agintari erlijiosok hitza bera ukatu zioten. Afera itsusi honek bere bizitza errotik aldatu zuen.

Datu zehatzik ez daukagun arren, badirudi 1693. urtean, Madrilen bere liburu zenbait argitaratu zuten urte berean,  Mexikoko agintari erlijiosoek isiltzera zigortu zutela. Misoginia nagusi zen gizarte hartan, ez zegoen ongi ikusia emakume batek horrenbeste jakitea eta gainera idaztea. Hori dela eta, bere liburutegia kentzeko eta idazteari uzteko behartu zuten. Hortik aurrera, otoitzetan eta Jesukristori eskainitako bizimodu mistikoan buru-belarri murgildu behar izan zuen. 1695an izurritea Mexikon zabaldu zen, eta urte bereko apirilaren 17an, hil zen.

Bere idazlan aunitz galdu diren arren, XVII, mendean hainbat liburu plazaratu zioten Madrilen, Bartzelonan, Zaragozan eta Valentzian, eta XVIII. mendeko erdi aldean, Madrilen, bere lan guztiak hiru liburu handitan plazaratu zituzten.

2.- Joana Ines Gurutzekoaren euskalduntasuna

Joana Ines Mexikon jaioa bazen ere, inoiz ez zion aitaren aldetik zetorkion euskal jatorriari uko egin. Bere burua euskalduntzat hartzen zuen, eta badirudi euskaraz ere bazekiela. Euskal Herriari zion maitasuna agerian utzi zuen hainbat idazlanetan. Bilantziko batean honela idatzi zuen: “Nadie el vascuence mormure, que juras a Dios eterno, que aquesta es la misma lengua cortada de mis abuelos.” (Betiereko Jaungoikoari euskaraz eskatzen diot, hauxe baita nire aiton-amonen hizkuntza). Bilantziko bereko beste zati batean bere arima Arantzazuko Ama Birjinaren babesean ezarri zuen: Guacen galanta contigo, guacen nere lastana, que al cielo toda Vizcaya (Euskal Herria esateko) has de entrar.”  (Goazen galanta zurekin, goazen nere laztana, zerura Euskal Herri osoa sartu behar baituzu). Eta bilantzikoaren lelo edo errepikan honela dio, behin eta berriz: “Galdu naiz, ay! Que se va. Nere vici gucico galdu naiz.” (Galdu naiz, ai! Badoa. Nere bizi guzirako galdu naiz).

Juan Orbe Arbietori idatzi zion gutun batean ere, bere jatorri euskalduna aipatu zuen: “Siendo como soy rama de Vizcaya (Euskal Herria esateko) y Vuesa Merced de sus nobilisimas familias, de las casas de Orbe y Arbieto, vuelvan los frutos a su tronco y los arroyuelos de mis discursos tributen sus corrientes al mar en quien reconocen su origen.”

(Euskal Herriko adarra naiz eta baita zu ere jaun handia, Orbe eta Arbieto etxeetako ondorengoa. Fruituak haren arbolara itzul daitezen, eta nire idazlanen errekatxoak jatorrizko itsasora joan dakizkidan.)

Pena da, baina ez dut uste gaur egun Joana Ines Gurutzekoaren olerkiak eta gainerako idazlanak euskaraz irakur ditzakegunik. Hau ere, egitear daukagu.

Joana Ines Gurutzekoaren euskaltasuna

Joana Ines Gurutzekoaren euskaltasuna

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

8 pentsamendu “Joana Ines Gurutzekoaren euskaltasuna”-ri buruz

  • Peru_Gabiriko 2020-04-05 16:38

    Aspaldi honetan eman didaten pozik handiena da hauxe. Mila esker !!

  • Peru_Gabiriko 2020-04-05 20:31

    Badakizue Mexiko kolonialean zer gertatzen zen: Emakume askorekin zbilen gizasemea “seduktorea” izan ohi zen. Gizon askorekin zebilen emakumea, aldiz, badakizue: “puta”.

    Serora gazte honek egoera deskribatzen zuen ahapaldi borobil baten bidez:

    “Hombres necios que acusáis
    a la mujer sin razón,
    sin ver que sois la ocasión
    de lo mismo que culpáis”

    Ezin da dotoreago esan. Eskaerarik izango ez balitz, ofizio hori aspaldi desagertua izango zela, alegia.

    Gizatxar gaizto kirtenak
    bide onetik irtenak
    besteri ogen emanez
    ogen egiten dutenak

    nola-hala ahapaldi hori euskaraz biltzen saiatu naiz ene gisan, baina badakit jatorrizko eder hartatik urrun gelditzen naizena.

    Ea norbaitek hemen hobeto adieraz dezakeen…

  • Gizon ergelak zarete arrazoirik gabe emakumea akusatzen duzuenak, ohartu gabe zeuek jartzen duzuela hura akusaturiko bidean. Akusatu ordez salatu ere jar daiteke. Horra Peru boteprontoko itzulpena

  • Hona nire aletxoa 🙂

    Salatzen duzue, gizon arinak,
    arrazoirik gabe emakumea,
    sortu badu ere zuen grinak
    hari egozten diozuena.

  • Boteprontoko lanak, lan alferrak. Errima eta neurria haizea hartzera bidali ditut, Entretenimendu polita!

  • zer erran nahi du “haizea hartzera bidali ditut” erran-moldeak. Ez ote den espainierazko kalkoa?

  • xorino kantharia 2020-04-13 11:43

    Eskerrik asko, Joseba… duela gutxi Joana Ines Gurutzekoari buruzko euskal antzezlana

  • xorino kantharia 2020-04-13 11:49

    Eskerrik asko, Joseba… duela gutxi Joana Ines Gurutzekoari buruzko “ni munduko txarrena” euskal antzezlana ikusi nuen, eta haren idazlanak irakurtzesko gogoa sartu zitzaidan, batez ere bere poesia, baina euskaraz ez dut ezer topatu…

    “Gizon zekenak salatzen duzuena
    arrazoirik gabeko emakumea,
    ikusi gabe salatzen duzuen berbera
    zuek zeuek zaretena”.

    “Hombres necios que acusáis
    a la mujer sin razón,
    sin ver que sois la ocasión
    de lo mismo que culpáis”