INSPIRA proiektua Gipuzkoan

INSPIRA proiektua Gipuzkoan –

INSPIRA proiektua Gipuzkoan

Nesken artean bokazio teknologikoa sustatzera bideratutako proiektuaren bigarren edizioa  aurkeztu da Donostian.

Proiektua Deustuko Unibertsitateak sustatu du, Elhuyarren eta Innobasqueren laguntzaz, eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban egingo da, hiru foru aldundien babesean.

Ekimena aitzindaria da EAEn, eta nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea du helburu, sentsibilizazio eta orientazio ekintzez baliatuz. Ekintza horiek ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakume profesionalek bideratzen dituzte. Lehenengo aldiz erabiliko da taldeko mentoring teknika STEAM deitutakoak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) sustatzeko lehen hezkuntzako ikasleen artean.

Esperientzia honen aurkezpenean parte hartu dute Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, Asier Perallos Deustuko unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak.

 

Iaz, proiektuaren lehenengo edizioan, 17 emakume izan ziren 200 neska baino gehiagoren mentore, 11 ikastetxetan. Aurtengorako, EAEko 113 mentore, 43 ikastetxe eta 1.075 ikasle elkartu dira. Gipuzkoari dagokionez, INSPIRA proiektuarekin bat egin dute 43 mentorek, 12 ikastetxek eta 20 taldek.

INSPIRA proiektuak EAEko ikasleen artean eta, bereziki, nesken artean, bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatu nahi ditu. Izan ere, teknologia arloko prestakuntza aukeratzen duten ikasleen kopurua beherantz doa urtetik urtera. Eta, neskei dagokienez, datuak are larriagoak dira. Espainiako unibertsitate sistemako ikasle guztien % 54,3 emakumeak izan arren, titulazio teknikoetan, esate baterako, Ingeniaritzan eta Arkitekturan, % 26,4 besterik ez dira.

INSPIRA proiektua Gipuzkoan
hezkuntza, nesken bokazioa, STEAM, Teknologia, zientzia

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

4 pentsamendu “INSPIRA proiektua Gipuzkoan”-ri buruz

  • Emakumezkoek ebaluazio emaitza hobeak dituzte LH eta DBH eta batxilergoan. Unibertsitateko ikaslegoaren gehiengoa dira. Soluzioa? Feminismo gehiago.

    Hau historian ongi dokumentatuta utziko dugu eta atzean duzuen interesa argitu eta jakinarazi. Sexismoa normaltasun osoz hartzen zuten apaiz eta mojen arrastoa zarete. Dinosauroak.

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Haurtzaro eta gaztaroan zehar, etxean, eskolan edo kalean jasotako hezkuntza desorekatuaren eraginez, emakumezkoak ikasketa zientifiko-teknikoetara gutxiago jotzen dutela ikusiko bagenu, normala izango litzateke aurretik egindako okerrak zuzentzen ahalegintzea. Baina ondo ikertuta al dago hori? Horrela balitz estimatuko nuke ikerketa horien berri ematea. Nire ezjakinean horrelakoren berririk ez dudalarik, une honetan uste dudana da, modan dauden hainbat aurre iritzitan oinarrituriko ekimenak direla. Nahiago nuke oker banengo.

    • Gauzak ez dira “zuzentzen”. Guztiei aukera berdina eta hoberena eman behar zaie. Bestela jaio bezain laster diskriminazio zikloan sartzen dituzu. Hori ez al da, haien terminologian, binarismoa? Behin sexuarekin hasita, zergatik ez jatorriaren arabera, koefiziente intelektualaren arabera, altueraren arabera, gurasoen kultura mailaren arabera…

      Ezer zuzentzekotan, eta berriz diot ez dago ezer zuzentzeko, eraikuntza obra den gizon birringailutik mutikoak urruntzea litzateke.

      • Juan Inazio Hartsuaga

        Ezin estuago bat etorri aukera berdintasunaren kontu horretan. Hori da kakoa dudarik gabe. Eta gerta liteke, inertziaren poderioz, aukera berdintasun horien eragozkarri zenbait egotea hezkuntzan eta horren ondorioz neskak gutxiago hautatzea ikasketa zientifiko teknikoak mutilak baino. Baina gerta liteke halaber desoreka hori ez etortzea aukera berdintasun ezatik, beste nonbaiten baizik. Nik ez dakit nondik datorren eta horregatik galdetzen dut horren inguruan ikerketarik egin ote den. Niri gustatzen ez zaidana da aurre iritzietan eta modan oinarrituta hartzea erabakiak eta bideratzea ekimenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude