Izurriteak eta komikiak

Izurriteak eta komikiak –

KM kulturuneko Komikigunetik jasoa.

Gaitzak edo izurriteak historian zehar hainbat pelikula, ikerketa, saiakera, poema, komiki zein eleberritan landu izan dira. Eleberritan esaterako Gotzon Garateren “Izurri berria” euskaraz, “La montaña mágica” Thomas Mann idazlearena 1924an, gero Albert Camusen “La peste” 1947an edo José Saramagoren “Ensayo sobre la ceguera” 1995ean.

Izurriteak eta komikiakKomikiari dagokionez ere, lan itzelak aipatu daitezke gai hauen inguruan, duela hainbat urte gaurko egoera aurre-ikusi zutenak ere badaude tartean. Telebistako izar izan diren Simpson familiak geroaldia iragarri zuen bezala, gaur egungoaren izen berdineko “Coronavirus” pertsonaiaren kontra aritu ziren Asterix eta Obelix “Asterix Italian” komikian. Kasu honetan, Asterix eta Obelixen aurkaria Testus Terone da eta zalgurdi lasterketa bat egingo dute elkarren kontra. Hortaz, Goscinny eta Uderzok arerioa bere izen propioz ezagutu zuten, eta Francisco Ibañez berriz, orain bizitzea tokatu zaigun hainbat egoeraren iragarle izan zen. “La gripe U” alean Mortadelo eta Filemonek gripeari egin zioten aurre, gainera gripe hori ere Italia eta Txinan zabaldu eta azkenik mundu osoan hedatu zen. Maskarilla guztiok erabili beharko genuela ere aurre-ikusi zuten komiki horretan, baita Bacterio irakasleak bere arnasteko aparailu propioa sortu edo epidemiarekin amaitzeko txertoaren beharra ere aipatzen ditu ale berdinak. Antzeko gaia darabilte ere “El transformador metabólico” edo “El sulfato atómico” komikietan.

Iragarpenak alde batera utzita, komiki apokaliptikoei eta birusaren hedapenaren inguruko komikiei buruz ere jardun nahi dugu hemen. Hori bai, hau aukeraketa txiki bat besterik ez dela azpimarratu nahi dugu. Klasiko batetik abiatuko gara, Héctor G. Oesterheld eta Francisco Solano Lópezen “El eternauta”. Komiki honetan gidoigilea pertsonaia bihurtuz berak entzuten du Juan Salvo eternautaren historia. Juanek kontatzen dio gidoilariari nola elurte arraro bat hasi zen, elurteak azpian harrapatutakoak hiltzen zituen, alienigena batzuen etorrerak historia konplikatzen duen…Eman nahi duen mezua oso argia da: bizidunen bizitzari eman behar zaion garrantzia eta bizidunen arteko kolaborazioa, egoerari buelta eman eta aurre egiteko derrigorrezkoa baita. Badirudi ez direla urteak pasa, eta gaur egun ere mezu berdinak izugarrizko garrantzia dauka.

Bada gai hauetan nagusitasun berezia duen azpigenero bat, zombiena hain zuzen ere. Robert Kirkmanen “Los muertos vivientes” komikia edo “The walking dead” seriea esaterako. Kasu honetan Rick Grimes polizia koma egoeran egon ostean, esnatu eta mundua zonbiek inbaditu dutela topatuko du. Bizirik ateratzea lortu duten gutxi batzuen buru bihurtuko da beraien bizitzak salbatzeko saiakeran.

Brian K. Vaughan eta Pía Guerra marrazkilariaren “Y: el último hombre” komikian berriz, Y kromosoma dutenak akabatzen dituen izurria ezagutu dezakegu. Bertan Yorick Brown eta bere tximino kaputxinoa, etxekotutako aberea, dira protagonista. Estatu Batuetako agente sekretu bat eta mediku batekin batera protagonista bere neska-lagunaren bila abiatuko da, baina bitartean, munduan bizirik geratu den gizaki bakarra izanik, hainbat erakunde ibiliko dira bere atzetik.

“Involution” komikian Rick Remenderrek gizakiak sortu duen birus batek gizaki, landare eta animalietan sortzen duen atrofia kontatzen du, birusaren eraginez oinarrizko egoera batera bilakarazten ditu bizidunak. Protagonista Raja da, inmunizatua dago eta aurreko egoerara itzultzeko bideari ekingo dio.

Umorezko komikira itzuliz, Asterix eta Obelix eta Mortadeloz gain, beste pertsonaia batzuk ere egin izan dute birusen kontra, adibidez Superlópezek “El virus Frankenstein” komikian. Kasu honetan pertsonak desitxuratzen duen gripe izurrite bati egin behar dio aurre Superlopezek, gainera azpijokoa ere badauka, atzean interes ekonomikoak baitaude. Spirou eta Fantasioren “Virus” komikian, Antartikako base batean, gaixotasunen biltegi eta ikerketa zentro bateko toxina batek ihes egin eta bizirik pertsona bakarra geratuko da basean. Spirou haruntz abiatuko da bere lagunekin batera Condek prestatutako antidotoarekin, baina ez dira izango hara gerturatuko diren bakarrak.

Superheroiak ere protagonista izan dira honelako egoeretan, esaterako “DCeased” Tom Taylorren seriean bezala. Birus teknologiko bat iritsiko da lurrera eta biztanleri osoa gaizkile eta inkontrolatu bihurtuko du, gune apokaliptiko honetan DC unibertsoko heroiak beraien pertsona maiteenak salbatzeko borrokan ibiliko dira. Eta nola ez, Marvelek ere badauka berea. “Contagion” komikian New York mehatxatuko du infekzio arraro batek, biztanleria eta Marveleko superheroiak ere mehatxatuko ditu infekzio batek.

Azkenik erakusketa birtual bat aipatu nahi dizuegu gai honekin amaitzeko: “Virus y epidemias en el cómic” Tebeosferak egindakoa da, azalpenean esan zuten moduan ez da erakusketa kutsakorra eta lasai ikus dezakezue.

 

Irudia: Peyo komikigilearen pitufo beltzen alekoa da. Jatorria: Zonanegativa

Izurriteak eta komikiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.