Idazleen irudia

edorta portuanZaintzen al da idazleen irudia?, agertzen al dute idazleek agertu behar luketen duintasuna beren irudietan?


Kazetaritza eta literatura elkartzen diren unean sortzen da idazlearen itxura dei dezakeguna, kazetetatik aparte idazleak ez baitu itxurarik, pertsona arruntaren irudia ez bada, goizetan besteok bezala kafesnea hartzera pijaman jaikiko dena.

Idazleak bere burua erakusten du, idazleari eta komunikabideari, biei interesatzen zaien neurrian. Batak liburuak salduko ditu, legenda bilakatuko da, mututasuna hautsiko du, ahots bat bilakatuko da besteon baitan. Komunikabideak, berriz, ahots hori goratu nahiko du, hain justu figura horren handitasunak berea propioa nabarmenduko duelakoan. Idazlea sarituz bere burua saritzen duen sariketaren kasuan bezala, komunikabideak, errealitate bat azaltzen du, errealitate horrek bere buruari prestigio bat emango dion neurrian. «Geuk elkarrizketatu genuen x jauna», esango dute, «gurekin bildu zen, bere etxea ireki zigun, eta hara noraino iritsi den, hara zein espazio betetzen duen Literaturaren Mundu Unibertsalean». Kanpotik ikusita, banitateen arteko joko ziztrina emango du, edo glamour txundigarria, baina, ez bata eta ez bestea, ekonomia hutsa da.

Eskua kokospean, zeharka sartzen zaio argia, etzana, argi-ilunez hornitzen du idazlea, keinu serioa dauka, argazkilariak gogaituko balu bezala. Irmo agertuko da gehienetan, besoz gurutzatuta agian, edo besaulkian eserita, dotoreziaz, nobleziaz kasik. Zigarreta bidailagun izango du sarritan, zigarreta aho-ertzean, zigarreta hatzen artean, zigarreta beti aldarri, bizimodu baten erakusgarri. Zigarretan liberaltasuna erakutsi eta irakatsiko du, idaztea liberala izatea baita (ia) nahitaez, politikoki ez bada ofizioz behintzat. Desorduan, legerik gabe, arauak hautsiz… ez, idazlea ez da izaki arrunta, ez du izan nahi, eta ezberdintasun hori protesta bat balitz bezala aireratu nahiko du. Batzuetan, idazlea abere batekin azalduko da. Zakurzale amorratuak ote dira? Ez, kasu horietan, argazkilariak (komunikabideak) idazlearekin izandako intimotasuna nabarmendu nahi izango du, maskota bat beti baita norberaren bizitza pertsonalari dagokion zerbait, kasik norberaren mundu intimoari. Idazlea eta maskota, biak elkarrekin, beti izango dira, azkenean, saldutako egunkari eta errebista gehiago.

Bada idazlearen irudi estandar moduko bat. Idazleak estandar horren baitan sartu nahiko du, eta komunikabideek laguntza emango diote, klixeekin askoz ere errazago mugitzen baitira. Idazleak, oro har, harrotasuna azalduko du mundu aurrean. Asko kostata iritsi da iritsi den lekura, langilea delako ez ezik, talentu bat daukalako, ezberdina delako, eta ezberdintasun horrek mundua ederragotzen duelako. Hara hemen jenio txiki bat, izango da argazkiaren titularra. Nola agertzen da jenio txiki bat? Modu askotara, eta, aldi berean, oso mugatuta dagoen modu batean. Kontuz, dena ez da zilegi, dena ez da posible.

Euskal Herrian, noski, hori guztia ezberdina da. Ihes egiten digu inon idatzi gabeko kode multzo horrek. Idazlea, askotan, izaki arrunta balitz bezala agertzen da, eta ez da kasualitatea. Batetik, idazleak bere txikitasunaren kontzientzia dauka, bere herrian baita heroi, ez bere herritik kanpo. Herabe, uzkur, lotsatu, ia umiliatu agertzen da argazkilariaren aurrera. Tramite gogor eta astuna pasa behar du (bera ez da modeloa!), munduak horretara behartzen duelako, beraz, «amai dezagun ahalik eta azkarren». Besteok bere buru serioegi hartzen duela juzgatuko dugun beldur, irri egiten du. Beste alde batetik, komunikabideak ere, txikitasun horren berri badauka, eta txikitasun horri dagokion trataera emango dio, argazkiak non-nahi eta nolanahi eginez, normalean kalean, horma baten kontra, eskuak patriketan… beste batzuetan galtza motzetan, hondartzarako sandaliak jantzita, alkandora zimurtuta… Nornahi dena, nolanahi ager liteke.

Degradazio mingarri baten kronika grafikoa izaten da azken emaitza. Komunikabideak, idazlearen irudiarekin (izar txikia da, gajoa), komunikabidearena berea amilarazten du (izar txikiak baino ez ditugu elkarrizketatzen). Eta hain geratzen da amildua, ezen eta idazle horren jarraitzaile sutsu ez diren guztiak indiferente geratuko diren elkarrizketarekiko.

Literatura baztertu baten partaide garela salatzen dugu usu, baina geu gara geure burua baztertzen lehenak.

(Berria-n argitaratutako testua).

GURE ETXEKO KONTUAK

9 pentsamendu “Idazleen irudia”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2012-03-20 22:02

    Badugu gai honekin zuk eta biok halako fijazio bat…
    Niri, prentsa argazkilari bezala, idazlearen irudia zein den berdin-berdin zait. Eskultorearenak ere ez nau kezkatzen eta futbolarien inguruan zer nahi duzu esatea…
    Ez dut uste prentsan publikatzen diren idazleen argazkien zeregina, idazlearen irudia eskaintzea denik, beraz egin beharreko lehen galderak lirateke: Zergatik atera behar dizkiogu argazkiak idazle horri? Zertarako? Zer jakin nahi dugu?
    Zein da hemengo prentsaren joera? Artikulu bat idatzi dut eta hori ilustratzeko argazki bat behar dut, polita ahal bada. Gero, esaten ez bada ere, ‘polita’ horri, erraza, merkea, ez kazetaria eta ez idazlea gehiegi liatuko ez dituena, azkarra, beste lanak egitea eragotziko ez duena eta abar, gehitzen zaizkio, baina egunkaria edo aldizkaria publikatzean polita gelditu dadila da garrantzitsuena.
    Niri hori izugarrizko akatsa iruditzen zait, baina hala nahi izaten denez, ze da errazena? Bertan biluztu eta bertan jo. Honi buruz idatzi izan dut beste noizbait. Liburua aurkeztu duela, ba prentsaurreko tokian (hori bai, kalera atera ezazu, bestela hotz samarra geratzen da eta), elkarrizketa bat egiteko geratu garela, ba elkarrizketa seguruenik tabernaren batean izango denez, tabernan bertan (jode, kalera atera ezazu, bestela sosoa geratzen da eta) edo elkarrizketa telefonoz edo emailez egin bazaio, toki aseptiko batean zita egin eta hotzean, bertan egingo dizkiogu argazkiak (kanpora atera ezazu, mesedez, lantokian itsusi geratzen da eta); helburua, besterik gabe hitzez betetako orrialde horri zama kentzearren, testua ilustratzea izaten baita.
    Abiapuntuak beste bat beharko luke. Zergatik egin nahi dizkiogu argazkiak? Testua ere arrazoi bategatik egin diogun bezala, dela liburu berri baten aurkezpena, dela azken liburuaren inguruko elkarrizketa, dela bere bizitza literarioaren inguruko artikulu zabala… argazkiak zertarako nahi ditugun erabaki beharko genuke. Argazkiak zer kontatzea edo zer galdetzea nahi dugun, sinisten ez baduzue ere, argazkiak informazio asko eman baitezake.
    Elkarrizketa uneko argazkia izan daiteke, berarekin bildu eta elkarrizketa bat eman digula azpimarratu nahi badugu, edo/eta bere elukubrazioei garrantzia eman, bere etxean egin dezakegu, nola bizi den, zein den benetan jakiteko, azken liburua kokatu duen gunean, idazten duen tokian, edo agian idazlea aurkeztu besterik ez dugu egin nahi, aurpegi bat jarri…. Posean edo zerbaitetan dabilela erretratatu dezakegu, baina posean bada, intentzio batekin izan dadila, landuta, zerbait erakutsi, iradoki edo esan nahi dugulako, ez bertan tokatu zaigulako eta besterik ez dugulako, baina hemen, idazlearen irudia edo idazleak jendaurrean eman gura duen irudiaz gain, argazkilariaren, hedabidearen estiloa edo apeta ere kontutan hartu beharra dago. Ekintza bat egiten atera nahi badugu, aldiz, ekintza hori egiten atetzea bezalakorik ez da, ahaztu dezagun “egin ezazu ariko bazina bezala” esaldia behingoagatik!
    Nik txukun geratu zaizkidan argazki asko egin dizkiot hamar minututan idazle bati baino gehiagori (agian ez dago ondo nik esatea, baino…) : Karlos Linazasorori eginikoa, Tolosako liburutegiko balkoian, Joxe Austin Arrietari Tanger tabernan, Jon Benitori Konstituzio plazan… Baina ezerk ez du gaindituko Marc Legasseri bere etxean egindako hura edo Alfonso Sastre eta Eva Foresti beraien etxean egindako haiek.
    Nik, neure kontura, egun oso bat pasatua dut idazle baten ondoan jarri eta bere sortze prozesuari argazki bat egiteko. Goizean bere ondoan eseri eta bertan egon, egon eta egon, berak idatzi, buruari hazka egin eta sareko hiztegian begiratzen zuen bitartean. Bazkaltzeko unean bakean utzi eta arratsaldeko kaferako bueltan berriro, bere ondoan eseri eta egon, so egin, zain egon. Inolako akziorik gabeko eszena bat, edonork argazkia ikusi eta “hau momentu batean egin daiteke, begira, jarri hor, idatzi zerbait, egin pentsatuko bazenu bezala…klik eta listo” esango lukeena, baina ez da horrela, idazle hark horrela idazten du, erreala da, badu tentsio ttiki bat argazkiak. Baina hori ez da lan egitea, hori satitsuei begira egotea da, potrojorran, produzitu gabe… eta bai, badakit denborarik ez dugula, gutxi garela eta beste gauza batzuei buruz ere idatzi beharra dagoela, baina paradigmatikoa da, argazkia ateratzen dugun unetik, publikatu arteko denbora tartea asko laburtu den garai hauetan, argazkiak ateratzeko sekula baino asti gutxiago izatea.
    Nik ez ditut argazki politak nahi, niri argazki politak idazlearen irudia bezain gutxi axola zaizkit. Nik beraien sukalderaino, bihotzeraino, erraietaraino sartu nahi dut, goizetan besteok bezala kafesnea hartzera pijaman jaikiko dena, pijaman erretratatu nahi dut, beste guzia itxura eta itxurakeria besterik ez da.
    Orain, idazle idatzi dudan tokietan futbolari, pintore edo politikari jarri eta testua berrirakurri, berdin-berdin balio du, balio dit eta.

  • Hau da hau, hitz jasa, horren gai arinerako. Azken batean, zeini inporta zaio idazlearen “irudia”? argazki bat?
    Total, liburuaren azala kamera aurrean ahalik eta ondoren erakutsiz egin ohi diren argazkiek betiko izorratzen dute idazle batek izan dezakeen “irudia”. Hain dira kutreak argazki tipiko horiek.
    baina, esan bezala, ze inporta dio? Idazlearen muina, mamia, bere lana inporta zaigu (edo behar luke).

  • Niri inporta zait. Nik nire idazle kuttun-kuttunen argazkiak askotan, baina asko-askotan begiratu ditut euren liburuetan; areago, irakurtzen ari naizen bitartean, edozerk harritzen banau, edo hunkitzen, edo barrez lehertarazten, edo molestatzen, edo dena delako sentimendu fuerte bat pizten didanean (hori da helburuetako bat, ezta?) orduan ere argazkira jotzen dut. Hilda dauden nire idazle kuttunen argazkiak memoriaz dakizkit. Irene Nemirovskyren aurpegi zoragarria buruz dakit eta mila birao, hilda dagoelako eta dauden argazkiak daudelako, ez gehiago.
    Niretzat idazle bat ez da ez da edonor. Idazle kuttun batekin lotzen nauena nik ezagutzen dut eta pena handia ematen dit, Garrok aipatzen duen bezala, Euskal Herrian nolakoak garen ikusteak. Nola ahalegintzen garen inork destakatu ez dezan, ofizialki laudatutakoez at (eta orduan ere kontuz). Bestela esanda: David Bowie euskalduna izan balitz, hortxe jarriko genuke, bere LPa eskutan, dagoenik eta lekurik anodinoenean, ahalik eta estandarizatuenean, esanaz bezala: Kontuz David, ojo espeziala nahi izan egolatra horrekin edo txikituko haute (haugu).
    Jakina garrantzitsua dela irudia; agian horregatik tematzen gara besteon ongizateari piperrik ere eskaintzen ez dizkieten pertsonaia tamalgarrien itxura zaintzen (alderdi indartsuetako politikariak, adibidez) eta gainerakoen eskaintza aberatsak (talentua, estiloa, ideia askatzaileak…) ahal bezainbeste banallizatzen.

  • Baina, nire kasuan, Marina, ez zait piperrik inporta idazle baten irudia. Zuk diozun guzti hori piztea da garrantzitsuena. Espeziala edo egolatra izatea hobeto islatzen dute idazlearen idazkiek, pentsamoldeek, iritziek… bere itxurak edo irudiak baino.
    Oraintxe Bach entzuten ari naiz, eta berdin berdin zait gizon handi horren itxura… musikari gorena zen eta kitto. David Bowieren itxura garrantzizkoa da, eskaintzen duen “sormenaren” zati badelako bere estetika ere. Aldiz, itxura besterik lantzen ez duten txepel asko dago, bere sormenarekin hautsi ezin duen anonimotasuna itxura hutsalarekin hautsi nahian.

  • Kontua zera da, zer nolako ohitura dugun esateko besteen irudiak ez duela axola, ez digula axola, ostera eta arrapaladan gaineratzeko ze gaixki iruditzen zaigun halakok ez-dakit-zein itxura hartzeak. Baina ez al zitzaigun piper bat axola…? Txepel batengan zergatik azpimarratu behar dugu bere itxura, eta ez bere txepelkeriaren froga? Zergatik ote da bere itxura bere izaeraren froga, itxura ikusi ere egiten ez badugu…?
    Anekdota ttiki bat jarriko dizut: Egun oso ospetsua den euskal kantari batek, 60. hamarkadan bere single baten portadan agertzeko begietako marra egin zuen. Hara marikoia!
    Hori zen orduan iraintzeko modu kontundente bat.
    Abixu hura, noski, egun ia barregarria egiten zaigu, ezta? Alegia, marikoia: Hori iraina al da, hasteko? Iraintzat darabilenarentzat! Eta bestetik, begiak margotu nahi baditu, zer…?
    Baina hondoan zentsura bat dago broder. Mehatxu bat, arau bihurtu dena, idatzi gabekoa: Hemen denok normaltxoak, denok estandarrak, denok xuabe. Irudiaren arau komunikatiboak gurekin ez balihoaz bezala. Baina badoaz. Leire Pajin izeneko ministro baten argazkiak ateratzea, bera bainujantzian zela, hori argazkiak ‘lapurtzea’ da, arauaren arabera ministro batek bere autoritatea, bere boterea, bere estatusa, bere keinu profesionala agertu behar baititu. Hori bai: Gazpatxo bat nola prestatzen duen erakutsi ahal digu bere etxeko sukaldean, kazetariak berak esango dizu, ‘beste itxura bat’ agertzeko aski herrikoia jartzen zaigunean (bere itxura humanoa, etxekoa, gertukoa…horrelakoak aipatuko dizkigu).
    Arauak egon badaude, eta denok segitzen ditugu. Eta gertatzen dena zera da: Euskal Herrian araua honela laburtu genezakeela: Glamourra, xarma, berezitasuna, itxura-askatasuna, (exzentrizidade askatasuna barne)…bai, kanpokoentzat. Hemen poliki, ttur-ttur. Bainujantzian igual ez baina hortxe-hortxe.
    Tira, agur bero honekin:
    Marinak (bere konpositore kuttunen ileorde zurien errobot-erretratu bana egin ahal lizukeen bat). (Benetan). (Mozartenak, kapitulua aparte).

  • Politikari batek gazpatxo bat nola egiten duen agian interesgarri izan daiteke. Ez, ordea, politikari gisa juzgatzeko edo baloratzeko orduan.
    Ba berdin itxurarekin. Idazle bat begi-marrarekin atera daiteke jendaurrean edo argazkian, edo pinoa egiten peto bakero bat jantzita lokatz artean. Ez zait piperrik inporta idazle gisa juzgatzeko edo baloratzeko.
    Txepel bat txepela dela esatean, frogatutzat dut (neurekiko behintzat) txepela dela, eta beraz, ez du interesik niretzat bere itxurak, bere erakarmen handiena hor lantzen badu ere.
    Bach eta Mozarten ileordeak interesgarriak dira, edo Leonardoren bizarra, edo Quevedoren betaurrekoak. Baina Bachek bizarra, Leonardok betaurrekoak, eta Quevedok ileordea eramango balute, edo denak pinoa egingo balute lokatzetan… sortzaile horietaz dudan kuttuntasuna berdin-berdina litzateke, sister.

  • Sinetsidazu, Port, Bach, bere garaian, bere ile-orde, peluka, txorrera, lepoko, malla, urrezko brodatu, faja eta halakoekin ibiliko zen, ez beti eroso portzierto, zergatik eta apaingarriok eliteko musikari izateko eta palaziotan onartua izateko ezinbesteko peaje zirelako. Banaliza ezazu zeuk berak eginiko ahalegina, nekosoa gehienetan, gutxietsi ezazu, oraingo modak ordukoak baina txoroagoak balira bezala. Ez omen dakizu nolakoa zen, nola janzten zen (lasai, ez du penarik hartuko), baina hark lan handiak izango zituen garaian, hain justu musikari batek ezin zuelako, orduan ere ez, arrunta izan. Arrunkeria beti izan da txarra artisten begietara.
    Marina:
    David Bowieren adibidea oso ona iruditzen zait, eta hain justu horretaz ari naiz, geure herriko sortzaileok daukagun sinesgarritasun faltaz alegia, daukagun itxura arruntaz, irudimenik gabeaz. Eta, ongi diozu, bada halako diktadura sozial bat, ez bakarrik artean, zeinak denoi behartzen gaituen igual izatera.
    Erraza litzateke pentsatzea geure kulturaren inbisibilitateak (porrotan azken batean) ez daukala honekin lotura zuzenik. Eta agian ez da honengatik bakarrik, baina badu eragina, eta ez txikia. Gizarte sektore baten arrakasta beti dago sektore horren irudiarekin lotuta, eta ez naiz logika hori azaltzen luzatuko, denbora galtzea baita. Sektore denek, salbuespenik gabe, dirutzak inbertitzen dituzte euren irudiarekiko kezkak bultzatuta. Geure kultura sektoreak ez du sekula ere arrakasta izango hori aintzat (behar bezala) hartzen ez badu. Eta hori (behar bezala) aintzat hartzeko, noski, askatasun giro bat egon behar du. Eta Marinak ongi dionez, ez dago. Eta ez dagoenez, estandarirazio bat gertatzen da, kanpotik begira seko aspergarria.
    Faktore asko egon litezke hau guztia azaltzeko, eta agian, hemen eztabaidatu baino, tesi bat egin beharko luke estudianteren batek. Merezi luke.

  • Gari:
    Ados nago esaten duzunarekin. Badugu, bai, obsesioa honekin. Behin baino gehiagotan hitz egin dugu, eta urteotan ez dira gauzak sobera aldatu. Behar bada okertu ere egin dira. Halako batean kexuka agertzen gara, gero isiltasunera itzultzen gara berriz, geure lanean diskretu samar, eta, halako batean, danba, berriro agertzen gara matxino. Zerbait lortuko ahal dugu libelo txiki hauekin? Ez dut uste. Baina utz diezagutela behintzat geure ezinegona azaltzen!

  • Lander. Esan duzu “geure kultura sektoreak ez du sekula ere arrakasta izango hori aintzat (behar bezala) hartzen ez badu.”. Beno, nik alderantzizko gogoeta egiten dut: arrakasta izateko hori aintzat hartu behar duen kultura batek merezi al du arrakastarik.
    Behar al zuen Lizardik edo Laboak bere irudiari buruzko horrelako gogoetarik? Ez. Oso onak ziren. Kitto.
    Eta, aizu, Bach bere peluka eta lebitarekin jantziko zen ez zuk diozun bezala “hain justu musikari batek ezin zuelako, orduan ere ez, arrunta izan”, baizik eta justu-justu alderantziz, arrunta zuelako. Garai hartako langile/enplegatu bat besterik ez zen Bach, enplegatu arrunta, eta halaxe jazten zen. Divo estrafalario bezala jantzi izan balitz edo zaku hutsekin, ez zituen obra hobeak egingo, eta niri ez litzaidake gehiago interesatuko bere lana.