Sautrela 398: Ixiar Rozas, fikzioaren nekea eta Emakume biboteduna

Ixiar Rozas

Hitzekiko lilura izaten da maiz idazle askoren akuilua. Horixe izan da, neurri batean, Ixiar Rozasen azkeneko lanaren iturburu. Beltzuria izena du eta hitz horren eta beste zenbaiten esanahia eta izaeraren inguruko hausnarketek bilbatzen dute liburua. Horretaz gain, Etxalarko aitona bertsolariaren kontuak eta beste zenbait irakurtzen ahal ditugu obra konplexu bezain bakan horretan. Liburuak badu autobiografiatik, memoriatik, saiakeratik, fikziotik ere bai, eta ondorioz, zail egiten da sailkatzen, dena sailkatzea eskatzen duen gizarte honetan. Ixiar Rozas izango dugu gurekin, beraz, Sautrelan larunbat honetan. Gaztea izanagatik dagoeneko ibilbidetxoa egin duen idazlea dugu, narratiban batez ere, baina baita poesia edo antzerkigintzan ere. Literaturan ez ezik arte performatiboetan ere lan egiten duen idazlea dugu, eta arte hezkuntzako irakasle da halaber HUHEZIn. Izango dugu Rozasekin zer solastatu honenbestez.

Bestetik, irudipena dugu azken boladan gure idazleek geroz eta gehiago jotzen dutela fikzioaren ertzetara, edo zuzenean, fikziozkoak ez diren lanetara: memoriak, biografiak… Horretaz gain, sarritan esaten da urteek aurrera egin ahala fikziozkoak ez diren liburuetara geroz eta gehiago jotzeko joera dutela irakurleek. Benetan hala ote? Zergatik? Aste honetako erreportajean gure idazleetako batzuekin egin dugu berba jakiteko eurek ere nekaturik ote dauden fikzioaz, edo kontrara, beti bezain gustura sentitzen diren fikzioaren eremuetan.

Azkenik, Beñat Sarasolak, saioaren bukaeran Xabier Montoiaren lehen narrazio liburuetako bat izango du aztergai: Emakume biboteduna. Huraxe izan zen Montoiaren lehen ipuin bilduma. Gerora genero horretan lan nabarmenak argitaratu zituen, eta nola ikusten da egundik estreinako hori?

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.