Jaialdi bat basamortu zabalean

1986an antolatu zuten lehenengo aldiz Burning Man. Orduko hartan, San Frantziskon egin zuten, hondartzan. Larry Harvey, Jerry James eta beste batzuk izan ziren sustatzaileak.

Urteen joanarekin hondartza txiki geratu zitzaien. Oso txiki. Eta hori dela-eta, basamortura lekuz aldatzea erabaki zuten. Jaialdiak hartutako tamaina ez da txantxetakoa:25.000 lagun elkartzen dira, alajaina! Sarrerek 210 eta 300 dolar artean balio dute eta urtarriletik eros daitezke Internet bidez.

Nola antolatzen duten dena?

Ba parte hartzaileek nork bere gauzak eraman behar dituzte. Den-dena. Janaria eta arropatik hasi eta higiene papereraino. Basamortuan ez dago ezer erosterik.

Urtero-urtero gai bat aukeratzen dute, parte hartzaileek gai horren inguruko ekintzak presta ditzaten. Aurtengo gaia, esate baterako, Metropolisa da. Hortaz, Atenas, Bagdad, El Cairo, Detroit eta beste hainbat hiriren izenak hartuko dituzte jaialdiaren txokoek.

Astebetez hamaika arte adierazpide egiten dituzte, eta etxera itzuli aurretik gizonezko baten irudi edo panpin erraldoiari su ematen diote –hortik datorkio izena hitzorduari-.

Antolakuntzak ingurumenari erreparatzen dio eta Burning Man egiteko hartutako basamortuko esparrua hasi aurretik zegoen bezala utzi beharra dagoela diote euren webgunean

Nevadako basamortuan egiten duten jaialdiaren irudia

Irudia | Nevadako basamortuan egiten duten jaialdiaren irudia | Zoshi | Creative Commons By SA

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.