Berri Txarrak: Ikusi Arte (1994 – 2019)

Berri Txarrak: Ikusi Arte (1994 – 2019) –

Berri Txarrak taldearen izenak zentzua hartu du gaur, Gorka Urbizuk taldearen etenaldi mugagabea iragarri duenean. Hemen duzue komunikatua:

Hamazazpi urteko mutikoa nintzenetik (1994) inongo etenik gabe taldean jardun eta munduan barna milatik gora kontzertu eman ondoren (Lekunberritik hasi eta Zelanda Berriraino, New Yorketik Sao Paulora, Managuatik Madrilera, Nantesetik Pekinera…); furgoneta zein hegazkinetan ordu mordoa igaro, afiziotik ofiziora pasa eta proiektu honi dedikazio osoa eskaini izanaren poza eta nekea bihotzean, zera jakinarazi nahi dizuet mezu honen bidez: BERRI TXARRAK-ekin ziklo ahaztezin bat ixteko garaia heldu dela sentitzen dut. Geratzeko beharra daukat, distantzia hartzekoa. Horren konplikatua eta sinplea da. Hogeitaka urtetan atsedenik hartu gabe aritu ondoren, egunetik egunera nekezagoa zait higadura emozional eta fisiko honi aurre egitea. Oraintxe bertan gure erritmoak ez doaz parean eta ez gaude %100ean jarraitzeko moduan. BTX-en entzuleek ez lukete ulertuko hala segitzea, eta erabakia benetan zaila den arren, gauden tokian jarri gaituztenenganako errespetua beti egon da talde honen lehentasunen zerrendaren gorenean.

Musika eta sormena ulertzeko modu asko dago, sortzaileak beste ziurrenik. Baina momentu batetik aurrera ezbaian jarri behar da ia dena. Erabaki beharra dago beti atezuan dagoen inertziarekin ze harreman mota eduki nahi duzun. Aroak ixten asmatu eta berriak abiatzen saiatu. Bestela esanda: ikasten segi.

Hori horrela, 2019rako prestatu dugun bira luzearen ondoren taldeak etenaldi mugagabea egingo duela jakinarazi nahi dizuegu. Ospakizun bira berezia izango da zinez, ez alperrik 25 urte beteko baitira taldearen sorreratik (mende laurden!). Ikusi Arte Tour 2019 honen inguruko xehetasunak datozen egunotan argituko ditugu.

Gauza asko egin ditugu, geure modura egin ere, ez dugu berehalakoan ahaztuko. Urrats bakoit- zeko, beti saiatu izan gara egindako horretan maitasuna jarri eta detailea zaintzen. Izango da astirik musikaren bidez bizitakoa eta bizi arazitakoaz sakonago hausnartzeko. Momentuz gure asmoa drama edo nostalgia oro saihestu, bidaia haluzinante honengatik topo egin eta zuekin batera geratzen diren kontzertuez gozatzea da. Elkarrekin inoizko ozenen egingo dugu oihu, arima urratu arte!

.

Gorka Urbizu – Berri Txarrak
Lekunberri (Nafarroa), 2018ko abendua.

Berri Txarrak: Ikusi Arte (1994 – 2019)

Berri Txarrak: Ikusi Arte (1994 – 2019)
agurra, Berri Txarrak, BTX, gorka urbizu, musika, Rock

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude