J.B. Daskonagerre eta Lapurdiko atsotitz zaharrak (I)

Daskonagerre –

NOR ZEN DASKONAGERRE?

Jean Baptiste Daskonagerre Baionan sortu zen 1844. urtean, nahiz eta ainitzetan Donibane Lohizunen sortua zela erran den, familia umil eta apal batean. Lehenbiziko ikasketak Pasaian egin zituen eta geroko ikasketa guztiak, zuzenbidekoak eta historiakoak barne, Parisen burutu zituen. Filosofia, literatura eta hizkuntzak oso gogokoak zituen, hori dela eta, Parisen arlo horietan zebilen zenbait jenderekin harreman estuak ukan zituen.

Ikasketak amaitu ondoren, Euskal Herrira itzuli zen, eta Nafarroa Behereko Bastidan notari edo eskribau aritu zen. Zenbait urte berantago, lanbide bera landu zuen Baionan. Lapurdiko hiriburuan bizi zela, politikari lotu zitzaion eta horrela, bizpahiru aldiz, Kontseilu Orokorrerako diputatu aukeratua izan zen. Ohorezko Legioko Zaldun izatera iritsi zen. 1927an, Baionan hil zen.

DASKONAGERRE IDAZLE

DaskonagerreLouis Lucien Bonaparte printzeari idatzitako gutun batean irakur daitekeenez, bere idazlanak printzearen babespean jarri zituen. 1867an, “Les Echos du pas de Roland par J.B. Dasconaguerre, membre du Conséil général des Basses-Pyrénées. Traduit de basque” izeneko eleberria argitaratu zuen, Frantzia aldean ospe handia lortuz. Lan honen mataza honetan datza: Lehen karlistaldian Ganix mugalariak Beirako printzesa bere lehengusu eta senargaia zen Don Karlos erregegaiarekin elkartzen lagundu zuen Hegoaldera pasaturik eta frantses gobernuaren zelatariak aho bete hortz utzirik.

Ospea lortzean, jendea euskaraz idatziriko jatorrizko testua eskaka hasi zitzaion, eta inon azaltzen ez zenez gero, itzultzeari ekin behar izan zion. Ez dago bat ere garbi berak euskaratu ote zuen edo beste norbaitek itzuli egin ote zion. Gauza da, Donibane Lohizuneko lapurteraz idatzitako liburua “Atheka gaitzezko oihartzunak”  izenekoa 1870. urtean plazaratu zela. Handik gutxira espainieraz egindako bertsioa kaleratu zuten. Izan ere, garai hartan ez zen euskaraz idatziriko eleberririk. 1881n argitaratu zen Juan Antonio Mogelen “Peru Abarka” famatua, Zenbait urte beranduago, 1889an hain zuzen,  Jean Baptiste Elizanbururen “Piarres Adame” eleberri laburra plazaratu zuten eta 1890ean Resurrección Maria Azkueren “Behin da betiko” izeneko eleberria, hau ere aski laburra zelarik. Txomin Agirreren lehen eleberria, “Auñemendiko lorea” izenekoa, 1898. urtean argitaratu zen. Kritiko aunitzen ustez, hauxe omen da plazaratu den egiazko lehen euskal eleberria. Beraz, Daskonagerreren eleberri itzulia euskaraz idatziriko eleberrien nolabaiteko aitzindaria izan zela baiezta dezakegu.

Haatik, hau ez da Daskonagerrek idatzi zuen liburu bakarra, 1880. urtean “Golfe de Gascogne eta Pays Basque” liburu etnografiko ederra plazaratu baitzuen. Liburu hau hitzaurre batez eta hamaika kapituluz osaturik dago. Hona hemen kapitulu horien nondik norakoak:

  1. Gaskoiniako golkoa
  2. Euskal Herria
  3. Industria eta merkataritza
  4. Baionatik Isturitzeko leize-zulora
  5. Beltzuntzeko gazteluaren hondakinak
  6. Isturitzeko leize-zuloa
  7. Euskaldunen emigrazioa
  8. Bidaxuneko gaztelutik Hazparne, Kanbo eta Uztaritzera
  9. Euskaldunen sorrera. Euskara
  10. Errolanen Atheka, Itsasu, Ezpeleta, Ainhoa, Sara, Senpere, Azkaine eta Larrun mendia
  11. Donibane Lohizune, iragana eta geroa.

Eta horietaz guztiez gain, Lapurdiko itsas hegiko 69 atsotitz zahar biltzen dituen bilduma ederra. Eta hauxe da, zorigaitzez, gure artean horren ezaguna ez den ikerketa lana. 1883. urtean hirugarren liburu bat plazaratu zuen, Recit Basque. Mendigor- Içareder  izenburu zuena.

