Ikatza liburugune politiko-soziala irekiko da Hernanin

Ikatza liburuguneak gaur irekiko ditu ateak, Hernaniko Zapa kalean dagoen Karbonera etxean. Ekimenaren antolatzaileek liburugune politiko-soziala dela adierazi dute, eta “ezagutzaren arloan dagoen monopolioaren aurrean pentsaera eta jarrera kritikoa bultzatzea” dutela helburu.

Sarean, hainbat blog eta webgunetan egin dute propaganda, gaurkoan ahalik eta jende gehien biltzeko asmoz. Ilunabarreko 20:30ean izango da inaugurazioa, eta pintxo eta edariez gozatzeaz gain, bazkide egiteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Ikatza liburugunean adizkariak, liburuak, egunkariak eta bestelako edukiak maileguan hartzeko aukera izango da, soziologia, psikologia, historia, nazio gatazka, feminismoa, ekologismoa, langile borroka, anarkismoa, komunismoa eta beste hainbat gai jorratuko dituztenak. Horrez gain, tailerrak, hitzaldiak edota kanpainak antolatzeko asmoa dutela ere adierazi dute.

Bestalde, Preso bat, Liburu bat ekimena jarri dute martxan. Honen bidez, Ikatza liburugunea presoentzat ere eskuragarri egotea nahi dute, “proiektua herritar guztiei zuzendutakoa baita”. Parte hartzeko onena bertara gerturatzea da, baina ezin duenak, Karbonerako helbidera edo helbide elektronikora idaz dezake:

  • Zapa kalea 6, Posta Kutxa 13, 20120 Hernani (Gipuzkoa), Euskal Herria
  • ikatzahernani@gmail.com

Ikatza liburugune politiko-sozial berria

Irudia | Ikatza liburugune politiko-sozial berria | Ikatza liburugunea | Creative Commons By SA

Zer duzu buruan “Ikatza liburugune politiko-soziala irekiko da Hernanin”-ri buruz