Jaietako kontzertuak: zer egin dugu gaizki hau merezi izateko?

Jaietako kontzertuak: zer egin dugu gaizki hau merezi izateko?

Hegoaldeko hiriburuetan, horixe da Salabardoak Gorka Bereziartuari Boligrafo Gorrian arrantzatu dion sarrerako titularrari ezabatu dioguna, laburtzeko asmoz. Osorik, Jaietako kontzertuak Hegoaldeko hiriburuetan: zer egin dugu gaizki hau merezi izateko? du izenburua, festetako musika egitarauek asaldatu dute-eta. Egia esan, ez dakigu ondo zergatik, urtero baitugu kontu bera.

Kontzerturen batera joateko gogoa daukat uda honetan, gustatzen zaidalako musika areto itxietatik ateratzea, kalea hartzea, beste erabilera batzuk izaten dituzten lekuetan nagusitzea. Gogo hori daukat beraz, eta okurritu zait begiratzea zer menu musikal prestatu diguten udalek aurten Hego Euskal Herriko hiriburuetako jaietan.

Jaietako kontzertuak: zer egin dugu gaizki hau merezi izateko?
Los Manolos, Donostiako Aste Nagusiko aurtengo izarrak.

Bilaketaren emaitzak pantailan dauzkadala, konstatatu dezaket 1) “gogoa daukat” esatetik “gogoa neukan” esatera pasa naizela eta 2) hori gertatzearen arrazoia dela ez daukadala premiarik ikusteko eszenatoki handietarako programatu dutena, izan ere 3) eskaintza ikaragarri aurreikusgarria da eta 4) badirudi antzeko softwarea erabili dutela lau hiriburuetan jaietako kontzertuen kartela osatzeko, nahiz eta 5) ez dakidan zein den programa informatiko horren izena, baina 6) emaitzak aztertuta, ulertzera iritsi naizen nola funtzionatzen duen.

“Arrisku ezaren printzipioa” da funtsezko osagaia gure hirien jai handietan zein musikari kontratatu erabakitzean, kontua ez baita programazio kultural aberats bat eskaintzea, zerbitzu publikoa eta tontakeria horiek, keba. Kontua da jende pila bat elkartzea, txanda horretan tokatu den politikariak esan dezan aurtengo festak ere arrakasta totala izan direla eta [jarri hemen kopuru astronomiko bat] pertsona joan direla musika emanaldietara.

Baina tira, den-denak ere ez du balio hori lortzeko. Azken finean, hiriko festak dira eta lokalismo hutsagatik bada ere, gidoiak eskatzen du zaharmintzen hasita dagoen bertako artistaren bati plaza ematea: Donostiak La Oreja de Van Gogh-ekin bete du baldintza eta Bilbok El Consorciorekin –kasu honetan zaharmintzen hasita dagoela esatea eskuzabal samarra ere bada–; Iruñeak berriz, Serafin Zubirirekin. Hiri Buruzagian El Columpio Asesino ere kartelean jarrita artista lokalaren kuota eta berritasuna uztartu dituztela pentsatzen baduzu, begiratu zein mendetan hasi zen talde hori jotzen.

Beti sartu behar dira ibilbide luze samarreko eta definitiboki hondoa jotako artista espainiarrak ere eta 2017ko jaietan espezie hori asko ugaritu da: Chenoa eta Los Secretos Donostian, Amaral eta Antonio Orozco Bilbon, M-Clan Gasteizen… Eta eskaintza oso zaharrunoa geratzen ari denez, konpentsatzeko iazko hit bat jotzeko prest dagoen norbait. Aurten Morat kolonbiarrek beteko dute funtzio hori Gasteizen eta Donostian –2016an “Como te atreves”-ekin belarriak odoletan utzi zizkiguten–.

Ia egina dago, falta den bakarra da tronpetismo pixka bat –Vendetta Iruñean, En Tol Sarmiento Gasteizen– eta rumba ere bai, udako beroari aurre egiteko ondo baitator gitarra bentiladore baten gisa jotzea –Los Manolos Donostian, agian Ernesto Gasco zinegotziak lagunduta; Gipsy Kings Iruñean–.

“Baina itxaron, ez itxi kartela: euskaldunak haserretuko zaizkigu”, dio teknikari batek. “Egia”, erantzun dio zinegotziak. “Benga, azkar, begiratu nork ekar dezakeen jende pixka bat euskaraz kantatuz, baina ez konplikatu gehiegi”. Emaitza: Zea Mays lau hiriburutatik hirutan –Bilbo, Iruñea, Gasteiz– eta Gozategi lautik bitan –Donostia, Iruñea–.

Panorama hori izanda, herri mugimenduen jai-esparruetako programazioak bakarrik obratu dezake mirakulua, kontzerturen batera joatera motibatuko gaituena. Baina nik mirakuluetan sinesteari aspaldi utzi nion.

Jaietako kontzertuak: zer egin dugu gaizki hau merezi izateko?
festak, jaien egitaraua, musika
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude