[Zinema Euskaraz] Ilargirantz

[Zinema Euskaraz] Ilargirantz –

Zineuskadiren Zinema Euskaraz programari esker, asteburu honetan “Ilargirantz” filma helduko da zinema aretoetara.

Ali Samadi Ahadik zuzendutako film alemaniarra da “Ilargirantz”, publiko guztientzat egokia.

Bahitutako bere arreba txiki Anne erreskatatzeko, Peterrek bidaia magiko bati ekin beharko dio lurralde misteriotsu batean barrena… ilargia!  Bertako Gizon gaiztoak bahitu du Anne, honek bere lagun kakarraldoari, Zoomzeman jaunari, emaztea bilatzen laguntzen ari zitzaionean. Bere fantasiazko abenturan, Larre izartsuan lurreratuko da Peter, eta “lo dagoen” Hareaztatzaile jauna ezagutuko du. Bertan jakingo du Anne non dagoen aurkitzeko modu bakarra Gaueko Maitagarriaren afarira joatea dela, Hodeietako Jauregian. Baina hango mahaian ez dago guztientzako eserlekurik. Eta hala, Naturako bost espirituekin lehiatu beharko du: Erraldoi Ekaiztsua, Txinparta Sorgina, Henry Kazkabar, Robin Zaparrada eta Ama Antzigarra.

.[Zinema Euskaraz] Ilargirantz

Zinema hauetan proiektatuko da filma:

  • Golem Alhondiga (Bilbo)
  • Multicines 7 (Bilbo)
  • Zugaza Zinemak (Durango)
  • Getxo Zinema (Getxo)
  • Golem La Morea (Iruñea)
  • Principe Zinema (Donostia)
  • Niessen Zinemak (Errenteria)

.

Zineuskadik sustatuta, Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den lehen filma da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du ekimenak. Egitasmo honi esker, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.

Zer duzu buruan “[Zinema Euskaraz] Ilargirantz”-ri buruz

  • Aitor Perez de Langarika 2022-01-16 09:20

    Tamalgarria Gasteizen ikusgai ez egotea. Zineuskaditik horren erantzukizuna nondik datorren argitzerik bai?