Irati Gorostidi: “Ikusmira Berriak bezalako programek asko laguntzen dute proiektuaren ibilbidea sendotzen”

Irati Gorostidi –

Irati Gorostidiren ‘Anekumen’ izango da Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuen egoitza eta garapen programan parte hartuko duten sei proiektuetako bat. NOKAn eta Tabakalerako Artisten espazioan egon ondoren, zinemagile nafarrak bere lehen filmari buruz hitz egin digu, baita urte berri honi begira dituen itxaropenei buruz ere.

Nola jakin zenuen Ikusmira Berriak-en parte hartzeko hautatua izan zinela?

Posta elektronikoz jakinarazi zidaten. Asko poztu nintzen albistea jaso nuenean,eskuartean daukadan proiektua aurrera ateratzeko laguntza ikaragarria baita.

Irati Gorostidi: “Ikusmira Berriak bezalako programek asko laguntzen dute proiektuaren ibilbidea sendotzen”‘Anekumen’ zure lehen film luzearekin parte hartuko duzu. Zer kontatzen digu?

Filma 70. hamarkadaren bukaeran girotua dago, eta Donostiako fabrika batean hasten da, langileen asanblada batekin. Garaiko langileen mugimenduan jartzen du fokua, eta momentu horretan mahai gainean zeuden eztabaidak hartzen ditu abiapuntu bezala. Protagonisten artean etsipena nagusitzen da; mugimenduak hartu duen norabidearekin atsekabetuta dauden  langile gazteak dira. Pixkanaka ahalegin iraultzaileak beren bizitzako esparru intimoenetara bideratzen dituzte. Erradikalenek fabrika uztea erabakitzen dute eta Nafarroako mendietako komuna batean sartzen dira. Pelikularen bigarren zatiak, nagusienak, espazio eta bizimodu berri horretarako trantsizioa kontatzen du.

Nola sortu zen ideia?

Lizason (Nafarroa) 80. hamarkadan egon zen Arco Iris komunitatearen inguruan egiten ari naizen ikerketa da abiapuntua. 2016an hasi nintzen gaia lantzen.Gurasoak handik pasa ziren ni jaio baino lehen, eta beraien bidez izan nuen komunitatearen berri. Berehala hasi nintzen bertan girotutako pelikula bat imajinatzen, eta une historiko hori hippie komunitate baten ikuspegitik pentsatzea oso interesgarria iruditzen zait.

Zer espero duzu programa honetan izango duzun partaidetzaz?

Momentu honetan pelikularen gidoia idazten ari naiz; zer film egin nahi dudan imajinatzen eta hori nola egin dezakedan asmatu nahian. Prozesu horretan ezinbestekoak zaizkit besteen begiradak, iritziak, aholkuak… Eta Ikusmira Berriak programak, profesionalen tutoretzekin, baldintza ezinhobeak ematen ditu lan hori egiteko. Gainera, lan hau gauzatzeko babes ekonomikoa ere ezinbestekoa da, eta programak hori ere eskaintzen du.

Aukera berriak sortzeko esperientzia ona izan daitekeela uste duzu?

Bai, noski. Pelikula jakitera emateak asko laguntzen du proiektuaren ibilbidea sendotzen. Eta, batez ere, beste zinegileekin prozesuak partekatzea beti izaten da sekulako laguntza eta inspirazioa.

Gainera, azaroan, ‘Unicornio’ aurkeztu zenuen Zinebin. Nola joan zen?

Pase ederra izan zen; lagun artean egon ginen eta asko gozatu nuen.

‘Contadores’ film laburraren muntaiarekin ere bazabiltza. Zertaz dihardu?

‘Anekumen’ pelikula luzearen hasiera jasotzen du. 70. hamarkada bukaeran langile mugimenduko kide den gazte taldearen desilusioa kontatzen du. Film luzea landu aurreko lehen urrats bat da, eta oso baliagarria izan da probak egin eta ikasteko.

Beste proiekturik ba al duzu esku artean?

Bai, ‘San Simón 62’ laburra. Mirari Echávarri eta biok sortzen ari gara pelikula hau eta Arco Iris komunitatearekin lotuta dago baita ere, baina kasu honetan dokumental bat da. Punto de Vista jaialdiko X Films proiektuan parte hartzera gonbidatua izan ondoren hasi zen. Martxoan aurkeztuko dugu Iruñeko jaialdian.

Zer espero duzu 2022 urteaz?

2021agogorra izan da niretzat, nahiz eta oparoa arlo profesionalean. Asko ikasi dut iazko esperientzien ondoren, eta espero dut ikasketa horiek aurrean ditudan erronka zoragarriei aurre egiten laguntzea.

Irati Gorostidi

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude