Informazio ugaritasuna: opio eta paradoxa

Informazio ugaritasuna: opio eta paradoxa

Ume nintzela hegazkin txiki bat erori zen Izarraitzen, Erlo mendi gailurretik hurbil.

Hara joan ginen denok peregrinazioan abioiaren hondar okertuak ikustera. Gogorra da aitortzea, baina txapa haiek gogoan ditudan arren, ez naiz oroitzen hildakorik izan ote zen eta zenbat. Albiste hark inguruko herrietako jende andana mugiarazi zuen mendian gora eta esango nuke, urrunagoko herrietatik ere etorri zirela ikuskizun hartara.

Bertan-bertan gertatuko zerbait zen hura eta ez zen normala ez hegazkin bat geure begiz ikustea eta are gutxiago, halako istripu bat, bere txikian guretzat ikaragarria zena. Hortik albistearen erakarmena.

Informazio ugaritasuna: opio eta paradoxa

Jakinmin hori, hala ere, ez zitzaigun inguruko albisteekin bakarrik pizten. Urrutiko intxaurrak ere gogoko genituen, berdin zelarik lurrikara batek Txina aldean sortutako triskantza, Simon Wiesenthalek beste nazi bat ehizatu zuela, Blangadesheko gosetearen irudiak edo beste zernahi. Birjinak ginen eta zuribeltzeko telebista kate bakarra zegoen. Egunkariak ere ez ziren gehiegi eta nahikoa zen jakitea kanguru bat bi bururekin jaio zela Australian, denok Sidneyra begira jartzeko.  Nolabait esateko, iristen zitzaigun informazio apurrak, zauritu edo poztu egiten gintuen eta tren bat zubian behera erortzen bazen Mississippin, huraxe izango genuen hizpide lagunartean eta lanean. Denak hunkitzen gintuen, guztia zitzaigun interesatzen eta, ahal bazen, zerbait egiten saiatuko ginen desastrea arintzeko.

Mundua orain baino askoz handiagoa zen eta gauza bakoitza zegokion lekuan zegoen.

Afrika, esaterako, han urruti zegoen, hegoaldera joan eta joan eta milaka kilometrotara eta ez etxeko atarian, gaur dagoen eran. Txinatar bat kalean ikusten genuen bakoitzean, burua jiratu eta harexi begira geratzen ginen denok, edota bi gizonezko magrebiar eskutik oratuta paseatzen zirenean, harriturik ez genuen deus konprenitzen ahal. Matrikula frantsesdun autoa kalean gora agertzearekin batera, atximur egiten genion ondokoari. Hain ginen gutxi ikusitakoak!

Nolabait esateko, munduaren neurriak baino, geure mundutxoaren tamainak gobernatzen gintuen, geure historia hurbilekoak zuen gugan agintzen eta neurri horretatik kanpokoa zen guztia, exotiko zitzaigun, nolaz eta tukana arbola baten adarraren puntan. Dena zitzaigun arrotz eta horrexegatik zitzaigun ikusmina sortzen, jakin beharra nagusitzen. Mundua globaldu baino lehenago kontuak ziren horiek.

Gaur, milaka iturri ditugu dena jakiteko. Uholdeka dator informazioa eta etengabea da albisteen jarioa. Mota guztietakoak, bertakoak eta Serengetikoak. Igual jakingo dugu Urkulluren zakurrak auzoko katua jan duela, Ulan Batorreko alkatearen hozkailuan bere amona aurkitu dutela izozturik, edota ezin amataturiko sua piztu dela Kuwaiteko putzu batean…

Informazio ugaritasuna: opio eta paradoxaHau idazten ari naizen unean, esaterako, bi trenek talka egin dute Alemanian eta hildako eta zauritu ugari daude, Espainiako printzesa bat dago epaitegiko aulkian eserita, milaka iheslari daude bilduta Turkiako mugan, burtsak galera handiak ditu eta antzarek uve bat egin dute zeruan, urtero lez. Baina ez dut ezer sentitzen. Ez dakit trenari beha dagoen behia naizen ala trenaren leihotik behiei begiratzen diedan.

Mundua aldatu ahala, neu ere naiz aldatu, edo zahartu, ez dakit segur.

Bakarrik dakit ez naizela lehengoa. Bai behintzat gogortu, ohitu, etengabeko jariora zaildu. Sorgortu. Informazio amaigabeak eragindako gaitza hain da handia, ezen ez bainau gaur ia ezerk ernetzen, ezerk kitzikatzen, ezerk supizten. Egunkarietako tragedia larrien alboan etorri ohi diren albiste txatxuetara joaten zaizkit askotan begiak: nola egin benetako cuscus bat, Beyonceren soinekoa azken super bowlean,  hartz zuri guztiak ezkertiak dira, munduko gizonik lodiena hil da Mexicon…

Jada ez dut hartzen urrea eta gorotza bereizteko lanik ere. Nekeza da. Gainera ihes egiten diet ispazterrean itota ageri diren errefuxiatuen irudiei, Gazako gertakariei, gaur bertan Hong Kongen edo Bilbon piztu diren erreboltei… Min handiena eragin diezadaketen gertaeretatik urruntzen naiz: ez ikusi, ez ikasi. Nahiago hartz polarrak eta Beyoncé.

Hedabideetara salto egin eta haien uretan murgiltzen naizen bakoitzean, jada ez naiz gertaera apurrak ulertzen saiatzen zen mutiko hura. Beste bat naiz, dena ikusi arren, ezeri atxikitzen ez zaion herritar ezindu bat. Horixe.

Abioirik handiena gaur Erlon erorita ere, etxean geratuko nintzateke jarioari konektatuta. Kuriositatearen olatutxoak iraungo lidake hurrengo albistea agertu arteko bost segundoko tartean, ez gehiago, ez gutxiago. Parisen zirku batetik ihes egindako elefante batek ezkutatuko lidake Izarraizko desastre berritua.  Eta elefantearen kontua, Mike Jaggerren ustegabeko heriotzaren albisteak… Eta hala infinitora arte eta harantzago ere bai.

Albisteak hondar finezkoak bailiran dagite ihes nire hatzen artetik. Hainbeste zer konpondu ikusirik, hainbeste eta hainbeste neke eta gaitzen menera gaudenez jarririk, deus egiteko gai ez den Sisifo berritu bat naiz edo, okerragoa dena, gatzezko esatua bat, nolaz eta bihurtu zen Loten emaztea, behar ez zuen lekura begiratzeagatik.

Informazio ugaritasuna: opio eta paradoxa / Informazio ugaritasuna: opio eta paradoxa

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)