Igor Calonge koreografo donostiarra sorkuntza-egonaldi batean da Montrealen

Igor Calonge koreografo donostiarra sorkuntza-egonaldi batean da Montrealen –

Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolako (EDCM) ikasleekin sorkuntza-lan bat egiten ari da, abenduan aurkeztuko dena.

Egonaldia Saison Québec-Pays Basque 2021-2022 aldebiko kultur egitasmoaren baitan kokatzen da.

Igor Calonge koreografo donostiarra sorkuntza-egonaldia egiten ari da Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan (EDCM, frantsesezko siglatan), bertako goi mailako dantza ikasleekin. Urriaren 17an hasita, bi hilabeteko lana ari da burutzen, eta egindakoaren emaitza abenduaren 7, 8, 9 eta 10ean aurkeztuko du Montrealen. Egonaldiaren erdia eginda, orain artekoarekin pozik dago, eta “esperientzia aberasgarria” izaten ari dela dio.

Dantzari profesional izateko ikasketak amaitzen ari diren 17 dantzari ditu Calongek bere agindutara. Martxoan irekitako deialdira aurkeztu zuen oreka gai zentraltzat zuen proiektua. “Oreka galtzean sentitzen den bertigoa eta erorketak ematen digun beldurraren inguruko lanketa egin nahi nuen, bereziki, egoera horiei aurre egiteko eta gainditzeko moduak. Mugimenduak eta koreografia horren baitan ari gara osatzen, dantzari bikainez osatutako taldearekin”. 

Euskadi eta Quebecen arteko zubiak sendotzeko Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 ekimenaren barruan joan zen Montrealera Calonge; bi norabidetan gauzatzen den eta elkarlanerako bokazio osoa duen egitasmoa. Izan ere, deialdi bakoitzean Quebeceko koreografo bat ere hautatzen dute EDCMk eta Quebeceko Arte eta Letren Kontseiluak (CALQ, frantsesezko siglatan), Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean egonaldiak egin ditzaten Dantzaz konpainiarekin. 

Hala, laugarren edizio honetan Edgar Zendejas koreografo quebectarra (mexikarra jaiotzez) bi hilabetez ariko da lanean Dantzazeko dantzariekin: 2023ko urtarrilaren 9an hasiko du egonaldia Tabakaleran, eta otsailaren 6tik martxoaren 9ra Gipuzkoako Dantzagunean ariko da. Errenteriako Udalaren elkarlanari esker, egonaldiaren emaitza Niessen auditorioan aurkeztuko dute, martxoaren 9an bertan 19:00etan.

Aurreko urteetan Iker Arrue, Kanpai eta Xian Martinezek egin dute egonaldia Montrealen, eta John Gerena, Louise Bedard eta Bettina Szabok Donostia eta Errenterian.

Egonaldi-programaren helburu nagusiak ondorengoak dira: artisten garapen profesionala sustatzea, eta beren lana hedatzea; artistei kultur garapenerako tresna berriak ematea; euskal eta quebectar sortzaileen arteko elkartrukea sustatzea; euskal artistak eta beren lana nazioartean sustatzea eta sormen eta produkzio artistikorako sareak garatzea.

Igor Calonge koreografo donostiarra sorkuntza-egonaldi batean da Montrealen

.

Saison Québec – Pays Basque 2021-2022

Joan-etorriko izaera duen Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 programaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea. 

Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko proposamenak eskaintzen ditu. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu emana sustatzen da. 

2021. urtean zehar zinema zikloak, kontzertuak, literatura ekimenak eta kongresu akademiko bat egin dira, besteak beste. Eta 2022an zehar jarraipena izango du programak, begirada arte eszenikoetan jarrita.

.

Quebec: lehentasunezko lurraldea

Saison Québec – Pays Basque egitasmoak 2017. urtean, Iñigo Urkullu lehendakariak Quebecera egindako bidaia instituzionalean, hango Lehen Ministro zen Philippe Couillardekin sinatutako MOU edo Elkar-Ulermenerako Memorandumean du jatorria. Izan ere, Quebec, Euskadiren nazioartekotzeko estrategian lehentasunezko bazkidea baita, besteak beste, Euskadirekin, aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua, eta ingurumenarekin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpromisoa partekatzen dituelako. Akordio horretan, ingurumena, garapen ekonomikoa eta berrikuntzarekin batera, kultur esparruan bi herrialdeen arteko lankidetzan sakontzeko helburua jasotzen da, eta Saison Québec – Pays Basque da, hain zuzen, bi  herrialdeen arteko lankidetzaren emaitzetako bat.

Etxepare Euskal Institutuko ordezkariak hiru aldiz egon dira Quebecen egitasmoari forma emateko, eta 2019ko uztailean Euskadi-Québec kultur topaketa profesionalak burutu ziren Gasteiz, Bilbo eta Donostian bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatu eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin. Hori izan zen Saison Québec – Pays Basque antolatzeko lehen urratsa. Halaber, Lehendakaritzak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak dirulaguntza deialdiak atera dituzte egitasmo honen baitako kultur jarduerak laguntzeko.

.

Kultur Konexioak: kulturaren bidez herrialdeen arteko elkarrizketa sustatzen

Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zen Euskadiren kanpo harremanetarako eta nazioartekotzerako estrategikotzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen. Hala sortu ziren Kultur Konexioak, nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatu, herrialde eta kultura horiekin loturak estutu eta harreman iraunkorrak bideratu, sortzaile eta kultur eragileen artean zubiak eraiki eta lankidetza sendotu, eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emana sustatzeko. 

Igor Calonge koreografo donostiarra sorkuntza-egonaldi batean da Montrealen