 

C.- ATSOTITZAK EUSKAL LITERATURAN

Atsotitzak, errefrau, erranairu edo erran zaharrak dira, Gotzon Garateren hitzak erabiliz, herriak eguneroko bizimodutik atera eta modle tinkoetan erabiltzen dituen, belaunaldiz belaunaldi igarotzen diren eta zerbait irakasten duten esaera gogoetatsu laburrak. Bestela esanda, atsotitza herriak esperientzian oinarriturik emandako aholku edo irakasbidea da.

Esteban Garibai arrasatearrak lehen atsotitz bilduma plazaratu zuen 1533. urtean. Osora 37 atsotitz bildu zituen eta bizkaieraz idatzirik. 1596an, Iruñean, 539 atsotitz biltzen zituen “Refranes y sentencias comunes en Bascuence, declarados en romance” izeneko bilduma argitaratu zuten. Hau ere bizkaieraz idatzirik dago, hori dela eta, zenbait ikertzailek Garibaik idatzi zuen eta gaur galdua den bigarren bilduma izan daitekeela diote.

XVII. mendeko hastapenetan, Zalgizeko Bertrand Zuberoako jaun higanotak 196 atsotitz biltzen zituen bilduma egin zuen. Zubereraz idatzita daude. Handik zenbait urtetara, Jakes Bela abokatu eta idazle mauletarrak esaera zaharren sorta bat idatzi zuen. 1657. urtean Allande (Arnaud) Oihenart zuberotarrak 706 atsotiz biltzen zituen “Les Proverbes Basques recuillis par le Sr. D. Oihenart” izeneko bilduma argitaratu zuen. Hauek ere, denak zubereraz idatzirik.  Mende beraren erdi aldera, Lope Martinez Isasti lezoarrak 85 atsotitz biltzen zituen bilduma burutu zuen eta “Compendio historial de la M.N. y M.L. provincia de Guipuzcoa” izeneko liburu mardularenbarruan kokatu. Zoritxarrez, liburu hau ez zen argitaratu 1850. urtera arte.

XX. mendearen hastapenetan, Resurreción Maria Azkue bizkaitarrak ia 3000 atsotitz biltzen zituen bilduma kaleratu zuen “Euskal Erriaren Yakintza” izeneko bildumaren hirugarren liburukian. 1936z geroztik, Jean Elizalde “Zerbitzari” azkaindarrak, “Gure Herrian” aldizkariaren zenbakietan, Iparraldeko atsotitzak biltzen zituen “Zuhur hitz eta erran zahar” izeneko bilduma ederra plazaratu zuen. Damaso Intza nafarrak 2.489 atsotitz biltzen zituen bilduma burutu zuen eta Antonio Zabala tolosarrak, bi liburutan, 3.000 atsotitz inguru biltzen zituen bilduma plazaratu zuen berak zuzentzen zuen “Auspoa” izeneko argitaletxearen bitartez.

XXI. mendearen hastapenetan, 2003. urtean hain zuzen, Gotzon Garate idazleak orain arte arlo honetan egin den bildumarik handiena burutu eta plazaratu zuen “Atsotitzak” izenburu zuen liburu mardulean.

Bertan, euskarazko 16.989 atsotitz biltzeaz gain, espainierazko 5.475, ingelesezko 4.263 eta latinezko 3.789 atsotitz eman zituen euskaraz ere emanik. Osora 30.466 atsotitz bildu zituen, orduz geroztik atsotitzak aztertzeko eta erabiltzeko guztiz beharrezkoa bilakatu den aipatutako liburuan. Liburu honetan, Gotzon Garatek orain arte aipaturiko atsotitz bilduma guztiak aipatzen baditu ere, J.B. Daskonagerrerenaz ez du txintik ere esaten.

Daskonagerre
Daskonagerre  Daskonagerre
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

8 pentsamendu “J.B. Daskonagerre eta Lapurdiko atsotitz zaharrak (I)”-ri buruz

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-06-02 17:05

    Joseba, Daskonaguerre ez nuen ezagutzen, bainan egiten diozun kurrikuluma ikusita, eleberria euskaraz idazteko kapable izaiteko, nun ikasi eta pratikatuko zuen euskara ba, gainera Donibane lohitzunekoa? Pasaian?
    Ez duzu gehiago uste frantsesez idatzia zuela egiatan, eta, tituluan zegoena marketin hutsa zela?
    Azken detalle bat: Lapurtarrentzat Baiona ez da Lapurdiko hirinausia baizik Frantziarrek Iraultza denboran, Lapurdi suntsitu eta, bortxaz sortu eta inposatutako suprefekturaren hiri nausia.

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2019-06-02 19:31

    2 kontutxo aipatu errefrauak direla eta:
    1. Esteban Garibaikoa 1533an jaio zen eta 1599an hil. Eta 1591n eta 1592an idatzi zituen bi errefrau bilduma Juan Idiakezkoaren eskaeraz, bat A deitu ohi dena 63 esaerarekin, eta bigarrena, B, 64rekin, nahiz eta hauetako hainbat, asko, errepikatzen diren bi bildumetan, edota oso antzera ematen diren. Sarean erraz topatzen da J. Urkixok 1919an RIEVen eginiko argitalpena. (Hala nola, topatzen diren beste gehienak ere.)
    2. Salbu, Joseba, bestela aipatzen dituzun Daskonagerrek bide bildutako: “Eta horietaz guztiez gain, Lapurdiko itsas hegiko 69 atsotitz zahar biltzen dituen bilduma ederra. Eta hauxe da, zorigaitzez, gure artean horren ezaguna ez den ikerketa lana.”
    Nik ez ditut ezagutzen. Zuk? Non direnik? Mila esker.

    Eta eskerrik asko ere egiten dizkiguzun ekarpen interesgarri guztiengatik.

  • Joseba Aurkenerena
    Joseba Aurkenerena 2019-06-02 22:48

    Beñat, gauza jakina da marketin kontua izan zela eta liburua frantsesez idatzi zuela. Itzulpena gero etorri zen jatorrizko liburua eskatzen hasi zitzaizkionean. Nork egin zuen itzulpena? Auskalo!
    Bittor, milesker zure zehaztasunengatik. Aipatu 69 atsotitz horiek Daskonagerrk 1880. urtean plazaratu zuen “Golfe de Gascogne et Pays Basque” izeneko liburuan ezarri zituen. Artikulu honen bigarren zatian plazaratuko ditut.
    Adiskidetasunez agurtzen zaituztet.

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2019-06-03 10:27

    Eskerrik asko, datozkigukeen atsotitzengatik. Daskonagerreren itzulpenaren inguru, Ander Lakarrak Klasikoak sailerako prestatu zuen nobelaren euskarazko bertsioaren aurkezpenean, Larregi, Gibert eta Vinson aipatzen ditu itzultzaile. Hala dio: “Irakurleek euskarazko jatorrizko testua eskatu ziotelarik, obraren euskarazko itzulpena prestatzeari ekin zion. Hori egiteko gauza ez zenez, Larreguy apaizaren eta Larresoroko Guibert ikaslearen laguntzaz eta azken zuzenketak jasotzen dituen aurkezten ari garen Vinson-en honekin, Atheka-gaitzeko oihartzunak euskarazko moldaketa kaleratu zuen (1870).”

  • Javier Cuadra 2019-06-04 18:01

    Itzulpenaren egiletza eta inguruko zertzelada batzuek Jules Vinson berak aipatu zituen, luze: ESSAI D’UNE BIBLIOGRAPHIE, etc… (I, 335 eta hurr.).
    Milesker oraingoagatik, eta hurrengoaren zain geratzen gara.

  • Azken portu 2019-06-04 18:34

    Ekarpen ederra, Joseba, beti bezala.
    Eta galdera bat Beñatentzat: zein da benetako hirinagusia lapurtarrentzat? (ez nuen frantziarren inposaketaren berririk)

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-06-04 19:21

    Bai ekarpen ederra eta interesgarriak ere sortzen dituen iruzkinak.
    19 mendean Euskal herriak bazuen exotismo kutsu bat idazle frantsesentzat, eta, asimilatuenek ere bazuten halako fiertate bat gogorarazteko bazutela euskal jatorri bat jende umila usu konplexatua zelarik.
    AP, 1789eko iraultza frantsesetik Lapurdi ez da gehiago existitzen administrazio errepublikarrarentzat, gure euskal tradizioan eta folklorean oraindik bizirauten baidin badaere Nafarroa behera et Xuberoa bezala.
    Beraz Lapurdi bizi zen azken mendean, bere erakunde politikoa, alegia, Lapurdiko biltzarra, uztaritzen biltzen zen bainan lehenago bil zitekeenberdin Hazparnen edo Donibane lohitzunen edo Lapurdiko beste herri batean, Baionan ez ordea, Baiona ezbaitzen Lapurdin, lapurtarren betiko arerioa baizik.
    Zuzeun bertan aurkituko ditutzu testuak, batez ere Michel duharten testuen itzulpenak hau esplikatzen dutenak.

  • 1867ko Ganix Ganis mugalariaren izena dokumentatuta dago duela 1.700 urte Iruña-Veleian… neska bat azaltzen da ostrakan. Eskerrik asko, ez bait nekien GANIS Joana /Joanes izen txikia zenik:
    http://ostraka.eus/2019/06/05/17194-ganis-joanes-izena-txikia/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude