Irailaren 1eko zinema estreinaldiak!

Irailaren 1eko zinema estreinaldiak! –

Estreinaldiak: Irailak 1

Irailaren 1eko zinema estreinaldiak!

Egilea: Maialen Goñi

.

American Made (Barry Seal: El traficante)

Tom Cruise Barry Seal pilotuaren azalean sartuko da Doug Limanek gidatutako thriller berrian. 80ko hamarkadan, AEBtako aerolinea handiena zen TWArentzat egin zuen lan Sealek, baina horrek ez zuen betetzen, eta Medellingo kartelarentzat lanean hasi zen, droga Miamira garraitzen. Ondoren, baina, CIAk errekrutatu zuen, inteligentzia zerbitzuan laguntzeko. Hala, AEBen historiako ezkutuko operazio garrantzitsuenean hartu zuen parte, eta Medellingo karteleko hainbat kide garrantzitsuren atxiloketan lagundu zuen. Filmak gertaera erreal horien kontaketa egingo du, eta Cruisekin batera, Domhnall Gleeson, Jayma Mays, Sarah Wright eta Jesse Plemons aktoreek hartu dute parte kritikarien onespena jaso duen proiektuan.

.

La niebla y la doncella

Andrés M. Koppelen intrigazko thrillerra Malagako zinema jaialdian estreinatu zuten urte hasieran, eta aste honetan helduko da zinema aretoetara. Quim Gutiérrez, Verónica Echegui, Roberto Álamo eta Paola Bontempi Gomerako uhartean jazotako kasu bat argitzen ahaleginduko dira filmean. Izan ere, bertako gazte baten heriotzaren kasua itxitzat eman zuen irlako Poliziak, nahiz eta lehen ikerketek Juan Luis Gómez Padilla politikari ezaguna jo zuten errudun. Bevilaqua sarjentuak eta Chamorro kaboak, ordea, kasua berrartuko dute, eta oharkabean lan egiten ahaleginduko dira, lankideek susmorik hartu ez dezaten.

.

Victoria (Los casos de Victoria)

Frantzian arrakasta handia izan zuen iaz Justine Triet zinegileak zuzendutako komedia erromantikoak. Filmeko protagonista Victoria Spick abokatu penalista da. Ezkontza batean aspaldian ikusi ez duen Vincent lagunarekin eta drogekin trafikatzea egotzi zioten Sam “bezeroarekin” egingo du topo. Hurrengo egunean, bikotekidea hiltzen saiatzea egotziko diote Vincenti, eta Victoriak, gogoz kontra, hura laguntzea onartuko du. Bitartean, harreman berezi bat abiatuko du Sam gaztearekin. Filma Frantziako Zinemaren Cesar sarietan hautagaia izan zen iaz, besteak beste, film onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Virginie Efira) kategorietan.

.

Un tango más

Argentinatik, ostera, María Nieves Rego eta Juan Carlos Copes tango dantzari argentinar ezagunei buruzko dokumentala helduko zaigu, Germán Kral zuzendariaren eskutik. Filmak haien bizitza kontatuko du, nerabeak zirela ezagutu zirenetik, 50 urte geroago, gertakari mingarri baten ondorioz, banandu behar izan ziren arte.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Irailaren 1eko zinema estreinaldiak!

Irailaren 1eko zinema estreinaldiak!

Euskal pantailaren gunea