Jaten eman

Jaten eman –

Xabier Gantzarainek Berria egunkarian.

Jaten emanBadira gure baitan lokamutsean bizi diren ideiak, inori irakurritako esaldiak, non edo non adituak, telebistaren burrunba etetean esnatu eta bestondo izugarri batek baino ez dakarkizun buru-argitasunez erakusten dizutenak bidea; zulorakoa, prefosta.

Badira hilabete batzuk Terry Eagleton maitearen liburua irakurri nuela, Cultura, espainolez. Eta bertan azpimarratutakoetatik bat bedera oroitzen ez nuela uste nuenean, han datorkit burua jatera, ados ote nagoen galdatzera, azaltzeko eskatuz, esaldi bat, laburra eta sinplea: «Kulturaren egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea da».

Baietz iritzi nion hasieran, batez ere testuingurua aintzat hartuta: «Gizarte kapitalista industrialak aberastasuna sortzen du erakundeak eratzeko, hala nola arte galeriak, unibertsitateak eta argitaletxeak, eta gero erakundeok gizarte hori gaitzetsi egiten dute bere diruzalekeria eta filisteismoagatik. Zentzu horretan, kulturaren egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea da».

Eta gero ere ezin nuen esan ados ez nengoenik. Izatekotan, terminoaren hautaketak sortzen zidan zalantza, egiten digutena kultura dela eta guk egiten duguna artea dela esan zuen norbaitek, eta aukeran artea jarriko nuke nik, artearen egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea dela sinistuta bizi bainaiz, baina osterantzean ezin nuen esan bat ez nentorrenik.

Hala ere, karranka egiten zidan esamoldeak, eta espainolezko itzulpenari egotzi nion errua hasiera batean, baina ez, halaxe zetorren jatorrizko bertsioan ere: In this sense, it is the role of culture to bite the hand that feeds it.

Nahi duzuena izango da Eagleton, baina ez ergela, eta errazkeriaz erabili izana ezin baztertuzko hipotesia izan arren, txandrioa orokorra baita eta ahuldadea ere bai, pentsatzekoa da nahita erabiliko zuela, edo hala pentsatu nahi dut behintzat, esamolde horren erabilerak berak erakusten baitu auziaren muina: kulturari jaten ematen zaio.

Aspalditik dator mezua, euskaldunok behin eta berriz entzun eta pairatu behar izan duguna: laguntzarik gabe kulturak ezin du bizi; erakunde publikoen babesik gabe kulturak erreka joko luke, ez litzateke buruaski. Kulturari jaten ematen zaio. Gezurra da, topiko bat, beste hainbeste bezala errazkeriaz eta erosoa delako errepikatzen duguna. Industriari ez, turismoari ez, beste ezeri ez; kulturari bakarrik ematen zaio jaten?

Baina kulturari jaten ematen zaio. Berez ezin du, gauzeztana da, menpekoa erabat. Bestela esanda: maskota bat.

Gizartearentzat kultura maskota bat da. Ez dut esan bankuentzat, enpresa multinazionalentzat, erakunde publikoentzat, alderdientzat, hagintarientzat, gizartearentzat esan dut.

Definizioz, basatitik zeukana erauzi, etxekotu eta gizakiari konpainia egitea beste zereginik ez duen animalia da maskota, tarteka sofaren tapizeria urratu edo alfonbra gainean pixa egin arren oro har esaneko eta otzan. Etimologiaz, zori ona dakarren konpainia, amuletoa, talismana. Gaur egun, besteak beste, kirol taldeen panpina.

1977an idatzi zuen John Berger zenak animalien eta gizakien arteko harremanari buruzko testu eder bezain beharrezko bat: Zergatik begiratu animaliei? Ez du maskota hitza aipatzen, baina hauxe dio besteak beste:

«Lehen, klase sozial guztietako familiek zeuzkaten etxean animaliak, baliagarri baitziren: etxea zaintzeko txakurrak, ehizarakoak, saguak harrapatzeko katuak eta beste. Beren egitekoa gorabehera animaliak edukitzeko ohitura berrikuntza modernoa da eta bakana historian, fenomeno horrek gaur egun hartu duen eskala soziala kontuan izanik. Erabat pertsonala izanagatik, familia unitate txikiaren intimitaterako aho batezko erretiraren parte da, kanpoko munduaren oroigarriz jantzia eta apaindua, kontsumo gizarteen berezko ezaugarrietarik».

Bada mundurik gaur?

Batzuetan ematen du kulturaren egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea izan beharrean, haginka egiten duen eskuari jaten ematea dela, lasaigarri bat, kontsolamendu bat, maskota bat.

Horixe gertatu zitzaion Picassoren Guernica ezagunari ere.

Baina beste batzuetan artearen egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea da oraindik, harrika egitekoa haginka egiten dion hagintari saldoari. Eta halakoetan pizten da, inoiz piztekotan, jatorrizko Guernica haren berezko indarra eta sinbolo unibertsal bilakatzeko ahala.

Zeini jaten eman, hura hazi. Zeini jaten eman, hura izan.

Jaten eman Jaten eman Jaten eman Jaten eman

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.