Inauteri ofizialik ez dirudi izango denik aurten

Inauteri ofizialik ez dirudi izango denik aurten –

Dantzan ataritik jasoa.

Kaskarotak, Beskoitze, 2019-02-16. Argazkia: Jokin Artola.

Sunbilla, Leitza eta Malerrekako inauteriak izaten dira lehenak, eta udalek bertan behera utzi dituzte inauteri festak ofizialki. Urteko lehen inauteriak, ofizialki behintzat, ez dira ospatuko, eta otsaileko inauteriekin gerta daitekeenaren iragarpena izan daiteke. 2020an inauteri gehienak justu-justu libratu ziren pandemiatik, baina aurtengoan ezin esan horrelakorik.

Festa eta jende pilaketarik ez

Urtarrilean ospatzen dituzte Sunbillan, Leitzan eta Malerrekan inauteriak. Sunbillako Udalak adierazi digu aurten inauteriak ez direla ospatuko. Leitzako Udalak eta Pesta Batzordeak 2021eko inauteriak bertan behera uztea erabaki dute, beraz ez da jende pilaketak sor ditzaketen desfilea, kalejira, eskea, herri-bazkaria eta antzekorik antolatuko. Ituren eta Zubietako udalek, berriz, azaroan erabaki zuten 2021eko inauteriak bertan behera uztea. Herritarrei ospakizunik ez egitea eta ingurukoei herri horietara ez hurbiltzea eskatu zaie.

Kaskarotak geldirik

Lapurdiko zenbait herritan urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran hasten dira kaskarotak inauterietako eske-errondetan. Etxez etxe eta baserriz baserri inauterietako musika, dantza eta festa zabaltzen dute, besteak beste, Beskoitze, Uztaritze edo Hazparneko kaskarot taldeek. Oraingoz zaila dirudi aurten kaskarotek urteroko ohiturari eustea. Beskoitzeko Oinak Arin taldeko kideek, adibidez, adierazi digute aurten ez direla etxez etxe ibiliko, baina saiatuko direla  bideoren bat muntatzen sareetan zabaltzeko.

Maskaradarik ez oraingoz

2021erako maskaradak prestatzen bi herri hasi zirela aurreratu genuen, baina garai honetarako hasiak izan ohi dira sarri gazteak maskaradak ematen, eta oraindik ez dira kaleratu. Urtea bukaerarako azken entseguekin ibili ohi dira, baina aurten urtea errepikak geldituta amaitu dute.

Inauteriez gain datozen egunetan ospatzen diren zenbait jai eta dantza ere bertan behera gelditu dira. Bakixa auzoan San Sebastian igandez dantzari-datza dantzatu ohi dute Iurretako dantzariek, eta Oionen San Vicente eta San Anastasio jaien bueltan Katxiren iraulkitzea eta Santu Zaindarien dantza egiteko ohitura dute. Aurten ez da ez festarik, ez dantzarik izango.

Inauteri ofizialik ez dirudi izango denik aurten

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.