Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait

Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait –

Aspaldian izan ditut hainbat gogoeta Izarlandako Bideaz eta haren jatorriaz. Noiz sortu zen? Zertarako? Zergatik ekialdetik mendebaldera? Zergatik Esnebidearen norabideari jarraituz? Done Jakueren hilobia gurtzeko sortu al zen? Haatik, nehoiz ez ditut plazaratu. Aurten adiskide batek Izarlandako Bidea egin du eta ondoren haren gogoetak eta oharrak jasotzen dituen liburua argitaratu. Hauxe izan da, nire buruan aspalditik jira-biran nituen ideiak eta gogoetak antolatzeko eta bideratzeko abagunea. Horratx!

Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait

1.- Done Jakue Bidearen kontakizun eta historia ofiziala

Herrialde eta kultura guztietan izan dira erromesaldiak, ainitzetan erlijioarekin edota sinesmen zaharrekin lotuak izan direnak. Europan hauxe da indarrik handiena hartu duena. Kontatzen digutenez, Santiago Nagusia Nazareteko Jesusen jarraitzaileetako bat izan zen, martiri moduan  hil zuten lehena. Haren gorpua Galiziara eraman omen zuten eta leku sekretu batean ehortzi. 820an, erromatarren aztarnategi abandonatu batean aurkitu omen zuten eta bertan elizatxo bat eraiki zuten haren oroitzapenez. Hurrengo mendeetan eliza hori handituz joan zen gaurko katedral handia bilakatu arte. Hasieran penintsulako iparraldean ziren erresumetakoak izan ziren saindua gurtu zutenak eta haren hilobia aterpetzen zuen elizara joaten zirenak. Baina, denborarekin batera, legenda eta istorio franko asmatu eta zabaldu zituzten, Done Jakueren izena Europako bazter giristino guztietara hedatuz.

Horietako istorio batek erraiten zuenez, Xarloman bera izan zen hilobiraino joan zen horietako bat eta bertan, Done Jakueren benedikazioaz, bere ezpata indartu eta sendotu egin zuen. Ez zion deusetarako balio izan, zorionez, Orreagan, Ibañeta aldean, baskoiek eman zioten zafraldia eragozteko. Hori bai, geroxeago asmatu zuten Le Chanson de Roland izeneko erromantze epiko apologetikoan, ez zuten deus kontatu euskaldun menditarren erasoaldiaz, eta frankoen armadan egindako sarraskiaren egiletzat, musulmanak zituzten ezarri. Frankoek Euskal Herrian egin zuten inbasio eta arpilatzeak gurutzada saindu moduko bat izan zirela zabaldu zuten eta Xarloman enperadore malapartatu eta gaizkilea giristinotasunaren zaindaritzat jarri.

Erromantze horrek lagundu zuen, geroago,  Frantzian eta Alemanian, Done Jakueren hilobiaren legenda zabaltzen. Europako mendebaldeko agintariek eta Erromako Elizak zabalkunde handia eman zioten sineste honi, eta erromesentzako bidea antolatu eta prestatu zuten, aterpetxeak, ospitaleak eta elizak nonahi eraikiz. Horrela Erdi Aroan Done Jakueren bidea Europan zen erromesaldirik handiena izatera iritsi zen eta XI. mendetik XVIII. mendera horrela izan dela erran daiteke. Hori bai, mende horietan guztietan izan dira goraldiak eta beheraldiak. XIX. mendearen erdialdean bide zaharrak egokitzen eta berreskuratzen hasi ziren eta gaur egun loraldi berri eta handi batean gaudela erran dezakegu, ainitz eta ainitz baitira, arrazoi batek edo besteak bultzatuta,  urtero Konpostelako Done Jakueraino oinez joaten direnak.

Izarlandako Bideaz gogoeta zenbaitEuskal Herrian lau bide nagusi izan ditugu. 1.- Baztango bide zaharra Baionan eta Uztaritzen hasten zena, eta Zuraide eta Ainhoatik barna, Otsondoko mendatea pasatzen zuena Amaiurrera eta Elizondora iristeko eta hortik Iruñeraino. 2.- Nafar bidea (Frantses bidea ere deitua), Izpura edota Donibane Garazitik abiatzen dena eta Orreaga igaro ondoren, Iruñeraino joaten dena. Iruñean bat egiten du Baztango bidearekin, eta Lizarra, Gares eta Vianako bideetatik barna, Espainiara sartzen da. 3.- Itsasaldeko bidea, Baionan hasten dena, eta herriz herri, Donibane Lohizune, Hondarribia, Donostia, Bilbo eta gainerako herriak zeharkatuz Espainiara kostaldetik sartzen dena, eta 4.- Aragoiko bidea. Bide hau Aragoitik dator eta Nafarroara Zangoza eta Irunberritik sartzen zaigu, hortik herriz herri eta pentzez pentze Garesera eta Vianara, eta hortik Espainiara Logroñotik sartzen dena.

Aipatzekoa dugu hemen, Aymeric Picaud izeneko monje eta erromes frantsesa, XII. mendean Frantses Bidetik barrena, Nafarroan ibili zena eta Codex Calixtinusedo Liber Sancti Jacobieskuizkribua idatzi zuena. Aipatu liburuan egindako bidea kontatzeaz gain, era guztietako oharrak ematen ditu. Bada liburu honetan euskal hiztegino bat, euskarazko hemezortzi hitzen erranahaia agertzen duena. Hiztegi ttipi honen xedea erromesei laguntzea zen, Euskal Herritik barrena pasatzen zirelarik, oinarrizko hainbat hitz ezagutu zitzaten: ogui, ardum, aragui, araign, gari, uric, Done Jakue, Andere Maria…,  eta abar.

2.- Izarlandako bide eta erromesaldi zaharra

Badira, berriz, beste kontakizun batzuk bide hau izarren bidearekin, hau da, Esnebidearen norabidearekin lotzen dutenak, eta neolitotik datorkigun kontua dela erraiten digutenak. Horretaz mintzo zaigun iturrietako bat Louis Charpentier kazetari, bidaiari, idazle eta argitaratzaile frantsesak  hirurogeiko hamarkadaren bukaeran idatzi eta plazaratu zuen Les Jacques et le Mystère de Compostelle izeneko liburua dugu. Aipa dezadan, idazle honek ainitzetan aztertu zituela euskaldunak eta haien berezitasunak.Horrela, euskaldunen jatorriaz interesaturik, 1975. urtean Le mystère basqueizeneko liburua argitaratu zuen.

Izarlandako Bideaz gogoeta zenbaitCharpentierrek Le Mystère de Compostelle liburuan Done Jakue Bideko toponimia aztertu zuen, eta leku-izen askok izarren aipamenak egiten zituztela ondorioztatu zuen. Haren ustez, Europa zahar-zaharrean, neolito aroan, bazen herri zahar bat Europa osoan zehar zabaltzen zena. Ligurrak zirela erran zuen berak, euskaldunen arbaso zaharrak omen. Gaur egun, Europa osoan, genetikan eta hidronimia eta toponimiari buruzko ikerketetan oinarriturik pil-pilean dagoen euskoeuropeismoak gauza bera dio, baina teoria horren aldekoek neolitoko herri zahar horri protoeuskalduna deitzen diote.

Gauza da, herri zahar horrek bazituela bere sinesmen zaharrak, naturalista-animistak zirenak, eta natura gurtzen zuten: zuhaitzak, ibaiak, mendiak, eguzkia, ilargia, izarrak… Horregatik, haien izpiritualtasunak horrela bultzaturik, Esnebidearen norabideari jarraitzen zioten, ekialdetik mendebalderaino, eguzkia sortzen den lurretatik hiltzen den itsaso urruneraino. Bizitzaren eta heriotzaren bidea zela erran daiteke, izarren ildoari jarraiki egiten zuten bide magiko eta sakratua. Bide horretan baziren hainbat gune magiko zirenak, haritz zaharrak, errekak edota mendiak gurtzeko aukera ematen zietenak. Indoeuroparrak Europara iritsi zirelarik, sinesmen honekin jarraitu zuten, Europa osoan arras erroturik baitzen eta zelten druidek Europako iparraldetik Pirinioetaraino joaten ziren xendra magikoak zaintzen eta gidatzen omen zituzten.

Beraz, bide hau zahar-zaharra dugu, Izarlandako bidea, eta Done Jakueren kontua askoz berantiarragoa da. Giristinoek euren fedea Europan zabaldu zutenean, topo egin zuten aitzineko sinesmen zaharrekin, eta maisukiro jokatu zuten horiek mezuz eta izenaz aldatzen eta haien erlijiorako eskuratzen. Solstizio eta ekinozioetako besta eta erritoekin egin zutena dugu horren adibiderik argiena. Neguko solstizioa Eguzki Sortu Berria gurtzeko garaia zen Europa osoan, hortik datorkio euskaraz duen izena: Eguberri (eguzki berria). Horren ordez, Jesusen sortu berriaren eguna ezarri zuten. Udaberriko ekinozioan lurraren iratzartzea ospatzen zuten, hau da, inautea, eta horren ordez Garizumaren aitzinean karnabala zuten jarri eta sustatu. Udako solstizioan eguzkiaren indar gorena gurtzen zuten, eta horren ordez San Joan Gaua zuten ezarri. Eta udazkeneko ekinozioan Sugaar edo herensugearen besta ospatzen zen, eta hortxe ezarri zuten San Migel, dragoia hil zuen saindu giristinoaren gurtzea.

Bestelako errito eta bestekin antzeko zerbait egin zuten, besta eta istorio berriak asmatuz. Horrela egin zuten Euskal Herrian, lurra iratzartzeko makilez lurra jotzen egiten zuten bestarekin. Kasu honetan Sizilian hil omen zuten Agate Deunaren martiria jarri zuten besta erritual honen ardatz, eta abar eta abar.

Beraz, eta laburbiltzeko, Louis Charpentierren aburuz, Done Jakue Bidea Izarlandako Bidearen izpiritualtasuna ordezkatzeko asmakizuna izan zen, besterik ez.

 

3.- Izarlandako bidearen bi lekukotasun

Ene ustez, Louis Charpentierren teoriak badu bere funtsa, horrelako ordezkapenak ugariak izan baitira gizateriaren historian. Sinkretismoaren kontuak, azken finean. Modu batez edo besteaz, gauza da Izarlandako bideak Europaren historian eta kulturan pisu handia izan duela beti. Ainitz izan dira bidea egin dutenak eta ainitz izan dira, Aymeric Picaud bezala, beren oharrak eta kontakizunak idatzi dituztenak. Nik orain segidan bi euskaldunen testigantzak aipatu nahi nituzke. Lehena gipuzkoarra zen eta bigarrena lapurtarra dugu.

Lehena Juan Luis Mendizabal Markiegi zarauztarra dugu, margolaria izan zena, Mendi ezizenaz bere margolanak izenpetzen zituena. 1989ko maiatzaren 31n, Donibane Garazitik abiatu zen Orreaga alderantz, eta ekinaren 24an iritsi zen Santiagora. Bidea Xebe Aldasoro donostiarrarekin batera egin zuen eta eguneroko bat idatzi zuen egindako bidearen nondik norakoak eta ikusitakoak kontatuz. Horretaz gain, margolaria zenez, kolorezko sekulako marrazkiak egin zituen, hitzez kontatzen zuena hobeto azaldu nahian. Horrela sortu zen Nire Santiagorako bidea izeneko liburuxka miresgarria, artelan ttipia dena, eta Kutxak 1991n edizio mugatu batez plazaratu zuena.

Liburuaren bukaeran honako deskripzio ederra egin zuen: “Egunez mendiak, oihanak eta pentzeak korritzen ditugu, eta gauez, izerdiz eta minez amaitzen dugu. Egin eta desegin egun berean. Goizaldeetan, berriz bideari lotzen gatzaizkio. Erromesok ez dakigu ongi zein izanen den egunean zehar eginen dugun bidea, baina egin egiten dugu. Santiagotik gero eta hurbilago. Eguzkiak gure motxila berotzen du eta gure itzala zanpatzen dugu, behin eta berriz.

Castrojerizen bi zakur ari dira jostaketan, zaharra bata, gaztea bestea. Zaharra handi samarra da eta gaztea lurrera botatzen du eta ahozpezka jartzera behartzen du. Ihes egiten uzten dio eta gaztea, berriz harrapatzen uzten da. Jostaketan ari dira. Halako batean, bide lanetan ari den gizon zakar bat harrika hasten zaizkie, barre algaraz. Bi zakurrek ihesari ekiten diote. Ordokiak, gari, olo eta zekale zelai amaigabeak, zuhaitz gutti, iturri gutti Palentzia eta Leonen artean.

Galizian, andre alargun gazte batek bi behi, hiru ardi eta ahuntz bat eramaten ditu bide bazterretik, pentzeetan sartzea ez baitiote uzten. Elizak itxita daude, harriak erotzen dira eta herrixkak biztanlerik gabe ari dira gelditzen. Hala ere, neska galiziar gaztearen edertasuna miresteko modukoa da, maitasunez zaintzen du bere artaldea eta bere baitan itxaropena igarri daiteke.”

Bigarrena Xerar Urrutia Jorajuria dugu, urruñarra. 2019ko uztailaren 7an, Iruñean eta Lesakan San Ferminak ospatzen zituzten egun berean, Donibane Garazitik Orreaga alderantz abiatu eta agorrilaren 8an Santiagora iritsi zena. Bidea bakarrik egin zuen eta eguneroko oharrak kaiera moduko batean idatzi zituen. Ohar horiekin Nere Izarlandako Bidea izeneko liburua plazaratu zuen Urruñako Migelenia argitaletxearen bidez. Liburu ederra, atsegina eta umorez bete-betea. Done Jakue bidea egiteko asmotan baldin bazaude, irakurle, liburu honen irakurketa gomendatzen dizut, lagungarri eta bihotz-altxagarri izanen zaizulakoan.

Liburuaren bukaeran bideak sortu dizkion gogoeten berri ematen digu. Ikus dezagun:  Zergatik egin dutan Done Jakue bidaia hau oraindik ez dakit. Egin dut eta kitto. Egin dut 33 egun emanez, bost asteko bidaia. Pentsatzen dut bost aste horiek segidan egin behar direla nahiz eta entzun dutan, ezker-eskuin, ahal den bezala edo nahi den bezala egin behar dela, neretzat ez badira bost asteak segidan pasatzen Konpostelako bide hauetan zerbait galtzen da. Galtzen dira hogoita hamahiruren sufrikamendu egun ttiki horiek, hobekiago erranez traba ttiki horiek, bainan neretzat inportanteagoa da bost aste horiek segidan egitea, horrela harreman paregabeak, adiskidantzak eta lagun berriak egiteko aukera ederra izaten delako. Huts bat bezala sentituko nuke ez banu osoki, moztu gabe, egiten bidaia xoragarri hau.

Bistan da astia behar dela eta prestatu behar dela bai fisikoki bai mentalki. Nere ustez hobe da itxoitea astia ukan arte eta prestatua izan arte, osoki, bost astez egiteko Done Jakue bidaia hau. Beste modu batean eginez, aste bat edo bi aurten, beste bi aste heldu den urtean edo beste edozein formula hautatuta, beti, beti, zerbaiten eskas egonen da ibiltaria. Gainera uste dut ere nahiz eta ez den bidaia bat erresa, borondate eta gogo haundi batekin, edozeinek egiten ahal duela bidaia eder, interesgarri eta xoragarri hau. Abia zaite bidean orain eta lortuko duzu!”

Bistan da Izarlandako Bideak gogoetarako astia eskaintzen duela, eta asko dira hauek bezalako bide-liburuak egin dituztenak. Erromesaldi honek gogoeta pizten du gure baitan eta gogoetak burura dizkigu ekartzen. Horixe da ere niri agitu zaidana, testu hau idaztea deliberatu dudalarik.

Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait Izarlandako Bideaz gogoeta zenbait
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude