Ipurdikoak eta belarrondokoak, ilegalak? (hezkuntza)

hezkuntza

hezkuntzaMikel Garcia kazetariak kontatu digu aste honetan bertan Argia aldizkarian: Lege proiektu baten baitan, gurasoen autoritateari lotutako zehaztapena onartu berri du Frantziako Asanblea Nazionalak: “Baztertuta geratzen dira [seme-alabenganako] tratu krudel, iraingarri edo umiliagarriak, zigor fisikoaren erabilera barne”.

Garcia berak aipatzen du bere idatzian eztabaida honen esentzia: biolentziak biolentzia gehiago sortzen duela argudiatzen dute aldekoek, baina betidanik entzun dugu garaiz emandako belarrondoko batek gauza asko konpon ditzakeela.

Gaia atera nuen lagunartean, eta gutako inork ez du sekula jipoirik jaso etxean; baina ipurdiko eta belarrondoak bai, ugari, eta nik nire aldetik bizitakoa aintzat hartuta ene iritzia mahai gainean jartzera animatu naiz. Asmoa eztabaida sano bat piztea da, eta hein berean garbi utzi nahi dut ez daukadala iritzi irmorik gai honen inguruan, zuen ekarpenek beharbada nire ikuspegia aldatu dezakete.

Esan bezela, ipurdiko eta belarrondokoak jasotakoa naiz, umetan; ez dut uste nerabezarotik aitzin bakar bat eman didatenik. Ez zen maiz gertatzen horrelakorik, eta ondorioz, goiko edo beheko masaila berotzen zidatenean banekien zerbait larria egin nuela. Ez daukat inongo amorrurik barnean nire gurasoekiko, ezta gutxiagorik ere. Psikologo batek ni baino autoritate gehiagoz argudiatu ahalko luke, baina jakin badakigu besteei min egiten gozatzen duen jende askok tratu txarrak pairatu zituela etxean haurtzaroan. Baina gauza bat jipoiak dira, eta beste bat ipurdiko bat.

Nere uste apalean, ume batzuk gaina hartzen die gurasoei. Denok bizi izan dugu behin edo behin eremu publikoren batean sekulako kasketa merkea hartuta iskanbila egiten ari den umea, denboratan isildu ere egin gabe aritu daitekeena. Erosi hau, ekarri bestea, ez dut nahi, nahi dut … Egoera horietan guraso eta umeen artean botere harreman bat ezarri behar dela iruditzen zait, eta muturreko egoeretan, beharda, agian, apika, akaso, baliteke belarrondoko bat soberan ez egotea. Guk jaso ditugu, gure gurasoek ere, eta ez zait iruditzen psikopata batzuk bihurtu garenik.

Honakoa zioen Garciak bere idatzian: “orokorrean, adostasunak zabala dirudi, haurra jotzea ez da zilegi. Konfiantza giroan, ordea, garaiz emandako belarrondokoa ez dela gaizki etortzen entzuten da sarri, eta kalean ere joera hori ikusten da batzuetan”. Konfiatzan beraz, nire iritzia garbi adieraziko dizuet: egoera batzuetan beharrezkoa dela iruditzen zait.

Espero dut inor ez mindu izana idatzi honengatik. Esan bezala, ez naiz aditua, eta gai honen inguruan daukadan irudipena zuekin konpartitzera mugatu naiz soilik. Guztiz zabalik nago kritikak jasotzeko, eta arestian aitortu bezala, baita iritziz aldatzeko ere norbaitek konbentzitzen banau.

hezkuntza

2 pentsamendu “Ipurdikoak eta belarrondokoak, ilegalak? (hezkuntza)”-ri buruz

  • Zein arraroa. Ezkertiar bat umeak jotzearen alde. Ezkertiarrek goitik jasotzen dutenaren kontra baina behera eman dezaketenaren alde… Eta horrela, umeak gehien jotzen dituztenak ere emakumeak dira. Niri eder eman zidaten eskolan bai, eta soilik emakumeek. Ideologiak irakasten die biktimak direla eta beraz gainontzekoak izorratu ditzaketela.

    Ea ezkerrak ere ikasten duten autoritatea errespetatzen, zuk eskatzen duzun bezela.

    Eta ikerketen emaitzan manipulatzearen alde:
    https://zuzeu.eus/euskal-herria/krisia/

  • Guraso “alfer” asko dabil hor zehar, eta, bai, aizu, umeak “bideratzeak” denbora eta esfortzua eskatzen du. Txikitatik erakutsi behar zaie umeei jokabide egokia, txikitatik erakutsi behar zaie zer den zilegi eta zer ez, eta txikitatik erakutsi behar zaie jokabide batzuek ondorio batzuk ekarri ohi dituztela. Eta hori etengabe egin behar den prozesua da. Ahalegin aktiboa eskatzen du.

    Belarrondoko batek kasketa une bat eten dezake (“praktikoa” izan daiteke, nahi baduzue), baina ez du hezitzeko balio. Hezitzen duena bestea da. Hori bai, noizbehinka ipurdiko bat hartzeak ume biolentoak sortzen dituela, ez dut uste. Ume askoz biolentoagoak izan ohi dira gurasoen aldetik mugarik jaso ez (ipurdikorik ere ez, noski) eta dena zilegi dela (baita beste umeak jotzea ere) uste duten ume hezigabeak.

    PD: balorazio honen kanpoan uzten ditut, jakina, etxean tratu txarrak jasotzen dituzten umeak. Horiek beste parametro batean aztertzekoak dira.