[Kafe Aleak] Isidro Elgezabalek Su Ta Gar

[Kafe Aleak] Isidro Elgezabalek Su Ta Gar –

[Kafe Aleak] Isidro Elgezabalek Su Ta Gar

.

Su Ta Gar

“Jaiotze basatia” (IZ, 1991)

.

Abuztuak 14,1990. Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxera abiatu ginen, gidatzeko baimenak atera berri, ezin galdu genezakeen aurkezpen kontzertu batera; jendetza pilatu zen sarreran eta, halako batean, bidea zabaldu zitzaien gerrirainoko zapak zituzten Aitor Gorosabel, Xabier Bastida, Hasier Osoro eta Borxa Arrilagari. Su ta Gar heavy metal taldea jotzekoa zen.

Itzela zen taldea zuzenean ikusteko genuen gogoa, arteragoko hilabeteetan eskuartean erabili genuen eta euren maketa, nork eta JM Sampedro Sanpe-k (Pi LT, Gu Ta Gutarrak) pasatutakoa. Azalean gitarra bat ageri zen suaz inguratua, gorri-beltzean. Harritu egin gintuen maketa hark hainbat arrazoirengatik; hasteko, izena. Su ta Gar. Ez dago euskaraz heavy metal talde bat izendatzeko hoberik. Estiloak transmititzen duen indarra eta berotasuna ondoen definitzen duena; horri lotuta, hizkuntzaz gabiltzalarik, ba euskaraz egiten zutela: ordura arte euskal rook joerek eta entzuleek, baztertuxe zuten estilo hori, eta mutil hauek harrotasunez aldarrikatzen zuten; eta bukatzeko, oso ondo egiten zutela.

Klixe guztiak zekartzaten, estiloan eta gaietan: laster zetozen burura erreferentzia oso garbiak, hala nola, Iron Maiden, Metallica, Judas Priest, Helloween… 80ko hamarkadaren amaieran goi-goian zeudenak; gaiak ere atzerriko heavy taldeetan zerabiltzatenak ziren Basamortuetako zalduna, Infernurako bidean… Gaztelupeko Hotsak zigiluak CDan bildu zituen: Su ta Gar (1987-1989).

Kontzertu hartan maketako kantak ez eze, hurrengo lan luzean etorriko zirenak ere aurkeztu zizkiguten, eta Judas Priesten Electric Eye eta YJ Malmsteen aizkolariaren Trilogy Op. N°5 pieza instrumentala. 1991n etorri zen Jaiotze basatia, izen ezin aproposagoa oraingoan ere. Azala komiki estetikaduna zen, Manolo Gilena; bertan, lurpetik asfaltoa txikitu egiten duen gazte zapazto, larruzko txupaduna ageri da; amnistiaren aldeko pintada horman eta kale langileak. IZ diskoetxeak kaleratu zuen hiru formatutan: binilo, kasete eta CDan. Edizio digitalean Haika mutil kantuaren bertsioa ere sartu zuten, aurreratxoago grabatu zutena Txerokee-Mikel Laboaren kantak (Elkar,1990) diskoan.

[Kafe Aleak] Isidro Elgezabalek Su Ta GarSu ta Gar taldearen lehenengo lan luze honek ondo erakusten zuen taldearen iturriak zeintzuk ziren, sasoi hartan heavy-power metal munduan nagusitu egin zirenak eta geurera ondo ekarriak: Mari, mito euskalduna bonbo bikoitz harrapaezinean, estilo berekoa ere Etsi gabe, gaia kartzela duena; gauari ere kantatu egiten zaio (zelan ez!) Zure aurrean makurtzen naiz abestian, baina erritmo pisutsuan. Gazte palestinarrak ere ageri dira David eta Goliath kantuan. Lanari izena ematen diona ale instrumentala dugu (ez oso ohiko kontua euskal rock musikan), entseatzeko gogoa kentzeko modukoa, in crescendo doana, erritmo aldaketaz josia, solo eta gitarra zorrotzak, ikaratzeko moduko abiada hartu arte, taldearen jotzeko indar, amorru eta birtuosismoaren erakusle. Chapeau!

IZ estudioetan grabatu zuten Kaki Arkarazoren ardurapean. Su ta Gar: euskal heavy metalaren Alfa eta Omega.

.

.

Isidro Elgezabal Larrazabal (Mungia, 1972)

Artayorran baño, yantzan obeto! irratsaioko esataria BILBO HIRIA

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Isidro Elgezabalek Su Ta Gar Isidro Elgezabalek Su Ta Gar Isidro Elgezabalek Su Ta Gar Isidro Elgezabalek Su Ta Gar