Jazzaldirako hamaikakoa

Jazzaldirako hamaikakoa –

Gaur hasiko da Donostiako Jazzaldia, Euskal Herriko jazz jaialdi nagusietan azkena, igandera arte ehun bat zuzeneko programatu dituena; ez denak jazz generokoak, eta doanekoak ordaindu beharrekoak baino gehiago.

Gutxi batzuk gomendatzearren, eta bihar bertan beste horrenbeste ezberdin izan zitezkeela jakinda, gaur hamaika hauexek hautatu ditugu:

.

Jazzaldia irekitzeko jazz band ball delakoan -lehen eguneko kontzertu sorta, doanekoa eta oso-osorik Zurriolako hondartza eta Kursaal inguruan garatzen dena-, mundu mailan ezaguna den artista bat ekartzeko ohitura du jaialdiak. Bertan izanak dira, besteak beste, Patti Smith, B.B. King edo Gloria Gaynor. Eta aurten, Joan Baez (gaur, asteazkenak 24, 20.45ean Agertoki Berdean).

Jazzaldirako hamaikakoa

60ko hamarkadan protesta kantuaren ikono bihurtu zen Joan Baez, Bob Dylanekin batera, eta hauxe ei du agurraren bira. 1941ean New Yorken jaioa, folk kantaria Kataluniako independentziaren alde agertu da azkenaldian, eta Euskal Herriarekin ere badu nolabaiteko lotura, bere garaian Laboak “Txoria txori” kantatzen irakatsi zion-eta, Zurriolan jotzekoa dena. Ondoren, Jamie Cullum ipurterreak joko du hondartzan, gurera etortzearen poderioz jada Athleticen filosofian ere sartuko litzatekeen artista.

Asteazkena atzean utzita, eskarmentu handiko musikaria batengandik hasiberria den batera, bihar Euskal Herriko gaztetxoek ondo ezagutzen duten Ainhoa Larrañaga izango dugu Jazzaldian estreinakoz kantari (uztailak 25, 18.00etan Heineken terrazan). Hernaniar gaztea Goazen! telesail arrakastatsuan parte hartutako da -Eliren papera antzezten-, eta bakarkako lehen diskoa argitaratzear da. Zuzenean Iker Lauroba (kontrabaxua, gitarra), Amaia Miranda (gitarra), Garazi Esnaola (pianoa) eta Haritz Lauroba (bateria) musikarien laguntza izango du.

.

Ordainpekoak

Ordainpeko kontzertuei dagokienean, Trinitate Plaza da oholtza nagusia, jazz zuzeneko hadiak hartzen dituena. Aurten dagoeneko bitan agortuak dira sarrerak, Diana Krall eta Silvia Perez Cruz jotzekoak direnetan, eta beste biak dira hemen gomendatuko ditugunak. Batetik, Donny McCaslinen boskotearena (uztailak 25, 21.00etan -28 euro-), eta bestetik, Unspeakable Garbage taldearena (uztailak 26, 21.00etan -30 euro-).

Donny McCaslin saxofoi jolea orain urte gutxi izan genuen Jazzaldian estreinekoz, eta bere aurkezpenean David Bowieren ondoan lan egindakoa zela nabarmendu zen -aurten Maria Schneider & Ensemble Denadarekin partekatuko du oholtza, kamaleoiarekin lan egindakoa hau ere-, baina zuzeneko bikaina eskaini zuen, eta ondoren jo zuen Kawashi Washingtonek ere ezin izan zion itzalik egin.

Unspeakable Garbage, bere aldetik, Moppa Elliott kontrabaxu jotzailearen egitasmo berria da, Mostly Other People Do The Killing harrigarrien gidaria -MOPDTKeko piano jolea ere egitasmo berrian dago, eta Peter Evans taldeko tronpeta joleak John Zornen maratoian parte hartuko du-. Jazz musika da, ala rocka? Ez dira ez sailkatzen errazak. Trinitate plazan, Joshua Redman-Ron Miles-Scott Colley-Dave King: “Still Dreaming” egitasmoarekin partekatuko dute oholtza.

Hurrengo bi proposamenak Jazzaldian gutxienez hiruna zuzeneko dituzten bi euskal talde dira, Elkano Browning Cream (uztailak 24, 22.15ean Frigo gunea; uztailak 25, 19.45ean Heineken terrazan eta uztailaren 27an 12.30ean Ni Neun -Jazzaldia Extra!-), eta Descarga Libre (uztailak 25-26 eta 27an 23.00etan Nauticoolen). Lehena, Jazzaldian makina bat bider jo duen Mikel Azpiroz donostiar piano jolearen nazioarteko egitasmoa da, groovez gainezka egiten duena. Bigarrena, Nauticooleko programazioaren arduraduna den Makala eta Jimmy Bidaurretaren latin jazz seikote euskal-kubatarra, Nuyorican moldera. Uztailaren 26an, 12.30ean, Tabakaleran ere joko dute, Txikijazz egitarauaren barruan.

Aretoetan gordetako kontzertuengan ere jarri dugu arreta, eta hiru hautatu ditugu: Martirio & Chano Dominguez: A Bola de Nieve (uztailak 26, 12.30ean Victoria Eugenia antzokian -22 euro-), Atomic eta Trondheim Jazz Orchestra (uztailak 26, 18.00etan Kursaal aretoan -18 euro-) eta Charles McPherson Quartet (uztailak 27, 17.30ean Victoria Eugenian antzokian -10 euro-, eta uztailaren 28an, 20.00etan Trinitate plazan -sarrerak agortuta-).

Martirio kantaorea izan zen Jazzaldian Chano Dominguez cadiztar piano jolearekin orain bi hamarkada, 1996an, kopla klasikoak jazzera ekartzen. Bide horretik jarraituz, Ignacio Villa kubatar abeslaria, “Bola de Nieve” goitizenekoa, omenduko dute orain. Erabat ezberdina izango da Atomic eskandinaviarren proposamena, Jazzaldian orain hamabost urte  egonak hauek ere. Europar  jazzaren supertaldea iaioa da inprobisatzen, eta Donostian Trondheim jazz orkrestako zortzi musikarik lagunduko du zuzenean. Bukatzeko, molde klasikoetara egokitzen den Charles McPherson saxofoi jolea, ibilbide musikala Mingus erraldoi izenkidearekin joz hasi zuena!

Hasi bezala bukatuko dugu zerrenda, Kursaal inguruko terrazetan eta Zurriolako hondartzan. Jaialdiaren azken egunean Lurpekariak taldeak joko du (uztailak 28, 18.00etan Heineken terrazan), nafarroatik datorren egitasmoak. Nerea Erbiti ahotsean, Sustrai Colina bertsotan eta Broken Brothers Brass Bandeko Ion Celestino tartean direla, Lurpekariak taldeak esperimentazioa du du ardatz. Eta aurreko gauean Belako laukoteak itxiko du hondartzako oholtza (uztailak 27, 23.30ean Agertoki Berdean). Mungiarrek oso gazte zirela ekin zioten musika ibilbideari, eta hasi orduko erakarri zuten entzulearen arreta. Denbora gutxian eskarmentu ikaragarria lortu dute, besteak beste Errusian, Japonian, Mexikon edo Piraten Donostian joz. Zuzeneko gozagarri eta izugarri kaliputsua dute, festa bukatzeko aparta.

.

Eta gainera

Jazzaldirako hamaikakoaBehin hamaikakoa osatuta, beste aipamen pare bat egingo dugu bukatu baino lehen. Batetik, aurten jaialdiak izango duen japoniar presentzia azpimarratzeko. Bestetik, John Zorn saxofoi jolearen Bagatelles Maratoia kartsuki gomendatzeko (bi hitzordu izango dira, uztailaren 27an 18.00etan eta 28an 17.00etan Kursaal aretoan -bakoitza 50 eurotan-).

