Idazleak eta karramarroak

   images.jpg

Gaur ospatzen dugu Sautrela, gure literatura telesaioan, berrehungarren atalera iritsi izana. Barkatuko didazue, behingoagatik, geure lanaren ingurukoak zutabe honetan aipatzea. Izan ere, mundua eta telebista dauden bezala egonda, ez baita gauza ohikoa hain luze irautea. Gainera, badirudi, beste puska baterako ere gaudela hemen, baldin eta babesle eta telebistako agintarien hitzak ez badira gertatzen ustel. Ez bedi hala izan.
1999an hasi ginen, hamahiru atal egin asmoz, eta handik hona Abiadura Handiko Trenean sartuta joan zaigu denbora. Esan nahi baita, asteroko gure telebista hitzorduaren kadentziaren arabera joan zaigula bizimodua. Gurera ekarri ditugun liburu eta idazleek markatu digutela, nolabait, existentzia.
Ez nuke asmatuko zenbat idazle ezagutu dugun asmatzen. 300? 500? 600? Auskalo. Tartean joan dira Nobel Saridunak eta nazioarteko izen handidunak, baina bereziki geure literaturari behatu diogu guk, euskaraz egiten denari, eta hala, geure idazle handi eta txikiak hurbiltzen saiatu gara geure leihotik.
Liburuak ere ehunka eta milaka izan ditugu inguruan bueltaka denbora honetan guztian, erleak balira bezala, bakoitza bere zatara berezkoarekin. Eta irakurri ditugu liburu eder askoak eta baita zabor hutsa direnak ere. Obra kontsagratuak eta opera primak. Denetarik. Batzuk azkar irakurri ditugu, pasatu beharreko tramite baten antzera, baina beste batzuetan bare joan gara, hizki eta lerro bakoitzaren atsegina dastatuz.
Mundu ezberdinen oihartzunak bizi izan ditugu, gizakiari buruzko mila begirada ezagutu. Konprenitu dugu dibertsitate hitzak zer esan nahi duen, adskripzio ezberdinen lurrunak ezagutzen ikasi dugu eta liluratu egin gara sarritan, oso sarritan, idazleek karramarroekin zein antza duten egiaztatu dugunean. Bai, idazlea, karramarroa bezala, denboraren iragaitearekin, ez da sartzen bere oskolaren barruan eta aldatu egin behar izaten du. Horretarako idazten du liburua, bizitzari hobeto prestaturik egiteko aurre. Eta karramarroa karramarro den bezala, bera idazle da gainerako gauza guztien gainetik.
Baina, ai, karramarroaren antzera, akiturik eta edozein erasoren aukeran geratzen da idazlea liburu bat plazaratzen duen bakoitzean. Ahul eta bigun geratzen da, mundu guztiko gaiztakerien menpe eta batere babesik gabe. Denbora beharko du egin duen oskol berria gogor dakion eta haren babesean senti dadin segur. Edo antzeko zerbait.
Gaur, plazer baduzue, 200garren saioa ikusteko aukera dago pantailan. Bertan, ordubetean zehar,  sei idazle aurkituko dituzue euren ofizio eta industriari buruz hizketan. Ezagutuko dituzue letrek gaur eta hemen dituzten ajeetako batzuk. Entzungo duzue, esaterako, apenas dagoela irakurlerik jada, eta endogamikoa dela gure literatura. Baina gauza guztien gainetik egiaztatuko duzue, izanak izan, karramarroak karramarro izaten jarraitzeaz besteko erremediorik ez daukala.

Hasier Etxeberria, El Mundo 071103

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

5 pentsamendu “Idazleak eta karramarroak”-ri buruz

  • Berrehun zorion, H.

    Ze, oraindik nor naizen jakiten tematuta?

    Ez eman hainbesteko garrantzirik izenari, motel.

    Esan nuen, horrek bost axola.

    Kevin is Love

  • Mon ami Kevin, niri bost axola nor haizen. Ez zaukat jakinminik, i’m sorry. Benetan ezin baita jakinminik ukan heuk, intrusiboki (bikain!!), bidalitako “birus bat naiz!” izeneko idatzi hartan, heuk jartzen baihuen heure helbide elektronikoa eta bidaltzailearen izena ere bai (ezkutuan, baina nik ikusi ahal izateko moduan).
    Jokoa/jolasa segitzen (eta handitzen) baizen ez nauk saiatu, inori kalterik egin gabe, denoi mesede egingo digulakoan Kevin Herediaren sonatzeak. Pena duk Ana bezalako jendea ez ohartzea horretaz —honen aurreko sarreraren iruzkinetan—, eta dena txarrera hartzea. Jende ezkor eta hiperkritikoz (al divino botón) inguratuta gatxeudek.
    Bestalde, ikusten diat, heu ere, Kevin adiskidea, pozik habilela ustegabeko gatz eta piper honekin guztiarekin. Ala ez?
    Dena den, eta inongo zalantzarik gera ez dadin, Enrique Vila-Matas lagunari (?) eginiko elkarrizketa, ez zaidak hain bikaina iruditzen, pentsatzen baitiat ez direla haren gintzaren giltz nagusiak agerian jarri erabat. Ez duk lan erraza, zenbait lerrotan halako gauza bat sartzea, baina ahalegina primerakoa duk, hori bai. Gu saiatu gintuan duela pare bat urte lan berorretan eta ez diat uste zeharo lortu genuenik. Baina ezin uka lehenago Volgako Batelariek eta lehenago guk geuk eginikoaren ubera osatzeko balio duela hireak ere. Ongi etorria, beraz, hire lana, hain espezial eta ezinbesteko bihurtu hauen hori. Baina gauzak bere lekuan: kasu!, Adantxoak ugari baitzaudek gurean. Ala ez?
    En fin, segi lanean eta, jakin ezak, desiratzen nagoela hire ijito zibernetiko usain gazte eta zoragarria berriz sentitzeko. Olé tus huevos! Ekar iezaguk lehenbailehen garrantzizko ahots berriren bat, heure doinu berrian. Nik neuk biziki eskertuko diat hori. Jakin ezak hala ere, afizioa, bokazioa eta lana, benetakoak beharko dituala ukan horretarako. Amen.
    Salutte.

  • Telebistari begira jarri nintzen larunbat eguerdian. Tentsio handiarekin ikusi nuen saioa hasierako “gauza guztien kontra egoteko idazten dut” bikain horretatik bukaeraraino. Tentsioa diodanean benetan ari naiz, tentsioa gero eta handiagoa, minutuz minutu. Tentsioa, agian, batzuetan ezer ulertzen ez nuelako ala agian bideoetako neurrigabeko “optimismoagatik” (kazetariena batez ere). Araña es a aracnófobo lo que optimismo periodístico… a realismo optimista (?) Geratzen al dira realistak bigarren mailara jaitsi zirenetik? Ja-ja (jua).

    Dena dela, gustatu zitzaidan saioa orohar eta noski, tentsio deskarga potenteak ere izan nituen zorionez barre algara moduan, nik neuk behartutakoak batzuk eta zuek besteak. Adibidez, baten batek soziopatia eta paranoiaren apologia egin zuenean eta, batez ere, beste batek “jar gaitezen buruarekin pareta jotzera” ideia proposatu zuenean.

    Azkenean, uste dut, gaiaren muinaren ideia egitea lortu nuela.
    Plato dotorea eta menua ere bai.
    Zorionak orduan!

    PD: ez nekien hau hemen jarri edo goiko postan. Akojonatuta idazten dut alua munduan.
    😉

  • Balaklaba, eskerrik asko zure hitzengatik. Lehenengoak dira, gainera. Bestalde, neuk ere akojonatuta idazten dut hemen, irakurri egiten baitu jendeak eta bertigo apur bat ematen du. Baina ez ahatzi zeure etxean zaudela hemen. Lasai, beraz: nahi duzuna, nahi duzun sarreran idatzi. Beti iristen da dianara. Hala ere, saioari buruzkoa denez, hara pasatuko dut. Sarri arte.

  • Gracias por sautrela y por aluamundua aukera on bat euskara irakurtzeko eta entzuteko, ia bakarra,…