Igor Elortzak “Xabier Lete” (Kafe Aleak)

Igor Elortzak “Xabier Lete” (Kafe Aleak)

Igor Elortzak "Xabier Lete" (Kafe Aleak)

.

Xabier Lete

“Xabier Lete” (Artezi, 1974)

.Igor Elortzak "Xabier Lete" (Kafe Aleak)

Amaren bularra haurraren janari…

… haurraren negarra beti hunkigarri. 1980ko hamarkadako arratsalde udatiar bat da. Sargori egiten du eta auto bat Urdaibaitik Durangora bidean dator, oraintxe ezkerretara oraintxe eskumatara, Mendatako bide bihurrian sigi-saga. Autoa Renault 8 bat da eta ni atzeko jesarlekuan noa arrebagaz batera; botalarri naiz, patata tortillari sabelean eutsi guran nabil. Amak Ducados bat piztu du, eztul eginez, eta aitari eman dio, honek bidean arretarik galdu barik erre ahal izan dezan. Bien bitartean, Xabier Lete kantari dabil kasetetik, bizarrek altabozetatik kanpora irteten diotela.

Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak…

… aurkitu nahi dituen poeta tristea. 1990eko abendua da. Durangoko Azoka. Xabier Lete isilik egon da azkeneko urteetan, hesteetako gaitz larri eta artean zehaztu bako batek derrigortuta. Baiezkoa ematea ondo kostatu eta gero, Kurutziaga zineman kantatuko du gaur. Hotelean gela bat eskatu ei du trankil egoteko. Ikusmina zirraragarria da, eta halaxe jesarri gara gaueko hamarretan aretoan: dar-dar egiten duen jarleku baten gainean. Atera da gizona halako batean. Hori da hori hitzaren zehaztasuna jendea agurtu eta kantak aurkeztukeran. Hori da hori ahotsaren indarra kantatzean, eta gorputzaren energia; begiak leize eta eskua ukabil. Betirako txundituta lotu gara, eta ikasi berri diogun aditz bat dabilkigu barrenak konjugatzen: inarrosi.

Garaziko herria benedika dadila…

… euskarari eman dio behar duen tornuia. 1990eko hamarkadaren erdialdeko goizalderen bat da. Edozein auzo, herri edo hiritako edozein tabernaren kanpoaldea izan daiteke; edozein astegun ia-ia. Baina, segurutik, bariku goizaldea da eta Gasteizko Kashba zeneko ateetan gaude. Kantari gabiltza. Hamar bat lagun. Denetiko euskal kantak ari gara lau haizetara zabaltzen, nork ozenago, lagunartearen pozak bihotza berotuta, eta, zertan esanik ere ez, garagardoak hauspotuta. Tartean dira Nafarroa arragoa, Altzateko jaun, Kontrapas eta beste hainbeste. Egunaren lehenengo argiekin etxerako bidea hartu dugunean, gaua gugaz eman duen edadeko lagun batek irribarrez diost: “Zuek kale borrokaren adar kulturala zarete!”.

Berriro igo nauzu ene mendira…

… oroitzapen zaharrei maitez begira. 2009. urtea azkenetan dago. Euskadi Literatur Saria eman berri diote Xabier Leteri, eta Durangoko Plateruenera dator Egunsentiaren esku izoztuak poemarioan oinarritutako errezitaldia eskaintzera. Adinak eta urteetako osasun arazoek makalduta dago, bistan da bistan denez. Baina zelan betetzen duen agertokia oraindik ere!, hitzez, ahotsez, esku kolpez eta begi keinuz. Afaltzera ere geratu da, eta emanaldian malenkoniatsu, idor, ilun agertu zaigun Lete bera da orain umoreko, bizi eta zirikatzaile berba egiten digun Xabier. Ederra afalostea! Gauerdia pasatuta jaiki gara mahaitik, eta Brassensen Testamentua bertsionatuz aspaldi idatzi zituen hitz ironikoak kantatuz jaitsi ditugu eskailerak: “Izan ez ditudan maitale guztiak, nire gelan dauden zapata bustiak… Jaurlaritzari uzten diozkat…”. Atera ailegatu garenean, besarkatu eta elkarren ezagutza egin izanaren pozez agurtu gara. Hurrengora arte.

Izotz ondo eguzki, neguaren parre…

.

Igor Elortza (Durango, 1975) bertsolaria

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Igor Elortzak / Igor Elortzak / Igor Elortzak