Japan Foundationen babespean, aurten dozena erdi artista japoniarrek joko dute jazzaldian, Easo abesbatzarekin batera Europan lehen aldiz “Goshu Ondo” joko duen Eri Yamamoto piano joletik hasi eta Rei blues gitarra jolearekin bukatu. Kasik itsuan bada ere, eta bat aipatze aldera, Chihiro Yamanaka hautatu dugu, Oskar Petersonen eragina duen piano jolea. Hirukotean zein bikotean, hiru zuzeneko joko ditu Donostian (Victoria Eugenian uztailaren 26 eta 28an -lehiatilan eskuratu behar dira gonbidapenak-, eta Frigo gunean uztailaren 27an).

Tzadik diskoetxeko buru, Jhon Zorn jazz abangoardiako saxofoi jolea da, judutar jatoriko estatubatuarra, bere inguruan musika saldo harrigarria metatzeko gai dena (Dave Douglas, Kenny Wollesen, Marc Ribot…). Orain urte gutxi, 60 urte betetzen zituela-eta, Masada maratoi esclusiboa ekarri zuen Jazzaldira, bertaratu ziren entzuleen buruak lehertarazi zituena, eta asmo bera du aurten, proposamena bi egunetan banatuz: egun bakoitzean punta-puntako zazpi taldek joko du, bakoitzak 25 minutuz (guztira, safoxoi jolearen 50 konposizio joko dira).

John Zornek jasoko du, gainera, aurtengo Donostia Jazzaldia Saria.

Jazzaldirako hamaikakoa

LEHEN SAIOA (2019ko uztailaren 27an)
(Talde bakoitzaren iraupena: 20-25 minutu)

BIGARREN SAIOA (2019ko uztailaren 28an)
(Talde bakoitzaren iraupena: 20-25 minutu)
MASADA
John Zorn
(saxoa)
Dave Douglas (tronpeta)
Greg Cohen (baxua)
Joey Baron (bateria)
NOVA QUARTET
John Medeski
(pianoa)
Kenny Wollesen (bibrafonoa)
Trevor Dunn (baxua)
Joey Baron (bateria)
SYLVIE COURVOISIER AND MARK FELDMAN
Mark Feldman
(biolina)
Sylvie Courvoisier (pianoa)
GYAN RILEY AND JULIAN LAGE
Gyan Riley
(gitarra)
Julian Lage (gitarra)
MARY HALVORSON QUARTET
Mary Halvorson
(gitarra)
Miles Okazaki (gitarra)
Drew Gress (baxua)
Tomas Fujiwara (bateria)
BRIAN MARSELLA TRIO
Brian Marsella
(pianoa)
Trevor Dunn (baxua)
Kenny Wollesen (bateria)
CRAIG TABORN SOLO
Craig Taborn
(pianoa)
IKUE MORI
Ikue Mori
(elektronika)
TRIGGER
Will Greene
(gitarra)
Simon Hanes (baxua)
Aaron Edgcomb (bateria)
KRIS DAVIS
Kris Davis
(pianoa)
Mary Halvorson (gitarra)
Drew Gress (baxua)
Kenny Wollesen (bateria)
ERIK FRIEDLANDER-MIKE NICOLAS DUO
Erik Friedlander
(txelo)
Michael Nicolas (txelo)
PETER EVANS SOLO
Peter Evans
(tronpeta)
JOHN MEDESKI TRIO
John Medeski
(organoa)
Dave Fiuczynski (gitarra)
Calvin Weston (bateria)

ASMODEUS
Marc Ribot
(gitarra)
Trevor Dunn (baxua)
Kenny Grohowski (bateria)

Jazzaldirako hamaikakoa Jazzaldirako hamaikakoa Jazzaldirako hamaikakoa Jazzaldirako hamaikakoa

ZUZEUko erredakzio kide