Jean Fourcade, Urruñako historian aditua

Jean Fourcade, Urruñako historian aditua –

Herri guztietan bada edo izan da herriari buruzko historiak eta kontuak bilatzen aritu dena. Pertsona horiek guztiz garrantzitsuak dira herrietako historia idazteko orduan, inolako interesik gabe eta  bihotzak bultzatuta, paper zaharretan xerkatzen edota adinekoei galdezka aritu izan direlako. Beraiek utzitako materiala oinarrizko erreferentzia bilakatu da ainitzetan herri horien historia idatzi edota jakin izan nahi duten guztientzat. Horixe bera gertatzen da Urruñan. Egia erran ez da gehiegi idatzi herriaren historiaz edo nortasunaz, eta idatzi den apur horren bibliografian, beti Jean Fourcadek idatzirikoak azaltzen dira.

Jean Fourcade, Urruñako historian aditua
Jean Fourcade

1.- Jean Fourcaderen biografia

Baionan sortu zen 1895. urtean, bertako familia zahar eta ezagun batean. Larresoroko seminarioan ikasi zuen, baina, Frantziako Gobernuaren politika antiklerikala zela eta, 1906an utzi behar izan zuen. Gero Belok-era jo zuen eta bertan bukatu zituen bigarren mailako ikasketa guztiak. Hamazazpi urterekin karrera militarra egiteari ekin zion Sainte-Geneviève eskolan, 1914ko agorrilean Saint-Cyr-en sartu zelarik. Lehen Gerla Handian hamahiru hilabete igaro zituen Verdun-en, non Gerlako Gurutzea eman zioten. Gerla amaituta, Aeronautikako Eskola Nagusian sartu eta fabrikazio militarren ingeniari egin zen. 1920. urtean armada utzi eta industria pribatuan bere lehen urratsak eman zituen.

1925ean Renée Guittet urruñarrarekin ezkondu zen eta 1935era arte Parisen bizi izan ziren. Aipaturiko urtean Urruñara etorri ziren bizitzera, Erlandebaita izeneko etxera. Etxe hau emaztearen familiarena zen. Renée Guittet bertan bizi izandako Laurentzena familiaren ondorengoa zen. 1901. urtean Clémend Laurentzenak ura ekarri zuen Buztingorriko iturritik herriko plazan zegoen iturri publikoraino, lau kilometroko ubidea egin ondoren.  Jean Fourcadek eta Renée Guittet-ek lau seme-alaba ukan zituzten aipaturiko etxean. Urruñara etortze horrek gauza ainitz mugitu zuen Jean Fourcaderen baitan, bere euskal sustraiak topatu omen zituen. Orduz geroztik, beti ibili zen Urruñari buruzko datu etnografikoak bilatzen eta artikulutan zein liburutan plazaratzen. Horrela 1939ko maiatzean Petite histoire d’ un village de Labourd: Urrugne (Lapurdiko herri baten historia ttipia. Urruña) izeneko liburu eder eta mamitsua argitaratu zuen Baionan.

Bigarren Gerla Handian mobilizatua izan zen eta aire-armadako kapitain ibili zen Domrémy-tik gertu. Urruñara itzulirik laborantzan sartu zen Syndicat Agricole-ko lehendakari bilakatuz. L’Union départamentale des associations familiales (Famili Elkarteen Departamentu Batasuna) sortu zuen hastapenetan eta la Fédération de la famille rurale (Familia Laborarien Federazioa) ondoren. Ber denboran erresistentzian ibili zen komandante titulua erdietsiz. Hori dela eta, Meérignac-eko kasernan atxilotu zuten. Gerla bukatzean, Ohorezko Legioa eman zioten. Laborantza arloan emandako urratsek ere ongi merezitako saria ekarri zioten, eta horrela 1973. urtean Chévalier du Mérite Agricole (Laborantza Merituetako Zalduna) izendatu zuten.

Nahiz eta horrelako jardueretan buru-belarri ibili, Jean Fourcadek denbora bilatu zuen Urruñako historiari buruzko datuak eta materialak xerkatzen eta ikertzen jarraitzeko. Ikerketa horien emaitza izan ziren aldizkarietan (Gure Herria, Euskal Erakustetxeko Buletina, Gernika…) plazaratu zituen artikulu ugariak. Done Jakue bideak Euskal Herrian egindako nondik norakoak ere aztertu zituen.  1967an, Okzitaniako Tolosan, bere bigarren liburua argitaratu zuen: Trois cents ans d’ histoire au Pays Basque: Urrugne, Socoa, Béhobie, Hendaye eta Biriatou. (Euskal Herriko historiaren 300 urte: Urruña, Zokoa, Pausu, Hendaia eta Biriatu). Aipa ditzagun zerbait aipatzeagatik, jean Fourcadek plazaratutako hurrengo artikulu mamitsuak:

  • Terre eta famille basques (Euskal lurra eta familia)

Baionako Zientzia, Letra eta Arteetako Elkartearen buletina.  (Bulletin de la Societé des  Sciences, Letres et Arts).

  1. zenbakia. 1951
  • La population en Pays Basque (Biztanleria Euskal Herrian)

Baionako Zientzia, Letra eta Arteetako Elkartearen buletina.  (Bulletin de la Societé des  Sciences, Letres et Arts).

  1. zenbakia. 1952
  • Le Marché du poisson à Saint-Jean-de-Luz en 1788

     (Arrainaren Merkatua Donibane Lohizunen, 1788. urtean)

Euskal Erakustetxeko Buletina. 31. zenbakia. Baiona. 1964

  • Royal cantabre sous Louis XV, chasseurs cantabres sous Louis XVI.

Erret Kantauria* Luis XV.aren garaian, kantauritar* ehiztariak Luis XVI. aren garaian.  (*kantauriar = euskaldun)

Euskal Erakustetxeko Buletina. Baiona. 1965

Urruñaren gainean den Kalbario mendiko baselizaren berreraikitze lanetan eta ondorengo zaintzan ere parte hartu zuen. 1973. urtean hil zen.

Urruña herriak  Jean Fourcade ongi oroitzen jakin du, haren izena eman dio herriko kale nagusiari. Bere etxea izan zen Erlandebaitak bederatzigarren zenbakia dauka kale horretan.

Jean Fourcade, Urruñako historian aditua
Urruña, 1850

2.- Jean Fourcaderen lehen liburua

 Lehen aipatu bezala, 1939ko maiatzean Petite histoire d’ un village de Labourd: Urrugne (Lapurdiko herri baten historia ttipia. Urruña) argitaratu zuen Baionan. Bada bigarren argitalpen bat, 2006an, Pariseko Le livre d’ histoire-Lorisse izeneko argitaletxearen bidez egin zena.

Liburu mardula da, 196 orri dituena, hamabi kapitulutan banaturik dago eta eranskin moduan zortzi atal gehiago ditu bukaera aldean. Ikus ditzagun:

  • kapitulua: Urruña herriaren historia ttipia.
  • kapitulua: Urruña Frantses Iraultzaren garaian.
  • kapitulua: Urruña. 1793
  • kapitulua: Urruña, 1813
  • kapitulua: Eliza eta kaperak.
  • kapitulua: Tradizio erlijiosoak.
  • kapitulua: Kofradiak. (Konfreriak)
  • kapitulua: Urtubiako jauregia eta etxe nagusiak.
  • kapitulua: Herriaren garrantzia. Kultura eta industria.
  • kapitulua: Pilota.
  • kapitulua: Urruña eta auzo herriak.
  • kapitulua: Gure bandera.
  • eranskina: Parropiako apezen zerrenda.
  • eranskina: Auzapezen zerrenda.
  • eranskina: Bi gerla handietan hildako urruñarren zerrenda.
  • eranskina: Gure gerlarien hainbat aipamen.
  • eranskina: Urruña 1853. urtean J.M. Hiribarren apezak idatzirik.
  • eranskina: Reille jeneralaren txostena 1813ko urriaren 7an gertatuaz.
  • eranskina: Allande Pelloten gutuna. 1815eko apirilaren 21a.
  • eranskina: 1829. urtean prefetak Makila Portuari buruz bidali gutuna.

Urruñari buruz edozer egin nahi dela liburu hau behar-beharrezko erreferentzia da, dudarik gabe. Datuak datu eta aipamenak aipamen, guztiz beharrezkoa da Urruñako bibliografia jorratzeko orduan. Badu akats handi bat, baina euskal historialari modernoak gauza izan behar du hori eragozteko eta aitzina egiteko, bere ideologia guztiz frantsesa da eta aipamen ugaritan metropoliaren alde egiten du. Normala da, garaiko semea zen, bigarren gerla  bukatu berria, eta gainera ikasketa militarrak zituen. Frantziaren alde borrokatu zuen eta harentzat Lapurdi Frantziaren zati ttipia zen. Hori nabarmen egiten da, 12. kapituluan, non euskal ikurriña aipatzen badu ere, frantses bandera errepublikanoaren defentsa sutsua egiten duen.

Gauza bera gertatzen da edozein gerla edo iskanbila agitzen delarik. Harentzat dena sartuko da Frantzia eta Espainiaren arteko harreman gatazkatsuetan. Euskal Herria onartzen du, eta sakon maite badu ere, bi subjektu politiko horien menpe kokatuko du beti. Haatik, historiaz, etnografiaz, kulturaz idatzi dituen aipamenetan aberastasun handia dago eta urruñarrek, lapurtarrek eta euskaldun guztiok badugu aunitz eskertzeko.

Jean Fourcadek Urruñari buruz idatzi zituen bi liburuak. Lehena, eskuinean, 1939an plazaratu zuen eta bigarrena, ezkerrean, 1967. urtean. 28 urte daude tartean.

3.- Jean Fourcaderen bigarren  liburua

1967. urtean, Okzitaniako Tolosan, bere bigarren liburua argitaratu zuen: Trois cents ans d’ histoire au Pays Basque: Urrugne, Socoa, Béhobie, Hendaye eta Biriatou. (Euskal Herriko historiaren 300 urte: Urruña, Zokoa, Pausu, Hendaia eta Biriatu). Bada bigarren argitalpen bat, 2001ean, Pariseko Le livre d’ histoire-Lorisse izeneko argitaletxearen bidez egin zena.

Liburu hau aurrekoa baino mamitsuagoa eta aberatsagoa da eta artxiboetan egindako ikerketetatik sortutako zerrenda eta datu historiko aunitz aurkitzen ahal ditugu. Biziki polita da urruñarrei euskaraz egindako eskaintza: Zuentzat, Urruñako adixkideak, egin dut liburu hau, zuen deiari ihardesteko eta ere nere lau haurrentzat, zuen herritarrak. Maite duzue zuen sorlekua; nahi nuke liburu hunek laguntzen bazintuzte oraino gehiago maitatzen, haren iragan denboretako ohoreaz gai egoiten eta haren ohidurei leial.

Liburu hau aurrekoa baino mardulagoa da eta 290 orrialde ditu. Mardulagoa eta osatuagoa. Jean Fourcade berak aitzin-solasean erraiten duenez, Urruñak liburu hobea eta osatuagoa behar omen zuen, eta horretan saiatua zen lehen liburua plazaratu zuenenetik (1939) bigarren liburura argitaratu zuen arte (1967), hau da, hogeita zortzi urtetan. Horretarako Urruñako, Hendaiako eta Biriatuko udal artxiboak arakatu eta ikertu zituen, baita J. Brutails-en Nafarroako Kontu Ganbararen artxiboa ere. Horretaz gain, orduko bibliografia aztertu zituen: Gure Herria, Euskal Erakustetxearen buletina, Baionako Zientzia, Letra eta Arteetako Elkartearen buletina, Eugène Goienetxe, J. Bidache, J.B. Daranatz, Luis de Uranzu…

Liburua hiru zatitan banatu zuen. Lehen zatia Urruñari eskainia. Hauxe da liburuaren zatirik handiena eta bost kapitulutan banatu zuen. Bigarren zatia Hendaiari eskainia eta Biriaturi hirugarren zatia. Hendaia eta Biriatu Urruñakoak izan dira, lehena 1654. urtera arte eta 1796ra arte  bigarrena, hori dela eta, erraz ulertzen da Jean Fourcaderen interesa bi herri horiekiko. Azter ditzagun zatiak eta kapituluak zehazkizun handiagoz:

  1. ZATIA: URRUÑA
  • Sarrera eta Urruñako armarriari buruzko azalpena.
  • kapitulua: Eliza. Parropiako historia. Sokorriko Ama Birjinaren kapera. Done Jakue Bideko erromesak. Subernoa eta Ospitalia. Kalbario mendia. Larrungo kapera.
  • kapitulua: Itsasoa. Herriaren hastapenak. 1793ko eta 1813ko gerlak. Armaden igarotzea 1823. urtean.
  • kapitulua: Etxeetako izenak. Elizako hilobiak. Urtubiako jauregia. Behobia eta Intzura Uhartea (Konferentziaren Irla). Zokoa eta bere armarria.
  • kapitulua: Herriko Etxea. Herriaren ekonomia (oihanak, hainbat salneurri). Urruña eta Nafarroako eta Gipuzkoako auzo herriak. Demografia.
  • kapitulua: Zerbitzu publikoak. Irakaskuntza. Ohiturak, dantzak eta tradizioak.
  1. ZATIA: HENDAIA
  • Sarrera eta armarriari buruzko azalpena.
  • 1598tik 1789ra.
  • 1790tik 1825era.
  • 1826tik 1867ra.
  • 1868tik 1896ra.
  • 1897tik 1941era.
  1. ZATIA: BIRIATU
  • Erdi Arotik 1789ra.
  • 1790tik 1814ra.
  • 1815etik gure egunetara.
  • Ibilaldiak eta tumulua.

Sarreran ez dugu 1939ko Jean Fourcade bera topatzen. 1967koa euskaltzaleagoa da. Agusti Xahoren eta Antton Abadiaren antzera Zazpiak bat du aldarri, eta zazpi lurraldeez hitz egiten digu argi eta garbi, nahiz eta bi estatuen arteko banaketa onartu. Frantzia eta Espainia liburu osoan zehar azaltzen badira ere, ez da aurreko defentsa sutsua ikusten. Hirurogeiko hamarkadan abertzaleak indartzen ari ziren, eta baita Urruñan ere. Gainera, 1939tik aitzina, Jean Fourcadek harremanak eginak zituen Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaltzale, historialari eta idazleekin, eta badirudi horrek Fourcaderen ikuspegia aldarazi zuela. Jadanik, ez digu hitz egiten Frantziako banderaz.

Euskarazko aipamenak ere liburuaren luze-zabalean azaltzen dira. Horrela urruñarren goitizena ekartzen digu gogora: Ohore nahi Urruñako.

Elizari luzatzen dion atalean, urruñarrek elkarri agurtzeko zerabiltzaten erranak aipatzen ditu. Batek Agur! erraitean, honela erantzuten omen zion besteak: Agur, ba, Jainkoak nahi badu. Baina agurtzeko orduan gehien erabiltzen zuten modua ere aipatzen du: Jainkoak diozula gau (egun) on, arimako eta kanpotik berri on.

50. orrialdean, Izarlandako Bidetik barrena (Done Jakue Bidetik) ibilitako erromes frantses batzuek Euskal Herriaz egindako aipua azaltzen digu:  Quand nous fûmes à Bayonne assurément a fallu changer nos feuilles de route et notre argent! Nous avions la pays à traverser de la Biscaye.  C’est un pays rude à passer. On ne ccomprend pas leur langage.

58. orrialdean Larrun mendiari buruzko bi atsotitz eder dakarzkigu:

Kaskoan ageri zintura, hogoita lau oren barneko uria. Hau da, hodeiek Larrungo gailurra estaltzen dutenean, hogeita lau ordutan euria egiten du.

Kaskoa trapatua, kanpo-haizea, denbora ederra. Hau da, Larrungo gailurra hodeiez estalita denean, haizeak eguraldi ona ekartzen du.  Orrialde berean euskal baleazaleak gure kostaldetik urruntzean, Larrun mendiaz bertso honen bidez agurtzen zirela erraiten digu:

Bagoazi urrun,

handik ezin ikus Larrun,

alabainan gan behar dut

familia haziko badut.

 65. orrialdean P. Duny-Petré-k 1962. urtean Gure Herria aldizkarian idatzi zuen Jaiki, jaiki kantu ederraren aldaera ekartzen digu gogora:

Jeiki, jeiki, etxekoak

argia da zabala.

Itsasotik mintzatzen da

zilarrezko trunpeta,

bai ta ere ikaratzen da

holandresen ibarra!

 

Jeiki, jeiki, etxekoak

argia da zabala.

Itsasotik hurbiltzen da

untzi bat kargatua,

gaizten denak mentura

haren atakatzera!

 149. orrialdean atsotitz moduko beste erran bat dakarkigu: Senpere da ezaguna larrez, Uztaritze oihanez, Hazparne jendez eta Urruña lurrez.

Buka dezadan artikulu hau nire baitan Jean Fourcaderen idazlanekiko piztu den miresmena aitortuz. Baionatik Urruñara etorri eta berehala euskal zimikoa sumatu zuen bere barruan. Ikuspegi bipolarra zituen, bai, lehen horretaz hitz egin dut. Euskal Herriaz mintzatzen zaigu, baina Frantzia ahantzi gabe, lehen liburuan gehienbat, bigarren gerla handitik irten berria zela. Hurrengo hogeita hamar urteetan aldaketa handia sumatzen zaio, eta horrela bere bigarren liburuan Euskal Herria da liburuaren subjektu nagusia.  Jean Fourcadengan  Iparralde osoan garai hartan agitu zen  garapena atzeman daiteke.  Urruñak asko zor dio Jean Fourcaderi, herriak ordaina nolabait kitatu zuen karrika bati haren izena ezarriz, baina, ene ustetan, hori baino askoz gehiago merezi du.

Jean Fourcade, Urruñako historian aditua  Jean Fourcade, Urruñako historian aditua  Jean Fourcade, Urruñako historian aditua  Jean Fourcade, Urruñako historian aditua  Jean Fourcade, Urruñako historian aditua  Jean Fourcade, Urruñako historian aditua  Jean Fourcade, Urruñako historian aditua  Jean Fourcade, Urruñako historian aditua

Euskaltzalea eta irakasle-ohia