Inkesta lau eragileri (Plateruenaz)

Inkesta lau eragileri (Plateruenaz) –

Bizkaiko Hitzatik jasoa.

Inkesta lau eragileri (Plateruenaz)Hainbat eragile eta sortzaileren oholtza izan da Plateruena. BIZKAIKO HITZAk itxierari buruz galdetu die batzuei.

1 Zer da zuretzat Plateruena kafe antzokia?

2 Zer eragin izango du haren itxierak?

.

Nerea Mujika (Gerediaga elkarteko lehendakaria)

«Goi mailako espazio bikain bat galduko dugu kulturak erakusteko»

1. «Durangoko identitate kulturalaren zati bat da. Bazkidea izan naiz hasieratik. Oso hunkituta nago. Azokako aurtengo leloa Taupada da; bada, taupada da sentitu dudana eta hartu duten erabakiaren ostean dudana».

2. «Durangok eta Durangaldeak kultura mota asko erakusteko goi mailako espazio bikain bat galduko dute. Nik maite dut Plateruena. Haren oso aurpegi desberdinak ezagutu ditut. Jakina, baita Durangoko Azokaren egunetan ere. Azoka amaitzen zenean gozatzen nuen, ez Gerediagako lehendakari gisa, baizik eta Nerea gisa. Faltan botako dugu».

.

Unai Iturriaga (bertsolaria eta idazlea)

«Era horretako karga ekonomiko bat ezin da utzi oso jende gutxiren bizkarrean»

1. «Pertsonalki oso barruan daramadan proiektu bat da. Berbarotik Plateruenako girora egin genuen salto, eta gero zuzendaritzan egon naiz hainbat urtetan. Bestalde, Durangaldean zein Euskal Herrian eragin duen proiektu bat izan da, eta durangarrontzat luxu bat izan da plaza hori hor izatea».

2. «Pentsatu gura dut ez dela hor amaituko. Egitasmo berriak izan beharko luke zabalagoa herri mailan, eta, noski, erakundeen parte hartze eta inplikazio handiagoa izan beharko luke. Erakundeek ekonomikoki ere inplikatu beharko lukete. Era horretako karga ekonomiko bat ezin da utzi oso jende gutxiren bizkarrean. Plateruenarekin hala gertatu da»..

.

Miren Amuriza (bertsolaria eta idazlea)

«Gauza asko birpentsatzeko aukera emango digu»

1. «Oroitzapen eder mordo baten gordelekua izango da, publikotik oholtzara begira, zein alderantziz. Erreferentziazko elkargune bat izan da gutako askorentzat».

2. «Euskal kulturgintzan dihardugunok zoru hauskor baten gainean ibili izan gara beti. Besteak beste, hauskortasun horren adierazle garbi bat da Plateruenaren itxiera. Gogoetarako testuinguru interesgarri bat zabalduko du, eta, beharbada, bestela planteatuko ez genituzkeen gauza asko birpentsatu eta berrasmatzeko aukera emango digu»..

.

Izaro Andres (abeslaria)

«Pena da; gizarte pobrea gara artistikoki eta emozionalki»

1. «Elkartze puntu bat, plurala eta aktiboa da niretzat. Proiektu berriak ezagutzeko leku aproposa, gustuko proiektuak ikus-entzutera joateko leku eroso eta atsegina, eta bertan lan egiteko leku ona, lantalde onarekin».

2. «Egoeraren isla garbia eta erreala da. Gizarte gisa kulturarekin zer harreman dugun adierazten du. Banketxeak salbatzen ditugu, ustelkeria babestu, baina antzokiak eta aretoak desagertzen uzten ditugu. Pena da, egia esan; gizarte pobrea gara artistikoki eta emozionalki».

Inkesta lau eragileri (Plateruenaz)

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude