Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian

Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian –

Inprimategiaren urratsak Euskal HerrianEsan ohi denez, VI. mendean azaldu omen ziren Europan, Txinatik ekarririk, zurezko oholtxoen bidez egindako lehen liburu inprimatuak, baina XV. mendera arte ez zuten oihartzun handirik lortu europarren artean. 1441. urtean, Maguntzia hirian Gutenberg alemanak inprimategia asmatu zuen eta 1540an Lorentzo Costerrek bultzada handia eman zion  sistema higikorra asmatzean. Urte hartatik aurrera inprimatzaileak Europa osoan zehar ugaldu eta zabaldu ziren. Entzutetsuenak: Pedro Shoeffer, S. Subiaco, Adolf Rusch, Nikolas Jensen, Gillermo Caxton eta abar izan ziren. Ameriketako lehen inprimategia Mexikon zabaldu zen 1533. urtean.

Euskal Herrian inprimategia oso goiztiarra izan zen eta lehena Iruñean 1492an ireki zuten. Euskal Herria herri eta kulturen bidegurutzea izan da beti, eta hori dela eta, Europan izan diren mugimenduak, asmakizunak, berrikuntzak… pittaka-pittaka  iritsi izan dira gure lurretara. Horixe bera gertatu zen moldiztegiarekin. Hasiera-hasieratik oso harrera ona egin zitzaion gure artean, eta orduz geroztik hamaika inprimategi zabaldu dira euskal lurralde guztietan.

 

1.- Brocar eta Iruñeko lehen inprimategia

Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian
Guillen de Brocarren zigilua

Arestian esan bezala, Gutenberg-ek 1441. urtean asmatutako inprimategia, Mainz-en ikasitako Arnoldo Guillermo Brocar-ek ekarri zuen Euskal Herrira. Moldiztegi bat zabaldu zuen Iruñean eta bertan Maria Zozaiarekin ezkondu ondoren, hiru seme-alaba eduki zituen.1489. urtean eman zuen argitara lehen liburua: Manuale secundum consuetudinem ecclesiae pampilonensis. Osora hogeita bost bat liburu inprimatu zituen Iruñeko moldiztegian. Agramontarren eta beamontarren arteko borrokak zirela eta, 1503an Brocar-ek Iruñetik alde egitea erabaki zuen eta inprimategia Logroñora eraman. Orduz geroztik, eta 1523ra arte, hau da, hil zen urtera arte, Logroñon, Alcala de Henares-en, Valladoliden eta Toledon liburuak inprimatzen jarraitu zuen.

 

 

2.- Migel Egia eta Adrian Anbereskoa inprimatzaileak

Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian
Lizarran inprimatutako liburua

XVI. mendean Nafarroako erresuman, bandoen artean pizturiko zorigaiztoko gerrak, beste kalte askoren artean, Iruñeko inprimategiaren desagertzea ekarri zuen. 1546. urtean, Brocarren suhia zen Migel Egiak Euskal Herriko bigarren inprimategia zabaldu zuen Lizarran. Egiak inprimaturiko lehen liburua Rodriguez Fernandezen Vocabularium ecclesiasticum izan zen. Tamalez, hiru liburu baino ez zuen inprimatu.

Adrian Anbereskoak ordezkatu zuen Egia Lizarrako inprimategian eta bertan aritu zen 1567 arte. Lizarran inprimatu zituen liburuen artean nabarmen dezakegu Martin Azpilikuetak idatzitako Manual de confesores y penitentes (1556).  1568an Adrian Anbereskoa Iruñera joan zen eta bertan kokatu zuen bere inprimategia. Berari zor diogu garai hartan Nafarroan argitaratu zuten liburu mordoa, hogeita hamar bat gutxi gora-behera. Berekin inprimatu zituzten 1561ean Zangozan eta 1565ean Tuteran eginiko gorteetako lege-liburuxkak. 1583an Adrian Anbereskoarekin ikasia eta Iruñeko bizilaguna zen Pedro Borgoñakoa soldaduak aurrekoaren moldiztegia erosi zuen eta Nafarroako Erret Kontseiluaren baimenaz zenbait liburu inprimatu. Gaur egun oraindik ezagutzen ez dugun arrazoia dela eta, Erret Kontseiluak urte bereko agorrilaren 23an liburuak inprimatzen jarraitzea debekatu zion.

1569an Tomas Porralis Saboiakoa inprimatzen hasi zen Iruñean eta Tuteran. Berak argitaratu zuen Donibaneko Juan Huarteren Examen de ingenios liburuaren bigarren argitalpena. Porralisek Iruñean jarraitu zuen, inprimatzaile bakarra zela, 1591. urtera arte. Urte horretatik aitzina, Pedro semeak jarraitu zuen inprimatze lanetan Iruñeko moldiztegian.

 

3.- Euskarazko liburuen inprimaketa

Aurretik baziren zenbait esaldi edo paragrafo argitaraturik latinez edo erromantzez inprimaturiko liburuetan. Alabaina, euskaraz inprimaturiko lehen liburua Bernart Etxeparek idatzitako Linguae vasconum primitiae 1545. urtean plazaratu zen. Etxepare berak ongi zekien hori eta horregatik Kontrapas izeneko bertsoan honela idatzi zuen:

                             “Oraidano egon bahiz

                               inprimatu gaberik,

                              hi engoitik ebiliren

                              mundu guzietaric”

Inprimategiaren urratsak Euskal HerrianBaina Etxepareren liburua ez zen Euskal Herrian inprimatu, Morpain maisu inprimatzaileak Bordelen zuen moldiztegian baizik. Etxepareren mendekidea izan zen Joanes Leizarraga artzain protestantearen liburuak ere Euskal Herritik kanpo inprimatu ziren, Frantziako Arroxelan (Rotxela).  XVII. mendean argitaratu ziren euskarazko liburu gehienek ere kanpoko moldiztegietan ikusi zuten lehen argia, gehien-gehienek Bordeleko inprimategian, Sarako Eskolako idazleena kasu. Allande Oihenart eta Silvain Pouvreaurenak Parisko inprimategi batean inprimatu zituzten, Bernardo Gazteluzarren liburua Pauekoan, eta Orthezekoan Ioan Tartasen Onsa hilceko bidia ospetsua.

1621. urtean Joan Beriain nafarrak idatziriko Tratado de como se ha de oyr misa meza-liburu elebiduna Iruñeko moldiztegian inprimatu zuten, baita Doctrina Christiana izeneko bere bigarren liburua ere. 1656an Martin Otxoa Kapanagaren Exposición breve de la doctrina cristiana deituriko liburuxka elebiduna argitaratu zuten Bilboko moldiztegian eta 1684an Baionakoan Aita Arranbillagaren Jesu Christoren imitationea izenekoa.

Orduz geroztik, euskarazko liburu gehienek Euskal Herriko inprimategietan ikusi dute argia. XVIII. mendean gehien erabili izan zituzten moldiztegiak Donostia, Bergara, Baiona, Iruñea, Tolosa eta Bilbokoak izan ziren. Hala eta guztiz ere, euskarazko liburu aunitz kanpoko moldiztegietan, Bordelen, Pauen, Okzitaniako Tolosan, Madrilen, Parisen eta Salamancan inprimatu zituzten.

 

4.- Euskal Herriko beste inprimategiak

1577an Salamancan ikasia zen Matias Mares-ek Bizkaiko lehen inprimategia zabaldu zuen Bilbon eta bertan aritu zen inprimatze-lanetan 1587. urtera arte. Argitaratu zuen lehen liburua Jeronimo Osorio portugaldarraren De nobilitate izenekoa izan zen eta latinez idatzirik zegoen.. 1592an Nafarroara abiatu zen. Hasieran inprimategia Iruñean zabaldu bazuen ere, gero hura itxi eta bigarren bat zabaldu zuen Iratxen. 1609. urte inguruan hil zen, baina bere alarguntsak liburuak inprimatzen jarraitu zuen; bere senarra hil zen urte berean, euskarazko bertso zenbait zituen erdal liburuxka argitaratuz. Pedro Cole Ibarrakoak jarraitu zuen Maresek Bilbon utzitako inprimategiarekin. Azken honek inprimatu zituen, besteak beste, 1596an argitaratua zen Doctrina Christiana en Romance y Bascuence eta Betolazak idatzitako Refranes y sentencias izeneko liburua.

1585ean Nafarroan inprimatzea galarazirik zeukan Pedro Borgoñakoak deboziozko liburuxka bat inprimatu zuen Gipuzkoan. 1572an, lehen aipatutako Porralis izeneko inprimatzaileak inprimategi bat zabaldu zuen Tuteran. 1647rako Olibako monasterioan bazeukaten inprimategi bat, 1606rako Fiterokoan eta 1608rako Iratxekoan.

Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian
Olibako klaustroa (Wikipedia)

Ordutik aurrera, inprimategiak euskal geografia osoan ugaritu ziren.Herri txiki askotan moldiztegiak zabaldu zituzten eta moldiztegi ttiki horietan, sarritan, kalitate handiko liburuak inprimatu ziren. Zabaltze horrekin batera, tipografoan oso aurrerapen handiak izan ziren. 1642an, Baionan zabaldu zuten Iparralde osoko lehen inprimategia eta Donostian 1668an, Martin Huarteren zuzendaritzapean. Azken horretan,1668 eta 1700 urteen artean, hamalau bat liburu argitaratu zituzten. Huartek Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkezturiko idazki batean irakur daitekeenez, bere inprimategirako behar izan zituen materialak, garai hartan inprimatzearen ardatza eta bihotza zen Anberes hiritik ekarrarazi zituen .

Handik zenbait urtetara Erriberriko inprimategia zabaldu zuten, eta bertan Aita Frantzisko Garai ospetsuaren idazlanak argitaratu zituzten. Jakin badakigu, 1715erako Vianan aski ongi ezagutzen zutela tipografia, urte hartan Frantzisko Picart-en zuzendaritzapean, Aita Aleson-en Los anales del Reyno de Navarra izeneko idazlan oparoaren lehen liburukia inprimatu baitzuten. Zenbait urte beranduago, 1722an hain zuzen,  lehen inprimategia zabaldu zuten Gasteizen. Inprimatzaile berrien izenak azaldu ziren, Arnoldo Brocarrekin hasitako zerrenda etengabeki luzatuz: Migel Egia, Adrian Anbereskoa, Pedro Borgoñakoa, Matias Mares, Tomas Porralis, , Martin Huarte, Plantin, Didot, Picart, Pedro Cole Ibarrakoa, Rivadeneyra, Baroja…. Inprimategiak nonahi zabaldu zituzten eta liburu inprimatuak gure herriko bazter guzietara hedatu ziren.

Gaur egun, liburu bat inprimatzea munduko gauzarik errazena eta arruntena dela iruditzen zaigunean, zilegi iruditzen zait begirada gure hastapen apal haietarantz itzultzea, gaur inprimatzeak ezagutzen duen zabalkunde handiak lehen urrats xume haietan oinarri finkoa duelakoan.

Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian
Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian
Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian
Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian
Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian
Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian
historia, inprenta, inprimategiak, Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian, liburuak
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Inprimategiaren urratsak Euskal Herrian”-ri buruz

  • Ricardo Gómez López 2019-02-09 13:57

    Oso aurkezpen ona, zorionak! Huts pare baten berri eman nahi dizut, halere.
    1. Lorentzo Costerren ahaleginak 1440 ingurukoak izan ziren, Guttenbergen aurretik alegia. Hain zuzen, bada susmatu duenik Guttenbergek Costerri lapurtu ziola asmakuntza berria, zeharka bazen ere.
    2. 1596an moldiztegiratu ziren bi liburuetatik, Betolatzak Dotrina idatzi (itzuli) zuen. Bestalde, Refranes y sentenciasen egilea ezezaguna da eta ez zen Bilbon inprimatu; Pedro Porralisek Iruñean inprimatu zuen.
    Halaber, Euskal Herrian inprimatutako lehenengo liburuen zerrendan Eltsoko Santxoren dotrina galdua falta da. Gaur egun ez dugu haren alerik ezagutzen, baina badakigu Tomas Porralisek (aurrekoaren aitak) Iruñean 1561ean inprimatu zuela.

  • Joseba Aurkenerena
    Joseba Aurkenerena 2019-02-09 20:29

    Mila esker Ricardo zure zehazkizun baliosengatik.
    Adiskidetasunez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude