Iñoxenxio Gaztelumendi musikari eta musikagile oparoa

Iñoxenxio Gaztelumendi –

Lehengoan, Urruñako karriketan barna nenbilela, pilota-plazatik gertu den Barruko Izarra izeneko etxetik soinu miresgarria iritsi zen nire belarrietara. Ez zen lehen aldia hori gertatzen zitzaidana, bestetan ere, antzeko zerbait entzuna bainuen. Banekien etxe horretan bizi den Nekane Gorrotxategi piano-jole fina zela eta tarteka jotzen eta kantari aritzen dela, baina oraingoan berezia zen, itsas kresalaz eta nostalgiaz bustiriko kantu ezaguna  bezain zaharra… Boga-boga marinela! Joan behar degu urrutira, bai Indietara, bai Indietara!….

Iñoxenxio Gaztelumendi
Hondarribiko banda. Behean eserita, eskuinean, oboea jotzen

Abesti eder horrek liluraturik nindukan, eta bi aldiz pentsatu gabe, Nekaneren atean jo nuen. Barneko zakurrak zaunka hasi zitzaizkidan eta pianoa isildu zen. Berehala Nekane ate aitzinean nuen irribarre batez agurtuz. Pianoaren soinuak bertara eraman ninduela erran nionean, irriz hasi zitzaidan, eta etxe barrura, kafe bat hartzera, gonbidatu ninduen.

Ganbera handi batean, orain isilik zegoen pianoa ikusi nuen. Kafearen inguruan hizketan hasi ginen eta Nekanek pianoaren eta haren jabea zen aitona Iñoxenxioren istorioak kontatu zizkidan.

1.- Aitatxi Iñoxenxioren nondik norakoak.-

Iñoxenxio Gaztelumendi
Iñoxenxio Gaztelumendi

Iñoxenxio Gaztelumendi Lekuona, pianoaren jabea izan zena, Hondarribian jaio zen 1885eko uztailaren 27an, Kale Nagusiko Markesen etxean, gaur udal liburutegia den eraikin berean. Guraso biak hondarribiarrak ziren, aitak Joxe Gaztelumendi Laborda izena zuen eta amak Maixabel Lekuona Zuzuarregi, markesen etxeko zaindariak ziren eta aipatu etxean bizi ziren. Hortxe jaio zen Iñoxenxio. Haiekin batera amona Maixabel Laborda bizi zen, etxetik hainbat metrotara den elizako sakristaua zena. Iñoxenxioren atzetik beste bi mutiko etorri ziren berantago.

Heriotzaren itzalak familia kolpatu zuen eta 1897an aita hil zen eta ama 1899an. Ezbehar honek familiaren berrantolaketa ekarri zuen. Iñoxenxio amonarekin gelditu zen etxe hartan, sein edo nerabe moduan. Anaietako bat Donostian hazi zen hango izeba batekin eta gazteena Villabonan zen Fraisoro umezurztegian sartu zuten. Azken honek bertatik ihes egin zuen eta itsasontzi batean polizoi gisa sarturik, Argentinara joan zen. Han, Merlo hirian,  La Vascongada izeneko esnetegia zabaldu eta diru asko egin omen zuen. Behin Panpatik zebilela, lapur batzuek hil zuten.

Iñoxenxiok ikasketak Hondarribian egin zituen eta bertako elizan musikaz zaletu zen. Hamasei urte zituela, Donostian lehen lanbidea aurkitu zuen eta hogeita bat urterekin Paulina Tabas Garmendia donostiarrekin ezkondu zen. Orduz geroztik, Gipuzkoako hiriburuko Isabel Katolikoa (gaur Errege Katolikoak deitzen dena) kalean bizi izan ziren.  Administrazio zibilean lanpostua atzeman zuen eta Nekazaritza Ministeritzako Administrazio Zibil arloko buru nagusia izatera iritsi zen.

1936an, gerraren hastapenetan, arazoak izan zituen, bulegoan zuten dirua lapurtzera sartu baitziren, eta Iñoxenxiok aurre egin zien, baita lapurreta eragotzi ere.

2.- Iñoxenxio musikari eta musikegile.-

Lanbidea zuen dirubide hiru seme-alabez (Zezilia, Emilio eta Ixabelita –azken hau Nekaneren ama zena-) osaturiko familia aurrera ateratzeko, baina haren zaletasun handia musika zen, Hondarribiko elizan, ttikia zelarik, barne-barneraino sartu zitzaion pasioa. Horregatik beti ari izan zen musikari eta musikagile gisa. Ezkonduta zegoela eta aurreztu zituen xoxekin pianoa erostera abiatu zen, baina tamalez, bidean dirua ostu zioten. Ixabelita emazteak lortu duen diruari esker, bete ahal izan zuen Iñoxenxiok bere ametsa eta pianoa erosi, gaur Urruñan, Nekaneren etxean dagoena.

Nahiz eta Donostian bizi, Hondarribiko musika banda zuzentzen zuen, eta 1928an Donostian gaur horren famatua den Santa Zezilia abesbatza sortu eta 1955. urtera arte zuzendu zuen. Hori dela eta, askotan eta bere abesbatzarekin, kontzertuak eman zituen Donostiako San Bixente elizan. Pianoa jotzeaz gain, oboea ere jotzen zuen eta Donostiako Udal Musika Bandan aritu zen oboe-jole bakar gisa.

Iñoxenxio Gaztelumendi
Santa Zezilia abesbatza bere lehen urtetan.

Hirurogei partitura baino gehiago idatzi zituen. Nekanek kontatu didanez, duela gutxi eraman ditu Eresbileko artxibora. Aipatu artxiboko ikerlariek bost sailetan banatu dituzte: musika erlijiosoa, musika profanoa, musika bokala, musika instrumentala eta bestelakoa (txistu, drama…)

Bereak dira, besteak beste, Hondarribiko Sagartzazuko Ama Birjinaren salbea –urtero kontatzen dutena-, Animagatik, O salutaris, Gabon gabean, Bihotz Santua, Ave Maria, Jerusalem, Stabat Mater, Tantum ergo, Haurtxoa sehaskan, Otso zakurra, Orruaz dago, Euskal mendiei, Maitatsu, Ardi gaixoa, Arrantzaleak, Nire maitiari, Hondarribiko lantzarien martxa –Aste Sainduko prozesioan urtero jotzen dutena-, Alkartasuna, Ixabelita, Donosti zaharra, Oilar hotsak, Mandazubi… eta abar luzea.

Iñoxenxio Gaztelumendi

Santa Zezilia abesbatzaren egoitza Abuztuaren 31 kalean zabaldu zuten eta luzaz hor izan zen, gaur Jose Maria Salaberria kalean badago ere.

Bertan aritu izan zen Iñoxenxio mutikoei kantua eta solfeoa erakusten, abesbatzako ahots zuriak izan zitezen. Koralarekin kontzertu eta txango franko izan zituzten, Europa osoan zehar, Munitxen, Erroman, Frantzian…

Horrela jarraitu zuen, Hondarribiko musika bandan, Donostiako Santa Zezilia abesbatzan, Donostiako Udal Musika Bandan… 1961ean, 76 urte zituela, tronbosi batek mundu honetatik eraman zuen arte.

Inoxenxioren eta haren pianoaren istorioak buruan nituela, kafea eta solasa eskertu, Nekanez agurtu nintzen eta etxerako bideari lotu nintzaion. Pilota-plazaren parean nintzela pianoa entzun nuen berriz, eta Nekane aitatxirekin ikasitako kantua ozenki abesten hasi zen berriro ere.

Boga-boga marinela! Joan behar degu urrutira, bai Indietara, bai Indietara!

 

Iñoxenxio Gaztelumendi musikari eta musikagile oparoa
Hondarribiko erromatar lantzariak
Iñoxenxio Gaztelumendi musikari eta musikagile oparoa
Iñoxenxio ikasle gazteez inguraturik
Iñoxenxio Gaztelumendi
Iñoxenxio Gaztelumendi
Iñoxenxio Gaztelumendi

Iñoxenxio Gaztelumendi

Euskaltzalea eta irakasle-ohia