Idazleak eta sariak

 

Artearen Espainiako Sari Nazionala jasotzeari uko egin zion Santiago Sierra artista madrildarrak iaz. Guztiok pentsatzen duguna esan zuen ukoa argudiatzeko tenorean: arteak ez lukeela boterearen menpe egon behar. Artistak ez lukeela morroi izan behar, alegia. Sierraren kasua berezia izan zen bere koherentziagatik. Ahanzten hasiak ginen hitzen eta ekintzen artean halako elkar ulertzerik izan zitekeela. Geurean, adibidez, idazleek sari hori sarri jaso izan dute, nahiz eta boterearen aurkako izan. Pentsatzen jarrita, eta barkatzen hasita, egia da gure kasua ezberdina dela. Zaila da itzalpean bizi denari itzalpean segi dezan eskatzea. Argi printza bat ikusi orduko, saltoka leizetik kanpora egin zuten Atxagak, Elorriagak, Uribek eta Lertxundik. Lan-baldintza penagarrietan ziharduten. Eta, halako batean, horra non azaldu zitzaien esku bat argitik ilunpera. Noren eskua ote zen gutxieneko kontua zen. Lehenik ogia, gero printzipioak. Kritikak geziak bezala iritsi zitzaizkien, eta gehientsuenak, seguruen, makurrak izango ziren. Soldata ederreko funtzionario asko dabil inguruotan moral ikasgaiak ematen. Hori guztia esanda, nago ez ote garen norabidez okertu. Izan ere, gu laguntzearren azaldutako esku hura sasi-eskua baino ez zen. Orain esku bat daukagu, eta zeinena den eztabaidatzen ematen ditugu orduak, literaturaz ahaztuta, eta gure herriaz ahaztuta. Ikus dezagun nolakoa zen gure literatura, bere izaera erresistentea, eta zer den gaur: erretiroa hartutako espazio- ontzi baten gisakoa, denek ikusi baino inork pilotatu nahi ez duena. Erabili ezin den objektu bitxia. Erakutsi dugu ez garela horren gaiztoak, badakigula gorbata janzten eta palazioetan ibiltzen izkinetan txizik egin gabe, baina arteak basa behar du, eta guk jada ez dakigu hori zer den.

literatura, sariak
Lander Garro

GURE ETXEKO KONTUAK