Igeldora igo beharrik gabe

Igeldora igo beharrik gabeAsteburu honetan Igeldoko jolasparke zaharrak Kutxa Kultur festibala hartuko du beste behin, azken urteotan bezala.

Euskal indien paradisura joaterik izan ez baduzu, alkondara loraduna zikin duzulako, gero eta garestiagoa denez sosik ez edo oporrak bukatu berritan alpergura; baina bertan entzungai diren talde eta musikak ezagutu nahi badituzu, laburpen bat egingo dizugu.

Bi kanpoko eta bi etxeko musika talde, gehi donostiar harribitxi bat; Igeldoko jaialdia bost kantutan:

.

The Strypes “Get Into It”

Oraindik talde erdia adin txikikoa zela ezagutu genituen irlandarrak Gasteizko Azkenan, iaz. Eta hankaz gora jarri zuten jaialdia oso zuzeneko sutsu eta gozagarria joz.

The Strypes-ek rock&roll edo, zehatzago, pub rock doinuak jorratzen ditu Dr. Feelgood-en tankerara. “Snapshot” debut lanak eman zituen ezagutzera 2013an eta bigarren luzea plazaratu berri dute joan den abuztu bukaeran.

Beraz, “Little Victories” laneko kantu berriak kasik primizian joko dituzte Donostian. Bertako lehen singlea da “Get Into It”, hemen erdi akustikoan joa `igandeko sesio´batez.

.

Dotore “Balinesa”

Rock doinuetarako tarterik egiten badu ere, Kutxa Kultur soinu aratzagoetara dago lerratua, indie-pop esaten diotenetara. Jaialdiko sonoritatearen adibide garbia izan daitekek Dotore.

Rock De Lux aldizkariak “lurruntsutzat” hartutako taldea Donostia eta Bartzelona artean bizi den hirukoteak osatzen du. “Variaciones” plazaratu zuten iaz, hirugarren lan luzea; bertan gordetzen da “Balinesa”.

.

Ainara Legardon “The Third”

“Nire ahotsarekin eta nire ahotsaren barruan bidaiatzen dut -dio bilbotarraren webgune euskaratu berriak-. Isiltasunari kosk egiten diot, ahoa zabaldu eta ihes egin dezan uzten diot”.

Eskarmentu handiko musikaria da Ainara Legardon, bi hamarkada baitaramatza musikaren esperimentazio alorrean. Azken lana “Every Minute” du, bidaia haria duena.

Bi lan atzera egin eta “Forgive Me If I Don´t Come Home To Sleep Tonight” laneko “Third” ekarri dizuegu, Zarautzko Garoan joa.

.

Yo La Tengo “Autumn Sweater”

Erritmoa mantsotuz Yo La Tengorengana heldu gara, zalantza barik aurten jaialdiak aurkezgai duen talde nagusia. Nahasteko moduko izena badute ere, Georgia Hubley eta Ira Kaplan senar-emazteek James McNew-rekin osatzen duen hirukotea New Jersey-koa da, estatubatuarra.

Yo La Tengo kultuzko taldea da egun, baita gurean ere; ez daramatzate alferrik hiru hamarkada oholtzetan. Efemeridea ospatzeko “Stuff Like That There” plazaratu berri dute, abuztu bukaeran, Matador zigiluarekin. Bilduma bertsioz osatzen da batez ere, tartean The Cure taldearen “Friday I´m in Love” fin bat.

Taldeak Irail bukaeran mundu mailako bira bat egingo duela iragartzen duenez, ez dakigu Donostiako zuzenekoa non kokatzen dute. Edozelan ere laukotean ei datoz, hasierako kide Dave Schramm taldera batuta.

Paperezko kontzertu itzaltsuetatik Nashvilleko binilozko kontzertuetara, 2013ko urtarrilean disko denda batean zuzenean jotako “Autumn Sweater” dakargu, udazkena ez dago urrun-eta. 1997an “I Can Hear the Heart Beating as One”; zaleen kanturik kuttunetakoa.

.

Rafael Berrio “Mis ayeres muertos”

Yo La Tengo kultuzkoa bada… Rafael Berrioz zer esan?

Donostiarrak aho bete hortz utzi gintuen “1971” eta “Diarios” lanen hitz zoragarri eta konponketa orkestralekin; eta hauek alde batera utzita iraganeko rock doinuetara bueltatu da orain, Joserra Senperena lagunaren ordez Joseba B. Lenoir eta Rafa Ruedaren gitarrak lagun.

Emaitza, “Paradoja”, Warner erraldoiak aurten plazaratua. Bertakoa dugu “Mis ayeres muertos”.

Igeldon, kokapen ezin aproposagoa aurkitu diote Rafael Berrio ilunari, Antzoki Abandonatuan bi aldiz joko baitu.

Igeldora igo beharrik gabe

Ainara LeGardon, Dotore, Igeldo, jaialditzarra, Kutxa Kultur festibala, musika, rafael berrio, The Strypes, Yo La Tengo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude