Ione Gorostarzuk “des egiten” poesia liburua kaleratu du

desegiten1“des egiten” poema-bilduma Ione Gorostarzuren lehenengo liburua da, Karmele Igartua I. Bekaren irabazlea. Poesiak betidanik erabili dituen gaiak berritzen dizkigu “des egiten” deritzan lan honek: norbere izaeraren zurkaitz eta kontraesanak, existentziaren gorabeherak, maitasunaren buruhausteak, idazteak berak duen zentzua edo zentzurik eza… Hori guztia gaurko begirada gazte eta fresko batekin, hitzen hautaketa fin eta erritmoaren sen berezkoarekin. Kontuan hartzeko ahots berri bat, hunkitzeko eta pentsarazteko sentiberatasun berri bat.

 

“des egiten” liburuaren inguruan elkarrizketa egin dio Xabier Mendigurenek. Hementxe elkarrizketa:

Ione Gorostarzu:

“Alferrikako gauzak dira gehien betetzen nautenak”

Ione Gorostarzu (Berastegi, 1984) bere lehenengo liburuarekin plazaratu da: Des egiten poema-bilduma, gizon-emakumeen betiko galderei molde berriak ematen dizkiona; poesiaz, bizitzaz, eta bere buruaz hitz egin digu elkarrizketa honetan.

 “des egiten” da zure liburuaren izenburua: zer egin duzu, eta zer desegin duzu berau idaztean?
Egin adina desegin dut orri hauetan, eta desegite horrek berak egin ditu poemak; izan ere, idazterakoan niretzat errazena da gauzak esatea, lerroak eta orriak betetzea, eta gehien kostatzen zaidana, berriz, soberako hitzak, ideiak, eta baita poemak ere, ezabatzea da. Betegarria kentzea, biluztea, emaitzaren mesedetan. Askotan testu, ipuin, poema onak eta ez hain onak, esandakoek baino gehiago, esangabekoek bereizten dituzte. Liburu hau bizitzako etapa ez hain luze batean, nahiko era inpultsiboan eta soltean idatzitako olerkiek osatzen dute, eta asko desegin behar izan dut batasun bat, gorputz bat emateko.